Altzok 2, Bidania-Goiatzek 1

Ataria 2017ko maiatzaren 7a

Gipuzkoako Herriarteko Esku Pilota Txapelketan eskualdeko lau herrik lehen partidak jokatu dituzte. Joanekoetan, Altzok 2-1 irabazi dio Bidania-Goiatzi, jarraian gertatuaren kronika eta argazkiak,  Adunak 2-1 irabazi dio Errenteriari, eta Asteasuk 3-0 Oriori.

Iragarri bezala, Altzoko frontoian jokatu dira partidak larunbat arratsaldean, 17:00etan puntuan hasita. Kadeteek, Otaño-Elola bidania-goiaztarrek, gorriz, eta Iker Zubeldia-Olano altzotarrek, urdinez, eman diote hasiera ekitaldiari. Partida, emaitzak azaltzen duena baino lehiatuagoa izan da. 22 eta 5 gailendu dira altzotarrak, baina ugari izan dira pilotakada asko jotako tantoak. Serio aritu dira altzotarrak, arriskuak neurrian hartuaz, opariririk egin gabe; bikote sendoa dela erakutsi dute.

Bi taldeak elkarturik argazkia atera eta beharrezko beroketak egin eta gero ekin diote jubenil mailakoek bere arteko lehiari. Azkarrago joan da bigarren partida hau: Zubeldia-Aizpitartek ere 22 eta 5 irabazi diete Agirretxe-Zinkunegiri. Altzoko frontoiak badu bere berezitasuna, txiki samarra da, eta neurria hartu ezinik aritu da Zinkunegi: pilota asko joan zaizkio frontisen goitik. Min handia egin du Zubeldiak sakearekin; pilotakada gutxiko partida izan da.

Eta aurrekoaren antzekoa izan da azkeneko partida, nagusien mailkoa: 22 eta 5 irabazi diete, oraingoan bidania-goiaztarrek, Elola-Galarragak, Murua eta Mujikari. Elola, aurrelari bidaniarra izan da nagusi, eta ezin izan diote altzotarrek aurre egin bere jokoari.

Gauzak honela, abantaila handiarekin joango dira altzotarrak datorren asteburuan Bidania-Goiatzera. Baina jokatu egin behar dira bueltako partidak.

Galtzaile eta irabazlerik gabea, usadioari eutsiz, Elordi Elkartean bi taldeetako pilotari eta ordezkariek egin duten afaria. Bidania-Goiatzen izango da ordaina.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!