Ez, ez da urdina

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mai. 14a, 11:53

Bost mila termino eta esapide baino gehiago omen daude izendatzeko, eta akaso horrek ere elkarrizketa intimoenetara zokoratu izan du bere benetako izena: hilekoa. Literatura unibertsala termometro gisa baliatuz, 1962. urtera bitarte ez zuen inork, sekula, hilekoaren izena literalki obra batean aipatu. Inork ez, Doris Lessing The Golden Notebook (Urrezko koadernoa) eleberriarekin iritsi zen arte, emakumeen sexualitatea eta egoera soziala mahai gainean jarri nahian: «Niretzat, hilekoa izatea erregulartasunez errepikatzen den egoera emozional batean sartzea da, besterik ez, eta ez du inolako garrantzirik. Baina, badakit odola hitza idazterakoan, hitz horrek esanahi desegoki bat hartuko duela, baita niretzat ere».

Odola. Odola eta endometrioa askatzen ditu emakumeen gorputzak, obulua ernaltzen ez den aldiro; hori da hilekoa, besterik ez. Prozesu fisiologiko horrek, ordea, motxila pisutsua du bizkar gainean, aurreiritzi, sineste eta tabuz beterik: XXI. mendean, hilekoa izatea estigma bat da, oraindik, munduko emakume askoren bizitzatan.

Izaskun Artola (Tolosa, 1990) ginekologoa da, eta tabuaz harago jarri du begirada: «Hilekoa tabu bat da askotan, bai norberarentzat, bai ingurukoentzat. Tabu bat izateaz gain, ordea, patologizatutako prozesu fisiologikoa dela uste dut, eta ez dugu hori egin behar: hilekoa ez da gaixotasun bat».

Likido urdinak hartzen du odol gorriaren lekua, telebistako iragarkietan, eta hazi egiten da estigmaren motxila. «Konpresa eta tanpoien iragarkiak behin eta berriro emititzen dituzte, hilekoa merkantilizatuz, eta bere alderdi estetikoa nabarmenduz», dio Izaskun Artolak. Gorria urdintzearen urdintzez, horrela, nazka normalizatutako sentsazio bat da, gaur egun, hilekoaren jarioaren aurrean.

TOLOSALDEKO ATARIA-k inkesta bat sortu eta zabaldu du, sare sozialetan, erreportaje honen harira, eta 98 pertsonak modu anonimoan eman dute iritzia, hilekoaren inguruan. Horietatik %80,6 izan dira emakumeak, eta %19,4 gizonak. Bada, hilekoaren odolak nazkarik eragiten ote dien galdetuta, parte hartzaileen %13,3k onartu dute baietz, hilekoaren jarioak deserosotasunen bat sortzen diela. Aldiz, konpresak edo tanpoiak erosterakoan lotsa sentitzen dutenen kopurua baxuagoa da: %2. «Gazteagotan bai, baina orain ez» dio zenbaitek eta, beste batek, berriz, ohitura faltari jarri dio fokua, lotsa azaltzeko.

Bizitzaren zikloa edo marjinazioa?

98 herritarrek hilekoaren inguruan erantzundakoak iritzi orientagarriak baino ez dira, eskualde inguruko joerak irudikatzeko. Zenbaki baxuegia baita 98a, munduko 7.000 milioi biztanleko kopuruaren alboan. Gainera, eskualdean baino handiagoa da, oro har, nazioartean hilekoaren inguruan zabaldutako mito, sineste eta tradizioen zerrenda.

Iranen, esaterako, emakumeen %48k uste dute hilekoa gaixotasuna dela eta, bide beretik, Asia hego-ekialdeko hiru emakumetik batek, ez du ezertxo ere jakiten hilekoaz, lehen aldia iritsi arte. Saharaz hegoaldeko Afrikan, berriz, emakume gazteek bost egunez huts egiten dute eskolan, hilekoa duten egunetan. Eta, ziur aski, Nepalgo kasua izango da muturrekoenetako bat: Chhaupaudi izeneko tradizioari men eginez, hilekoa duten emakumeak beren bizilekuetatik baztertzen dituzte, ukuilu eta txabolatan itxialdiak egin ditzaten. Komunitate horietan emakumeen zikloa kontu lizuntzat dute, eta asko janaririk, ur garbirik eta ia oxigenorik gabe bizitzen dira egun horietan; baztertzeen gordinak eraginda, emakume nepaldar zenbaitek bizitza galdu izan du hilekoa izateagatik.

