Berastegiko eta Amarozko inguruak ezagutzeko aukera

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 10a, 12:16
Berastegiko ibilaldiko artxiboko irudia.

XXV. Berastegiko Ibilaldia egingo dute igandean, hilak 14, eta Araxesko XIII. Itzulia maiatzaren 21ean izango da; Araxesko Itzulian, aurten, ibilbidea aldatu dute.

Udaberriarekin batera mendi ibilaldien loraldia izaten da eta aurten ere hasi dira inguruko parajeak ezagutzeko aukera ematen duten ekitaldiak. Berastegiko Ibilaldia 25. aldiz egingo dute aurten eta maiatzaren 14an izango da. Herria inguratuko dute, guztira 30 kilometro eginaz. Plazatik abiatuko dira, 07:00etan, eta Aiztun auzotik gora eginda Lartera igoko dira lehenik. Bokete, Uli eta Ulizar ere igoko dituzte, eta beheruntz, Urto pasako dute. Plazaola aldera joango dira gero, Erregeneko borda pasa eta Ipuliñora igoz. Gorosmenditik San Lorentzo ermita ikusiz mugara jaitsita bukatuko dute ibilaldia, plazan. Zortzi bat orduko ibilaldia da.

Izena irteera gunean eman behar da, egunean bertan 6 euro ordainduta, eta parte hartzaileek ibilaldian zehar jartzen diren kontroletatik pasa behar dute derrigor. Ibilaldia amaitzean babesleek eskainitako produktuak zozkatuko dituzte.

AMAROTZ

Araxesko Itzulia bi urtez behin egiten dute. Antolatzaileek esan dutenez, edizioz edizio hobetzen saiatzen dira eta horregatik, aurtengoan, ibilbidea zertxobait aldatzea erabaki dute. XIII. edizio honetan Azkarate eta Atallo bitarteko errepide zatia kendu eta mendiz egitea adostu dute.

Araxesko Itzulia maiatzaren 21ean egingo dute eta 42 kilometro egin beharko dira. Hamar bat orduko ibilbidea prestatu dute eta izena egunean bertan edo zirkuitua.com webgunean egin daiteke. Martxa 07:00etan hasiko dira Amarotzetik.

Aurreko edizioetan bezala, aurtengoan ere, Euskal Mendi Federazioko iraupen luzeko martxen zirkuituaren barruan sartu dute Araxesko Itzulia.

Amarotzetik irtenda, Olalun, Altzo, Otsabio, Añi, Zarate Azkarate, Arribe, Santa Barbara, Musaio, Ulizar, Uli, Gaztelu eta Leaburu pasako dituzte parte hartzaileek. Bukaera Amarotzen izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!