Mendebaldeko Sahararentzat haize freskoa

Jon Miranda Labaien 2017ko mai. 5a, 10:00
Anoetako liburutegian Amasahara erakusketa zabalik zela aurkeztu zuten 'Maiatza Borrokan'. JON MIRANDA

Udan Oporrak Bakean programaren bitartez 12 ume etorriko dira harrera familietara; Maiatzak 20 elkarteak beste hainbeste ekarri nahi ditu aterpetxera; Datozen egunetan elkartasun ekimenak egingo dira eskualdean.

Aurtengo urtea bereziki bero doa Mendebaldeko Sahararan. Egoera politikoa gori-gori dago, 41 urte betetzen dira aurten Espainiak, lurraren gaineko burujabetza Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuela. Urte hartan, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD) aldarrikatu zuen Fronte Polisarioak. Berak kudeatzen du Marokok okupatuta ez duen lurraldea eta Aljeriako Tinduf eremuko desertuan dauden errefuxiatu kanpamenduak.

Bertan izan da martxoan Gregorio Eizagirre Tolosaldea Sahararekin - Sahara Bizi elkarteko kidea eta 50 graduko tenperatura bizi izan du: «Egun jakin batean, dena lainotu eta arnasa hartzea ere kosta egiten zitzaigun, haizerik bat ere ez zebilelako. Etxe barruan ez zegoen egoterik eta kalean egin genuen lo». Ez ohiko beroa da aurtengoa eta ez dute pentsatu nahi noraino igo daitezkeen termometroak uztaila edo abuztuan. «Klima aldaketa ez da hemengo kontua bakarrik, han ere nabari da eragina».

Duela urtebete pasatxoko uholdeek ere triskantza handiak eragin zituzten. Urak eramandakoa berreraikitzen ari dira sahararrak eta bien bitartean «gosea pasatzen». Nazioartetik iristen den laguntza humanitarioa erdira jaitsi da azken urteetan eta gehienbat hemengo familiek bidaltzen duten laguntzarekin bizi dira. «Janari falta izugarria da eta azkeneko bidaian guk gauza dezente faltan bota genituen».

41 urte edo hiru belaunaldi. Eizagirrek azkeneko bidaian Juan Karlos Izagirre medikuarekin topo egin zuen Smaran. Auserdeko ospitalean bolondres aritzen den igeldoarrak jaioberria den umea artatu zuen bertan eta haur horren ama eta amona ere errefuxiatu kanpamenduetan jaiotakoak direla azpimarratu zuen. «Esaten digute ezin dutela gehiago, aspertuta daudela, egoera neketsua dela eta beraien jatorrizko herrira bueltatu nahi dutela».

Tentsioa nabari da sahararren artean eta azken asteetan egoera Guerguerat izeneko eremuan lehertu da. Mauritaniarekin mugan dagoen lurraldea eremu neutrala da 1991ko bake akordioaz geroztik. Marokok ordea, bertara doan errepidea asfaltatzeari ekin zion duela aste gutxi eta adostutako bake ituna puskatutzat jo zuten sahararrek. Fronte Polisarioak Guerguerat lurraldera mugitu zituen bere indarrak eta aurreko asteburura arte iraun du bertan konfrontazioak.

Hain zuzen, NBEko segurtasun kontseiluak, Maroko eta Fronte Polisarioa eremu horretatik ateratzea jarri du baldintza bezala, Minurso misioa berriz ere martxan jartzeko. Duela urtebete bota zituen Marokoko erregeak Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetatik NBEko langileak.

Bake akordioak sinatu zirenetik Mendebaldeko Saharan bakea bermatzeko eta erreferenduma antolatzeko egitekoa du NBEren misioak. «20 urte pasa dira eta ez da ezer aurreratu», eskualdeko Sahararen aldeko ekintzaileen ustez. «Minursok lurralde okupatuetara itzuli behar badu, egin dezala bere lana eta sahararrentzat giza eskubideak bermatu ditzala behingoz». Eizagirreren hitzetan desagertzeak, torturak eta jazarpena eguneroko kontua dira Marokok beretzat hartutako lurretan.

Elkartasuna oinarri

Horregatik da garrantzitsua Euskal Herritik, eta bereziki Tolosaldetik, Saharar herriari elkartasuna adieraztea. Urteetan eskualdetik bideratutako laguntzari esker hainbat proiektu gauzatu dira errefuxiatu kanpamenduetan eta egitasmo horiek bisitatzen izan da Eizagirre azken aste hauetan. Ibarrako Udalaren laguntzaz Tichlan egindako erabilera anitzeko eraikina ikuskatu du Ibarrako udal ordezkariekin batera eta Midicken (lurralde liberatuetan) berriz, mediku gela eta Euskal Herria izeneko eskola ikusi ahal izan ditu, bertatik bertara.

«50 ume dabiltza eta 11 langile ari dira eskolan», kontatu du harro Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideak. Inguru hartan bizi diren sahararrak nomadak dira eta orain arte ez dute eskolara joateko ohiturarik izan Espainiaren kolonia zenean ere ez zegoen eskolarik Midicken. «Egin den lan onari esker, egonkortu egin da ume kopurua eta orain adinka banatu nahi dituzte geletan. Horretarako laguntza eskatu digute». Egoera txarragoan topatu dute mediku gela dagoen eraikina, azken uholdeengatik kaltetuta. «Berria egiteak 60.000 euro inguruko kostua du. Diru asko da Tolosaldeak bere gain hartzeko, baina aurretik eskola egin bagenuen, nola edo hala, hau ere aterako dugu aurrera».

Oporrak bakean eta aterpetxea

Aurten, Midick herriko Euskal Herria eskolan dabiltzan lau haurrek, lehen aldiz, Oporrak Bakean programan parte hartzeko aukera izango dute. Eli Eizagirre Maiatzak 20 elkarteko kideak aipatu du: «Aurreneko aldia da, lurralde liberatuetako umeak datozela uda pasatzera Euskal Herrira eta hain zuzen Tolosaldeko harrera familietara datoz handik bi mutil eta bi neska». Basamortuan udan izaten den berotik ihes egiteko aukera ematen die programak 10 eta 12 urte arteko Saharako haurrei. Guztira, Tolosaldeko familietara 12 etorriko dira 8 familia berrik eman dute izena aurten.

Azken urte honetan behera egin du, ordea, izena eman duten familien kopuruak. «Munduan beste gatazka asko dago eta elkartasuna lurralde ezberdinen artean banatu behar izaten da. Hala ere, sumatzen dugu gizartea aldatu egin dela eta kosta egiten zaigula gure egunerokotasuna moztu eta ardura batzuk hartzea», dio Eli Eizagirrek.

Zorionez, eskuzabaltasunez ari diren herritarrak bildu dira Maiatzak 20 elkartean eta azkeneko zortzi urteetan Saharatik ume talde bat ekarri dute aterpetxe batean uda pasa dezaten. Azken hiru udarak Amasako apaizetxean pasa dituzte. «Aurten, han inguruan egingo dituzten obra batzuk direla eta, segurtasunagatik ezingo ditugu umeak han eduki. Beste alternatiba baten bila gabiltza, baina ziur gaude ekarriko ditugula. Gutxienez, iaz etorri ziren bederatzi eta beste hiru ume ekartzea da asmoa».

Ume horiek uda gure artean pasa dezaten baliabideak behar dira 1.900 euro umeko eta Maiatzak 20 elkartearen egitasmoa laguntzeko elkartasun ekimenak gauzatu dira eta gauzatuko dira hurrengo asteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!