Karidadeko Bentak talde bezala badu arma bat: ziria sartu eta umorea erabiltzeko abilidadea. Hasiera-hasieratik baliatu zituzten larunbateko saioan eta agur puntuagarrian kantu herrikoiak nahiz Raphael kantari espainiarrarenak tartekatuz, argi adierazi zuten Imanol kantariaren doinuan: «Karidadeko Bentako hiru, Urrakin gora bertsoan, gu ailegatuko gara, lau haizetara, lau haizetara, lau haizetara, Alegiatik Azpeitira».
Hasierako agur puntuagarrian bezala, taldekako gainerako lanetan ere bete-betean asmatu zuen Karidadeko Bentak: Abel Barriola pertsonaia ezkutua asmatzeko ariketan edota kartzelakoan, adibidez. Larunbateko saioa grabatzen ari ziren kamerarien paperean, gertuko erreferentziak erabili zituzten, euren buruaz, azpeitiarrez, eta oro har, publikoan zegoen jendearekin barre egiteko.
«Hasieratik eroso sentitu naiz eta nahiz eta oinekin osatu beharreko ariketa horri nion beldurrik gehien ondoena horretan moldatu naiz», esan zuen saioaren bukaeran Joseba Otaegik. Oinak emanda Habaneran eta bederatzi puntukoan zizurkildarrak osatu zituen bi bertsoak izan ziren arratsaldeko txalotuenak.
Puntuak erantzunez eta zortziko txikian Beñat Lizasorekin jardun zuen Haritz Mujikak. Asteasuarraren ustez, euren lana «txukun» egin zuten larunbateko saioan «hobeto egin genezakeen baina okerrago ere bai, txapelketako beste saioetan ni pertsonalki, aho zapore hobearekin geratu izan naiz».
Unai Mendizabalek Jokin Urangarekin batera jardun zuen hamarreko txikian rolak emanda. Poliziaren tokian jartzea egokitu zitzaion zizurkildarrari, parean zuen Uranga manifestariarekin aurrez aurre. Azpeitiarrak emandako arrazoi borobilei umorez buelta ematea lortu zuen Mendizabalek. Eta berdin, bakarkakoan, semeari whatsappez mezua bidali dioten mezuarekin kezkatuta dagoen aitaren paperean, detaileak eman eta zintzo, kontraesanak mahai-gaineratuz.
«Hirurak ere ez gaude ohituta jende askoren aurrean kantatzen eta hori izango da enigma nagusia», esan zuen Mendizabalek. Txukun entrenatu eta finala bitartean lanean segitzeko konpromisoa hartu du taldeak.
Hona hemen, Karidadeko Bentak taldeka egin zituen ariketen bilduma ikusgai: