Enpresekin zikloa itxiz

Imanol Garcia Landa 2017ko mai. 17a, 09:50
Garikoitz Eizmendi, Cadinox-en egindako aluminiozko piezarekin. ATARIA

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutua TKgune izeneko sarean dago, inguruko enpresei hainbat zerbitzu emanez; 80 proiektu inguru atera dituzte aurrera azken urteotan

«Esan daiteke TKgune sarea Lanbide Heziketaren hirugarren hanka dela, prestakuntza arautua eta ez arautuaren ondoren», esan du Iñaki Pakeak, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko zuzendariorde eta prestakuntza ez arautuko eta TKguneko arduradunak. Hezkuntza Sailetik iritsitako proposamena da, Lanbide Heziketaren laugarren planean txertatuta dagoena. Sare honen helburua da enpresekin «proiektu berritzaile eta teknologikoak» egitea. «Ikastetxeak egiten duena da bere baliabideak, bai material eta makineria zein irakasleen ezagutza, enpresen zerbitzura jarri», esan du Pakeak.

Eskualdean Tolosaldea LHI bakarrik dago sartuta TKgune sarean. Bost ingurune estrategikoetan banatuta dago sarea: automatizazioa, automozioa, energia, fabrikazioa eta industria sortzaileak. Hain justu, Tolosaldea LHI fabrikazio mekanikoan sartuta dago.

TKgunearen garrantzia nabarmendu du Pakeak: «Proiektu hauen helburua da enpresei laguntzea, hauekin harremanak sendotuz. Gure irakaslea gehiago prestatzen da, enpresetan erabiltzen diren piezak gauzatuz. Eta irakasleak garatutako baliabide horiek ikasleei transferitzen die. Beraz, ikasle hori enpresara joaten denean, jantziagoa dago enpresan egiten ari diren jardunean». TKgunea egitasmoarekin, beraz, zikloa ixten dela azaldu du Pakeak: «Gure helburu nagusia da ezagutza maila handitzea, enpresetan erabiltzen den teknologia erabiliz. Ezagutza hori ikasleei eman eta ikaslea enpresara joaten denean, enpresa horretan lanerako behar duen prestatzeko denbora murriztea lortzen dugu». Enpresaren «mundu errealarekin harreman zuzena» egiten dela gaineratu du Pakeak.

Lau bat urte daramatza Tolosaldea LHIk sartuta egitasmoan, eta guztira 80 proiektu inguru dituzte garatuta. «Garrantzitsua da enpresekin lortzen duzun harremana. Lehendik ere harremana handia dugu, ikasleak praktikak egitera joaten dira enpresetan eta gero bertan lanean geratzen dira askotan, baina proiektu honekin harreman hori sendotzen ari gara. Goraipatuko nuke ere irakaslegoaren inplikazioa», azaldu du Pakeak.

Hasiera batean Tolosaldea LHItik joaten ziren enpresetara proiektuak eskaintzera. Gaur egun batez ere enpresetatik joaten zaizkie proiektuen proposamenak egitera, «guregan konfiantza dutelako», zehaztu du Pakeak. «Enpresak gustura dauden seinale da hori. Azken finean, gu proiektu batean sartzen garenean, argi eta garbi ikusi behar dugu ondo erantzungo dugula, bestela ez gara sartzen. Eta orokorrean, emaitza oso positiboak izaten ari gara».

ZENBAIT ADIBIDE

Pakeak nabarmendu du enpresen beharrei erantzuten dien egitasmoa dela TKgune sarea. Adibide moduan jarri du Cadinox enpresarekin egindako proiektu bat. «Aluminiozko soldadurarekin zerikusia duen lan bat izan da. Aluminioan soldatzea ez da erraza pieza lodietan. Enrike Odriozola eta Silver Balerdi irakasleak egon dira ikerketa lanak egiten eta gero beraiek ateratako konklusio guzti horiek erabili dira pieza erreal bat soldatzeko. Enpresak ezin du jarri egunerokotasunean langile bat hori ikertzen, eta lan hori hemendik egin da. Enpresak goraipatu gaitu egindako lanarengatik». Garikoitz Eizmendi Tolosaldea LHIko ikasle ohia izan da Cadinox enpresan proiektuaren ardura izan duena.

Proiektu horrek ere beste eragin bat sortu du Tolosaldea LHIn. «Jorge Arevalo Lanbide Heziketako zuzendaria Cadinoxen izan zen proiektuaren berri izateko, eta hortik abiatuta lortu dugu galdaragintzan graduondoko bat eskaintzea datorren urterako», esan du Pakeak.

Beste proiektuetako bat Lemu enpresarentzat egin dutena izan da. «Makina bat zuten aurreproiektuan, fabrikatu gabe. Azoka garrantzitsu baterako simulazio bat egin genien 3Dn, bezeroek ikusi ahal izateko, eta hori ere oso ondo atera zen», esan du Pakeak.

Beste adibide bat Licar enpresarentzat egindako lana da. Pieza batentzat %20ko efizientzia energetikoa lortu behar zuen enpresak eta horretarako birdiseinatu egin behar zuen. Lan horretan Tecnalia zentro teknologikoak ere parte hartu du. «Guk diseinua egin dugu 3Dn, Teknaliak simulazioa egiten du, eta aldaketa batzuk egin behar direnean abisatzen digute», esan du Pakeak. «Hirugarren fasean gaude eta oso ondo ari gara funtzionatzen».

TKgunea Tolosaldea LHIrentzat «parte garrantzitsu» batean bihurtu dela gaineratu du Pakeak, eta eskualdeari ere «plus bat» ematen diotela dio: «Bai teknologikoki, bai enpresekin ditugun harremanak sendotuz, eta ahal dugun ekarpen guztia eginez industria mailan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!