Kontuan hartuz gero, hilero-hilero, hilekoa 2.000 milioi emakumeren egunerokoaren zati dela, posible da hilekoaren estigma, emakume eta gizonen arteko parekidetasunera bidean, gainditu beharreko langarik handienetako bat izatea.

Hain zuzen horra iristeko sortu zuen, Idita Gupta indiarrak, Menstrupedia proiektua (www.menstrupedia.com). Txiki-txikitatik hilekoa izatea lotsagarria zela sinestarazi ziotenez, argitalpen pedagogiko bat prestatzen hasi zen, 2013an, hilekoak ez ditzan emakume indiarrak gizartetik baztertu. Komiki forman, nerabe indiarrei begirako argitalpena da Menstrupedia 75 eskolak, gobernuz kanpoko 25 erakundek eta 70.000 emakume gaztek erabili dute han, eta jada hainbat hizkuntzatara itzuli dute lana.

Tabuen aurkako pedagogia-olatu horretan, gainera, 2014an ospatu zuten, lehen aldiz, Hileko Higienearen Nazioarteko Eguna. Estreinako aldi hartan 130 erakundek sustatutako sentsibilizazio eguna izan zen, hilekoa normalizatu eta emakume askoren bizi kalitatea hobetze aldera. Gaur egun, 230 inguru dira efemeridearekin bat egiten duten nazioarteko erakunde eta eragileak; datorren maiatzaren 28an izango da aurtengoa.

Izanen izenak, ezkutuan

Urruneko kultura eta kontuak diruditenak, bizi-bizirik egon daitezke uste baino gertuago: Euskal Herrian ere agerikoa da, hilekoaren inguruko informazio eta normaltasun falta.

Izaskun Artola ginekologoaren ustez, «desinformazio handia» dago: «Ez digute erakutsi zer den normala eta zer ez, eta norberak bere esperientziaren arabera garatzen du bere gorputzaren ezagutza; baina askotan ez da nahikoa izaten». Horren harira, hezkuntzak auzi horretan duen garrantzia izan du hizpide: «Eskoletan ez da gaia lantzen, eta emakumeekin bezainbeste landu beharko litzateke gizonekin ere, sozialki guzti-guztiok ukitzen gaituen gaia baita hilekoa, bai lantokian, bai familian, bai bikotean,...». Artolarekin bat dator Aintzane Sarasola (Tolosa, 1994) farmazialaria ere: «Oro har, ezjakintasunean bizi garela uste dut, hilekoaren inguruko hainbat gairekin».

Informazio falta egon liteke mito eta sinesteei lotuta, baina baita kontu praktikoagoekin erlazionatuta ere. TOLOSALDEKO ATARIA-k zabaldutako inkestak dismenorreari nahiz endometriosiari buruz galdetu zien parte hartzaileei. Bada, %68,4k ez dute dismenorrea ezagutzen ez, behintzat, izen horrekin, eta %63,3ak ez du endometriosia ezagutzen. Pentsa liteke bi termino horien desezagutza dutenak gizonezkoak direla, batez ere; zenbakiei erreparatuz gero, ordea, inkestako parte hartzaileen %80 dira emakumeak.

Dismenorrea deitzen zaio, hilekoaren aurretik nahiz hilekoaren egunetan emakumeek sabel inguruan edo inguru pelbikoan izan ohi duten min indartsuari. 24 ordu irauten du gutxi gorabehera eta, datuen arabera, hiru emakumetik batek izan ohi du hileko mingarria. Endometriosia, berriz, patologiatzat hartzen dute adituek: endometrioko zuntzak umetokitik kanpo daudenean sortzen da. Dismenorrea edo sabeleko min indartsua izan ohi da endometriosia duten emakumeen sintomarik nabarmenena, eta hainbat gradutan neur daiteke, endometriosiaren izaera.

