Gipuzkoako Herriarteko lehen finalaurrekoa izango da larunbatean, Alegiako frontoian, 17:30ean hasita. Bertan erabakiko da Azpeitian maiatzaren 27an izango den lehen taldea zein izango den. Erniarraitz 1 eta Karidadeko Benta izango dira aurrez aurre. Azpeitiko taldeko kideak dira Leire Ostolaza, Beñat Lizaso eta Jokin Uranga bertsolariak. Karidadeko Bentakoak, berriz, Haritz Mujika asteasuarra eta Joseba Otaegi eta Unai Mendizabal zizurkildarrak.
Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin batera, Oihana Labiano (Erniarraitz 1) eta Mikel Maiz (Karidadeko Benta) ari dira saioaren prestaketa lanak koordinatzen. Egunean bertan ere, koordinazio lanetan arituko dira. Gai jartzaile lanak, berriz, Gurutze Oiartzabalek (Erniarraitz 1) eta Igotz Alkortak (Karidadeko Benta) hartuko dituzte. Saioa bost epailek baloratuko dute: Oihana Aranguren (Erniarraitz 1) eta Jon Ormazabal (Karidadeko Benta) taldeetako kideek eta Herriarteko lehiatik kanpo geratu diren taldeetako beste hiru epailek.
LEHIARAKO PREST
Larunbateko saioari begira «animoso» daudela aipatu du Joseba Otaegi Karidadeko Bentako bertsolariak, «maila oneko bertsolarien tartean probatzeko gogoarekin». Erniarraitz 1 taldea da faboritoa Unai Mendizabalen ustetan, «seguru dakigu haiek ondo egingo dutela, baina hala ere, nik uste, kontra egiteko moduan gaudela».
Jokin Uranga, Beñat Lizaso eta Leire Ostolaza ariko dira Azpeitiko taldean. Aurreneko biak plazaz plaza dabiltzan bertsolariak dira, txapelketa nagusietan parte hartu izan dutenak eta Haritz Mujikaren esanetan, «maila eta grazia handikoak». Aurkari «gogorrak» izango dituztela uste du asteasuarrak.
Karidadeko Bentak dituen indarguneen artean umorea eta jolaserako abilidadea aipatzen dute taldekideek. «Orain arte, eroso sentitu gara mota horretako bertsoaldietan», esan du Mendizabalek; «Nahikoa talde osoa garela iruditzen zait, baina beharbada azpeitiarrekin alderatuz gero, maila teknikoari dagokionez desabantailaren bat izango dugu, batez ere ariketa serio eta exijenteenetan».
EGIN BEHARREKO LANAK
Ariketa dezente egin beharko dute bertsolariek larunbatean: ofiziotan ariko dira zortziko handian eta txikian eta baita hamarreko txikian, rolak emanda. Talde bakoitzeko kide bana ariko da bertsoaldi horietan eta hiruna bertso bota beharko ditu bakoitzak.
Bakarka ere jardun beharko dute: gaia emanda hiru bertso osatu beharko ditu talde bakoitzeko kide batek, eskualdeko taldearen kasuan Mendizabalek. Habaneran 8 oinak emanda bertsoa bat eta bederatziko txikian 9 oinak emanda beste bat osatu beharko du Otaegik. «Ariketa horrek ematen dit beldurrik gehien» esan du zizurkildarrak. Hiru punturi erantzun beharko die, berriz, Mujikak.
Horrekin batera, taldeka ere aritu beharko dute bertsolariek. Hasierako agurra, gehienez bost minutukoa, puntuagarria izango da. Pertsonaien jolasa ere egingo dute galde-erantzunen bidez eta batek galdetu eta bik pistak emango dituzte. Egoera proposatuta , bukatzeko, 12 kopla osatu arte aritu beharko dira kartzelako ariketan hiru bertsolariak elkarrekin.
Karidadeko Bentak finalera pasatzeko %50eko probabilitatea duela uste du Mendizabalek. Jendearen babesa izango dute horretarako, etxetik gertu kantatzea beti baita lagungarri. Mujikak pentsatzen du inguruko jendea «errazago» animatzen dela eta horrek «babesa» ematen diola kantuan ari denari. «Hala ere, bertsotan fundamentuz egin ezean, etxean edo etxetik kanpo izan, kanpora geratuko gara. Beraz, guk gure aldetik jar dezagun ahal dugun guztia eta publikoak ere berdina egin dezala».
Larunbateko saiorako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude salgai, baita Alegiako Hilario tabernan ere. Bigarren finalaurrekoa maiatzaren 13an 17:30ean jokatuko da Bergarako pilotalekuan eta Gabiriko Osinalde taldearen aurka ariko dira Amasa-Villabonako Am...ona taldekoak.