Guk, oinak lurrean da ELA sindikatuak Maiatzaren Lehenerako aukeratu duen leloa. Eva Arrieta Oria-Goierri eskualdeko arduradunak azaldu duenez, "Maiatzaren Lehenean Bilbon eta Iruñean gure eskubideen alde borrokatzeko eta Euskal Herri bidezkoagoa eraikitzeko kalera aterako gara". Izan ere, sindikatu bezala duten "autonomia eta gauzak aldatzeko eskubidea" defendatu nahi dute Langileen Nazioarteko Egunean.
"Pertsona asko antolatzen ari dira, eta bizi eta lan baldintza duin batzuen alde borrokatzen dute", esan du Arrietak. Borroka eta greba "garrantzitsuak" burutzen ari diren langileek gizartearen babesa behar dutela esan du ELAko arduradunak, "alboan behar gaituzte", eta horregatik egin die dei langileei Bilbora joateko, "gure sostengua sentitu behar dute".
Maiatzaren Lehena hortaz, kalera ateratzeko eguna dela aldarrikatu du Arrietak, eta langileria "oinak lurrean dituen jendea" dela esan du. "Gu gara: goizean kafea ateratzen dizun zerbitzaria, lanera eramaten zaituen autobus gidaria, zure seme-alaben irakaslea, zapaldutako bekaduna, luzaroko langabea, etxean eta kanpoan lan egiten dugunok, lan egin nahi baina enplegurik ez dugunak, pentsiodunak.... oinak lurrean dituen jendea gara", nabarmendu du.
Bilboko egitaraua
- 11:15ean elkartuko dira Jesusen Bihotzeko plaza inguruan.
- Mitina irteeran izango da, 11:45ean.
- Manifestazioaren ibilbidea, mitina amaituta: Jesusen bihotza plaza, Gran Via, Moyua plaza, Bizkaiko
- Foru Aldundiaren parean amaituko delarik.
- Foru Aldundian amaitzeko ekitaldi labur bat egingo dute.
- Bazkaria Arenaleko karpetan egingo dute, 14:00etan.
- 18:00etan hartuko dute bueltako autobusa.