Bazka xamurraren bila

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mai. 1a, 13:54

Jendetza bildu du Larraitzeko larre irekierak. Eguraldiak lagundu egin du aurten eta asko izan dira Txindokiren magalean bildu direnak, ardi, behi eta behorren larreratzea ikusteko. Aurten lehen aldiz, ekitaldi instituzionala ere egin dute.

Maiatzaren lehenarekin egiten dute Larraitzen, larre irekiera. Ganadu guztia, ordea, ez da gaurko egunez igotzen. Hil osoan zehar, pixkanaka, igotzen dira ardi, behi eta behorrak. Abeltzain bakoitzak bere erara egiten du; batzuk mendian jezten dituzte ardiak, ukuiluan beste batzuk, antzutu ondoren, ekainean, beste batzuk... Behorzale eta behizaleak ere berdin, muxalak edo txekorrak jaio ondorenera itxaroten dute batzuek.

Guztira Aralarrek 2.680 hektareako larre eremua du, Enirio Aralar Mankomunitateak emandako datuen arabera, 16.570 ardi, 921 behi eta 741 behor igoko dira. Gipuzkoan 9.439 hektareako larre eremuak daude, onura publikoko 30 menditan banatuta. Eta guztira, Gipuzkoan, 36.893 ardi, 525 ahuntz, 3.094 behi eta 2.427 behor ibiliko dira mendi horietan.

Honek guztiak paisaia egiten duela, jarduera ekonomikoa ahalbidetzen duela eta lan askoren ondorio dela dio mankomunitateak eta hori balioan jarri behar dela. Horrexegatik gaur, lehen aldiz, ekitaldi instituzionala ere egin dute larre irekieran. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendaria, Arantxa Ariztimuño, Josemari Santamaria Enirio Aralar Mankomunitateako lehendakaria eta Ainhoa Zuriarrain Amezketako artzaina izan dira ekitaldian. Ez dira bakarrik egon. Larre irekiera iragartzeko ekitaldian ganaduzaleez inguratu dira.

Ariztimuñok eta Santamariak abeltzaintzak Gipuzkoa osoari eskaintzen dizkion onurak aipatu dituzte eta Zuriarrain artzainak izan du larre irekierari hasiera emateko bandoa irakurtzeko ardura. Irakurri eta gero, artzainak langa irekitzeko giltza jaso du. Langa irekita hasi dira abereak, bazka berde eta xamurrerako bidea egiten, jende artean. Ikusmira sortu baitu gaurko larre irekierak. Uda pasako dute abereek Aralarko larreetan, eta urrian edo jaitsiko dira, kumeak izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!