Lainoen usaina, kirats

Hilekoaren inguruko desinformazioaren desertu zabalean, hondar ale bat da norbere gorputzean gertatzen denaren izenik ez ezagutzea. Beste ale bat litzateke, ordea, higiene metodoen inguruko ezjakintasuna. Inkesta erantzun dutenen gizon zein emakume %93,9k ezagutzen dituzte konpresak eta tanpoiak, eta %83,7k ere badute kopa menstrualaren berri. Oihalezko konpresak %31,6k ezagutzen dituzte, eta parte hartzaileen %11,2k badaki, zenbait emakumek, beren odol jarioa kontrolatzen dutela.

Ezagutzea eta erabiltzea ez dira gauza bera, ordea, eta zein higiene metodo erabiltzen ote duten ere galdetu zien inkestak, emakumeei. Bada, ezagutzaren joerak mantentzen dira: konpresaren alde egiten dute gehienek (%71,9), eta tanpoia ere askok erabiltzen dute (%63,4). Emakume parte hartzaileen artean kopa menstruala da hirugarren metodo erabiliena (%30,4), eta soilik %1,2k baliatzen dituzte oihalezko konpresak eta jarioaren autokontrola.

Baina, ziurra al da %93 horiek behar bezala ezagutzen dituztela konpresak eta tanpoiak? Aintzane Sarasola farmazialaria ezezkoan dago: «Uste dut jende gutxik ezagutzen dituela produktu horiek sor ditzaketen kalteak». Kalteak, azken aldian gero eta ozenagoak baitira, konpresa nahiz tanpoi komertzialenek dituzten substantzia toxikoen aurkako ahotsak. Sarasolak zehatz-mehatz azaldu du konposizioa: «Zelulosaz eginik daude, zuntz sintetikoz, eta substantzia horrek erreakzio alergikoak edo narritadura sor ditzake. Gainera, zenbait konpresa eta tanpoik perfumeak eta odorfresh sistemak izaten dituzte; horrek narritadura areagotu egiten du. Tanpoien kasuan, beren mekanismoa xurgatzea denez, baginako hidratazio maila murrizten dute, lehortasuna sortuz. Eta, ohikoa ez den arren, zelulosak shock toxikoaren gaixotasun larria ere eragin dezake».

Bide horretan, Sarasolaren iritziz, erreakzio alergikoez harago doa kaltea: «Dioxina da konposatuetako bat, eta hori konpresa eta tanpoietako kotoia zuritzeko erabiltzen da. Substantzia toxikoa da, eta inmunitate-, hormona- nahiz ugalketa-sisteman eragin dezake. Eta, ezin esan gabe utzi, dioxina kantzerigenoa dela. Azkenik, aipatzekoa da asbestoak dituela: mineral talde batetik dator, eta hemorragia ugaritzen du».

'Vintage'-aren ederra

Gero eta gehiago dira hilekoa duten egunetan bestelako higiene-bideak baliatzen dituzten emakumeak, eta inkesta da horren erakusle: gorantz doa koparen erabilera.

Kontu berria dirudien arren, kopa menstrualaren jatorria XX. mende hasierakoa da. Leona W. Chalmers estatubatuarrak koparen patentea erregistratu zuen 1930eko hamarkadan eta, garai hartan, kautxu bulkanizatuz eginikoa zen. Antza denez, produktuak zabalkunde handia izan zuen, baina, urte gutxiren buruan, Earle Hass doktoreak Tampax izeneko enpresa bat sortu zuen.

Orduan iritsi zen kopa menstrualaren negu luzea, 1963an kopak ekoizteari utzi zioten arte. Ordea, 1987an, latexezko kopa berrerabilgarria sortu zuten, bi neurritan, eta gertakari hark bide eman zion, 2000. urtean, silikonazko lehen kopari.

