"Ez dugu onartzen gure osasunarekin jolastea"

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 9a, 10:17

Bihar inauguratuko dituzte ofizialki, Zubietako errauste planta eraikitzeko lanak, lehen harria jarriz. Horren aurrean, Zizurkil eta Villabona arteko Zubimusun eta Ibarrako plazan erraustegiaren kontrako elkarretaratzeak egin zituzten atzo

Ander Otaño Aiztondo Erraustegiaren Kontrako Plataformako kidearen hitzetan, "horrelako egiturek sortzen dituzten kalteekin kezkatuta" daudelako egin zuten protesta atzo. "Gipuzkoako herri askotan bildu gara gure kezkak kaleratzeko eta zentzu horretan gaurko eguna positiboa da. Gure osasuna eta lurra erasotuak izan dira. Guk kerik gabeko mundua nahi dugu", gaineratu du.

Otañoren ustez, errauste planta bezalako azpiegiturak "ez ditugu behar", eta alternatiba badagoela uste du: "Ikusi da alternatiba badagoela, baina birziklapenari, atez atekoari eta berrerabilpenari bizkarra eman zaio eta makroproiektu honen alde egin da. Argi ikusi dugu hainbat pertsonak onura ekonomikoa lortzeko, gure osasuna jartzen dutela jokoan. Kezkagarria da".

Aiztondoko plataformako kideak esan duenez, maiatzaren 27an Zubietan egingo den Erraustegiaren Kontrako Egunarekin bat egiten dute, eta herri mailan ere hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, aurrerago zehaztuko badituzte ere. Era berean, plataformarekin bat egin nahi duten herritarrei 15 egunetik behin egiten dituzten bileretara gerturatzeko eskatu diete.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!