Altzo aurrera

Ataria 2017ko maiatzaren 14a

Otaño, ezker gantxoa jotzen. Tanto politak egin ditu

Altzok 2-1 irabazi dio berriro ere Bidania-Goiatzi, eta aurrera egingo du pilotako Gipuzkoako Herriartekoan. Pilotazale multzo polita bildu da partidak ikustera. Zizurkilen aurka lehiatu beharko du Altzoko taldeak hurrengo kanporaketan.

Bidaniako frontoian jokatu dira partidak larunbat arratsaldean, 18:00etan hasita. Kadete mailan, Iker Zubeldia eta Pello Olano altzotarrak 22-12 irabazi diete Otaño-Elola bidania-goiaztarrei; joaneko partida ere altzotarrek irabazi zuten eta, orduan bezala, markagailuak azaltzen duena baino partida lehiatuagoa izan da. Olano nagusitu da atzeko koadroetan eta min handia egin du Zubeldiak sakeraekin. Oso txalotuak izan dira Otaño aurrelari herritarraren tanto politak.

Jubenil mailako partida ere, ekitaldiko bigarrena, altzotarrentzat izan da. Ander Zubeldia eta Enaitz Aizpitartek 22 eta 6 irabazi diete Agirretxe-Zinkunegiri. Altzotarrek berretsi egin dute joaneko partidan erakutsitako nagusitasuna. Pilotari luzeak dira bi altzotarrak eta nahikoa erraz autsi dute partida.

Kanporaketa guztiz erabakita zegoela, Altzo sailkatuta eta Bidania-Goiatz kanporatua,  jokatu da nagusi mailako partida. Maila honetan, bidania-goiaztarrak gailendu dira berriro. Senperena-Galarragak  22 eta 9 irabazi diete Murua-Mujikari. Bidaniarrek, beren esperientzia inposatu dute, eta behin batean ondo ikasia ez zaiela ahaztu erakutsi.

Altzo izango da, beraz, Tolosaldeko bi herri hauen artetik aurrera egingo duena. Ez du urrutikoa hurrengo aurkaria, eskualdeko beste herri bat baitu: Zizurkil.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!