Finean, kopa menstruala enbutu formako edukiontzi txikia da eta, baginan txertatuz gero, hilekoaren jarioa biltzen du, xurgatu beharrean. «Hainbat establezimendutan saltzen dituzte, eta baita internet bidez ere, baina sarekoak badu arriskuren bat: imitazioak izan daitezke», dio Aintzane Sarasolak. Horrela, beraz, farmazietara jotzea gomendatzen du: «%100 material medikoz eginda daude, eta segurtasun osoa dute bezeroek». Botikan lanean aritzen da eta, salmahaiak eskaintzen dion ikuspegitik, Sarasolak dio gero eta jende gehiagok jotzen duela koparen bila eta, bide horretan, argi du bere gomendioa: «Oso-oso gomendagarria da, ekologikoa izateaz gain, erosoa, ezartzeko erraza, segurua eta ekonomikoa delako». Izaskun Artola ginekologoak ere begi onez ikusten du koparen erabilera: «Norberak erosoena zaion metodoa aukeratu behar du, baina, nire ustez, kopa metodo egokiagoa izateaz gain, erabilera koherenteagoa du ingurumenari begira».

Hamabitik lau

Jarioa eta higienea uztartzeko metodoren bat aukeratu beharrean, badira odolaren jarioa kontrolatzen duten emakumeak. Gorputzaren ezagutzan sakontzea eskatzen du, noski, eta zoru pelbikoa lantzea da gakoetako bat. Baina, odol-jarioa kontrolatu beharrean, jarioa hilabete batzuz desagertuko balitz? Gaur egun posible da, lau hilekoen pilula antikontzeptiboarekin.

AEBetan nahiz Europako zenbait estatutan urteak daramatza merkatuan, eta Espainian duela hilabete gutxi baimendu dute haren salmenta, Seasonique izenpean. 91 egunetan jarraian hartu beharreko tratamendua da, eta 84 pilula arrosa eta 7 txuri ditu. Aintzane Sarasolak azaldu duenez, 7 egun horietan izaten da hilekoa, eta hurrengo egunean, berriro hasi behar izaten da pilula arrosekin. Alegia, hiru hilean behin bakarrik izaten da odol jarioa; urtean lautan. Emakume askok beren egunerokoa errazteko aukera bat ikusi dute eta, kontrara, gorputzaren ziklo naturalak etetea gogor arbuiatu dute beste hainbatek.



Adituei hitza emanez, Izaskun Artola eta Aintzane Sarasola bat datoz, lau hilekoen pilula gainerako pilula antikontzeptiboen parean jartzerakoan: «Gainerako antikontzeptibo hormonalen antzekoa da eta, funtsean, ez da besteak baino kaltegarriagoa», diote. Izan ere, «pilula antikontzeptiboak hartzean sortzen den odol jarioa emakumeen lasaitasunerako asmakizun bat besterik ez da», Artolaren arabera: «Isurtzen den jario hori ez da hileko estandarra izaten, estrogeno depribazio batek eragindako odol galera baizik».

Bide horretan, Sarasolak ez luke, oro har, pilula antikontzeptiborik gomendatuko: «Hormonak askatzen dituzte eta, ondorioz, organismoan aldaketa hormonalak eragin, onurak edo kalteak sortuz. Antikontzeptibo hormonalek obulutegietako minbizia saihesten lagun dezakete, baina, aldi berean, bularreko minbizia izateko arriskua handitzen dute. Arrazionalizatu egin behar da antikontzeptibo hormonalen erabilera eta, adibidez, osasun arazoren bat tratatzeko errezetatu. Gaur egun erraztasun handiarekin errezetatzen dira antikontzeptibo horiek eta, gehienetan, eragin antisorgailua sortzeko besterik ez dira erabiltzen, kalteak kontuan hartu gabe».

Inkestan parte hartu duten 98 gizon-emakumeen artean iritzi kontrajarriak sortu ditu honako galderak: «Lau hilekoen pilula hartuko zenuke edo zure inguruko emakumeek hartzea begi onez ikusiko zenuke?». Gehiengoak ezezko aukeraren alde egin du (%68,4) ziklo naturalen aurkako metodoak arbuiatuz, eta hormonen gorabeherak kaltegarritzat joz. Aldiz, %31,6k baiezko aukeran egin dute klik, argudiatuz pilulak izan litezkeela aukera bat, zenbait emakumeren sufrimendua murrizteko.

