Emakumeen Aiztondo Sari Nagusia egingo da larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2017ko mai. 3a, 17:58

Kadete, junior eta elite kategorietako, Espainia eta nazioarte mailako 200 txirrindulari inguruk hartuko dute parte Aiztondo bailaran barrena antolatu diren bi lasterketetan

Emakumeen txirrindularitza egutegian izena hartu duen lasterketaren XIII. edizioa Aiztondo bailarako errepideetan izango da larunbatean, maiatzaren 6an, 15:30etik aurrera. Danena Kirol Elkarteak antolatzen du proba eta Ander Altuna, elkartearen txirrindulari taldeko arduradunak eskerrak eman dizkie lasterketa lagundu duten erakundeei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Aiztondoko udalei.

Hasiera batean, Villabona eta Zizurkilgo udalek antolatzen zuten emakumeen txirrindularitza lasterketa, gaur egun, Aiztondoko udal guztiek babesten dute, besteak beste, Adunakoak. Bertako alkate Josu Amilibiak azpimarratu duenez, «heldutasunera iritsi da proba eta garrantzia handia hartu du». Horregatik iruditu zaie garrantzitsua Aduna, Asteasu, Larraul eta Alkizako udalei ere lasterketaren aldeko apustua egitea. Maite Amenabar, Zizurkilgo alkateordearen ustetan, «emakumeen txirrindularitza bultzatze aldera inportantea iruditzen zitzaigun lasterketaren antolaketa bailara osora zabaltzea, aurretik gizonezkoen Aiztondo Klasikarekin egin bezala». Amasa-Villabonako alkate Maite Izagirrek, bestalde, azpimarratu du kirolak, oro har, eta txirrindularitzak bereziki, oso balio «positiboak» sustatzen dituela, «besteak beste, talde lana». Balio horiek bultzatzea eta hurrengo belaunaldiei transmititzea erronka bezala dutela aipatu du Izagirrek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagunduko du larunbateko proba. Goizane Alvarez, Gazteria eta Kiroleko zuzendariak datu bat eman du lasterketaren aurkezpenean: «Gaur egun Gipuzkoan antolatzen diren txirrindularitza proben %4a baino ez dira emakumezkoen karrerak». Horregatik iruditzen zaio garrantzitsua «ereduak» sortzea, «nahikoa talentu demostratu dute emakume txirrindulariek eta orain aritzeko aukera eskaini behar zaie». Gipuzkoako Foru Aldundiak beraz, emakumezko txirrindularien taldeak eta Aiztondokoa bezalako probak babesten jarraituko duela nabarmendu du Alvarezek.

200 TXIRRINDULARI AIZTONDON

Azken lauzpabost urteetan Aiztondoko lasterketan bikoiztu egin da parte hartzaile kopurua. Altunaren esanetan, arrazoia da Espainia mailan emakumezkoen txirrindularitzak «nabarmen gora» egin duela azkenaldian. Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetarako eta Espainiako Koparako proba puntuagarria izateak ere kirolari gehiago erakarri ditu. Dagoeneko, kadete, junior eta elite kategoriako 190 txirrindularik eman dute aurrez izena.

Aiztondoko Sari Nagusian parte hartuko du, adibidez, Izarne Mayoz asteasuarrak eta berak ere esker hitzak izan ditu antolatzaileentzat: «Euskal Herritik kanpo ibiltzera ohituta gaude eta ilusio berezia egiten digu hemen korritzeak, gure bailaran bertan». Elite mailako txirrindulari profesionalek ere esan dute larunbatean Aiztondon izango direla, besteak beste, Leire Olaberriak (Full Gas), Anna Sanchisek (Wiggle-Honda) eta Ane Santestebanek (Alé Cipollini).

Orotara 25 talde baino gehiagok eta bertako nahiz nazioarteko mailako 200 txirrindulari inguruk hartuko du parte larunbateko lasterketan. Antolatzaileek esan dutenez, «bederatzi proba puntuagarri ditu Emakumeen Espainiako Koparen aurtengo egutegiak, baina Aiztondoko Sari Nagusia ez da besteak bezalakoa, beti izan da proba berezia. Gipuzkoako paisaiek eta errepideek asko erakartzen dituzte lasterkariak».

BI LASTERKETA

Zizurkildik aterako da lehen lasterketa 15:30ean, kadete mailakoa izango dena. 37 kilometroko luzera izango du eta bailaran zehar lau itzuli egin dituzte. Elite mailako lasterketa 17:00etan aterako da eta itzuli bat eman ondoren, Zizurkildik pasatzerakoan junior mailakoak elkartuko zaizkie. Zortzi buelta emango dituzte eta azkenekoan Adunako mendatea igoko dute. Guztira 88 kilometroko luzera izango du bigarren lasterketak. Bi mailatan distantziak igo dituzte azken urteetan, «txirrindularien mailak gora egin duelako».

Danena taldetik emakumeen txirrindularitza «bultzatzen» jarraituko dutela esan dute, «pedalei eragiten, ametsak betetzen eta bizikleta gainean istorioak bizitzen jarraitu nahi dugulako».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!