Errauste plantaren kontra egiteko elkarretaratzea

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 4a, 16:09
Donostiako Gipuzkoa plazan orain hilabete batzuk egindako protesta

Aiztondo Erraustegiaren Aurkako Plataformak elkarretaratzea deitu du astelehenerako. 19:00etan mobilizatuko dira, Zubimuxu zubian.

Imanol Lasa Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak jakinarazi duenez, datorren astean hasiko dira Gipuzkoako Ingurumen Gunea deiturikoa eraikitzeko lanak, Zubietan. Horren barruan daude errauste planta eta tratamendu mekaniko-biologikorako planta. Lanek 30 hilabete iraungo dutela aurreikusi dute eta asteazkenean egingo dute lanen inaugurazio ofiziala.

Horren kontra, protestara deitu dute astelehenerako eta asteazkenerako. Astelehenerako, elkarretaratzeak antolatu ditu Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako hainbat herritan, Erraustegirik ez, ez gure izenean lelopean. Eskualdean oraingoz, Aiztondo Erraustegiaren Aurkako Plataformak egin du deia. Astelehenean egingo dute elkarretaratzea, 19:00etan, Villabona eta Zizurkil artean dagoen Zubimuxu zubian. Asteazken goizean, berriz, Lasarte-Oriako Merkabugatin elkartuko dira, erraustegiaren sarreran. Eta maiatzaren 27an Zubietan egingo den Erraustegiaren Aurkako Egunean parte hartzeko deia ere egin dute.

35 urte

Aiztondoko plataformak esan duenez, "ezin dugu onartu datozen 35 urteetarako gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa kaltetuko dituen erraustegi inposatu bat". Krisi ekonomikoak "krisi soziala, politikoa eta humanitarioa" ekarri dituela ere esan dute. "Konturatzen hasi gara Lurra planeta bakarra dela, mugatua. Ezin dugu segitu berdin, 'erabili eta bota", gaineratu dute.

Era berean, administrazioek diru publikoa "inbertsio faraonikoetan xahutu" dituztela esan dute eta inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituztela. "Esan diezaiogun ez Gipuzkoarren bizitzak 35 urterako hipotekatuko dituen erraustegiari, alferrikakoa den erraustegiari", esan dute.

Urte asko daramatzate errauste plantaren aurka azaltzen eta alternatiba ere badagoela nabarmendu dute. "Gipuzkoako udalerrien erdia baino gehiagotan egunero dago martxan hondakinen kudeaketa alternatiboa. Gipuzkoan erakusten ari gara ez dugula hondakinak erre beharrik". Sortutako hondakinak murriztea, ondo sailkatzea eta tratatzea "denon betekizuna" dela ere esan dute.

Bukatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiko ardura duten alderdiei "gelditu ezazue proiektua" esan nahi izan diete, "egin kasu herritarrok eskatzen dizuegunari".

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!