"1977an, Euskal Herriak bizi zuen egoeraren aurrean, eta hainbat urtez, gatazka politiko batean murgilduta egon ondoren, Ezker Abertzaleak, fase hori ixteko eta beste fase berri batean murgiltzeko beharra zegoela ikusi zuen." Horrela ekin dio, gaur, Lurdes Etxeberria Tolosaldeako Ezker Abertzaleko kideak, Anoetako auditorioan egin duten agerraldian.
Bertan adierazi duenez, "amnistiaren aldeko aldarriak, itzelezko sostengua lortu zuen". Hori dela eta, maiatzaren 8tik 14ra bitartean Amnistiaren Aldeko Astea sekulako mobilizazio erraldoia izan zen. Gauzak horrela, "gizartean izandako mobilizazio olde horrek, fruituak ekarri zituen", gogorarazi du Etxeberriak, eta "orain arteko 40 urte hauetan, Espainiako eta Frantziako kartzelak euskal militantez gainezka egon direla" ere esan du.
Orduan bezala, oraingo honetan ere, "barruan dauden presoen eskubideak aldarrikatzera" doazela azpimarratu du Etxeberriak, eta horrela jarraitu du, "preso eta iheslari guztien etxeratzea ahalbidetuko duen prozesu bat eskatzera gatoz". Lehen aipatutako mobilizazio hura gogora ekarri, eta "amnistiaren alde guztia eman zutenak, eta hildako senide zein presoak gogorarazi nahi ditugu". Eskualdean, 15 dira egoera horretan zendutakoak. Horretarako, Tolosaldeko Ezker Abertzaleak, Kalera Kalera dinamikaren baitan bi ekitaldi nagusi antolatu ditu: maiatzaren 11n, arratsaldeko 19:00etan, Amarotz auzoan; eta, maiatzaren 12an, hau ere arratsaldeko 19:00etan, Tolosako Zumardi Handian.
Bestalde, euskal preso politikoak urrundu zituztela 30 urte betetzen dira, eta horregatik, "kartzeletara martxa antolatu dugu", Arantxa Karrerak gaineratu duenez. Tolosaldeko Ezker Abertzaleko kideen kasuan, Andaluziako Puerto eta Galiziako Curtis espetxetara joatea egokitu zaie. "Andaluzian, Aitor Agirrebarrena lizartzarra eta Manex Castro villabonatarra daude, eta Galizian, berriz, Emilio Salaberria villabonatarra", azaldu du Karrerak.
Bi espetxetara joateko autobusak, Usabal kiroldegitik abiatuko dira. Lehena, Andaluziara abiatuko da, maiatzaren 19an, gaueko 10:00etan; bigarrena, aldiz, maiatzaren 20an, goizeko 3:00etan aterako da Galiziarantz. Izena emateko zerrendak ohiko tokietan daude.
Amaitzeko, "euskal presoei elkartasuna erakutsi eta bakarrik ez daudela adieraztera" joateko dei egiten dute, "haien egoera bidegabea behingoz konpontzeko erakutsi asmoz". Eta behin eta berriz adierazi dute, "presoak Euskal Herrira, etxera ekartzea beharrezkoa" dela.