Sufrimendua, mina eta ondoeza eskutik joan ohi dira, hilero, hainbat emakumeren zikloetan. Horregatik iritsi da gaia, plaza politikora; zehazki, Italiako parlamentura: emakumeek lantokian baja hartu ahal izatea eskatu dute, hilekoak eragindako minagatik. Polemika sortu du, ustez emakumeen askapenerako neurria litzatekeenak, emakumeen kontratazio baxuagoa sustatuko duelakoan. Eskaera onartzeak, gainera, Izaskun Artola ginekologoak aipaturiko patologizazio oker hori areagotuko luke, akaso.

Vivaldiren erritmora

Hilekoa baliabide eta energia biltoki bat da, sabeleko min izugarriez gain, eta bada ziklo menstruala lau urtaroekin alderatzen duenik. Miranda Grayren Red Moon (Ilargi gorria) liburua alderaketa horren eredu ezagunenetakoa da, eta norbere hilabetea antolatzeko gakoak eskaintzen ditu, hilekoak gorputz eta buruan eragiten dituen aldaketen arabera.

Adibidez, hilekoa izan eta hurrengo astea udaberria litzateke, eraberritzeagatik eta indar fisiko handiagoagatik: garai dinamikoa. Grayren arabera, proiektu berriei ekiteko garairik onena izan ohi da. Hurrengo astean letorke uda, obulazio garaiarekin bat eginez: garai espresiboa, lagunkoia eta enpatikoa, autorearen arabera. Udazkena litzateke hurrengo aroa, noski, eta hostoen erortzearekin parekatzen du Grayk, hilekoaren aurreko garaia. Energia fisikoa ahultzen joaten da, eta barrura begira jarri ohi da emakumeen gogoa. Hala ere, Miranda Grayk egoera iraultzea proposatzen die irakurleei, udazkena sormenera eta askapenera bideratuz. Azkenik, negura iristen da zikloa, hilekoarekin. Ziklo amaiera guztietan bezala, gorputzarenean ere aztertu, ebaluatu eta hausnartu egin behar da Grayren arabera, norbere buruarentzat garrantzitsua den horretara lotuz.

Enbor bakarrak hainbeste adar dituela ikusita, zalantzarik ez da: hilean behin baginatik isurtzen den odol eta substantzia jariotik harago doa hilekoa. Harago doa, emakume askoren giza eskubideak zanpatzeko arrazoia delako. Eta hilekoen erritmoa publizitateak markatzen duelako, gorputzak markatu beharrean. Harago doa, Fu Yuanhui igerilari txinatarrak olinpiar jokoetan hilekoa duela aipatzeak, nazioarteko lerroburuak betetzen dituelako. Edo Instagram sare sozialak hilekoaren odola zentsuratzen duelako.

Xalbadorrek esana da, egungo balentriak ez duela, betiko, odolaren mintzoa isilaraziko. Bertsolaria ez zen, ez, hilekoaz ari, baina aldaketaren leihoa zabaltzeko ezin egokiagoak dira baxenabartarraren hitzak. Oraingoz, leihoak badu zirrikitu txiki bat, inkestari begiratuz gero: parte hartzaileen %92k uste dute, «hilekoa gai natural moduan tratatu behar dela, tabu izaera kenduz, eta eragiten digun shocka desagerraraziz».

 

OKERREKO SINESTEAK

Tanpoiak himena puskatzen du, birjintasuna galduaraziz (AEB)

Hilekoarekin bagina garbituz gero, antzu geratzeko arriskua dago (Afganistan)

Emakumeek ezin dute sushia prestatu, hilekoak dastamena distortsionatzen dielako (Japon)

Hilekoarekin ogia labean eginez gero, orea edo masa ez da behar bezala puzten (Erresuma Batua)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!