Zuberoako maskarada Aiztondon

[IRITZIA] Maskaradak: Historia, Natura, tradizioa, gaztetasuna, hizkuntza, dantza, kantua… Euskal Herria!

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 28a, 12:00

Aiztondoko Maskaradak talde antolatzaileak, jai honek gizarte mailan zein eragin duen azaldu du artikulu honetan:

Maskaradak zer diren azaltzea (beti pluralean esaten da maskarada gorriak eta maskarada beltzak parte hartzen baitute) ez da gauzarik errazena, baina saiatu egingo gara.  Gehientsuenok egiten dugun lehen galdera zera izaten da: noiztik jokatzen dira maskaradak? Honetan ez gara luzatuko izan ere zinez zail da erantzun bakar eta bateratu bat aurkitzea. Halere badirudi Euskal Herrian XVI. mendean sartu zirela esatea ez dela zentzugabekeria bat. Maskaradei ahaideak aurkitu zaizkie leku askotan: Ingalaterran, Moravian, Errumanian, Belgikan, Italian, Himalaian, Austrian, Frantzian, Katalunian, Andorran … Zuberoaz kanpoko neguko beste festa batzuen ezaugarri berberak ditu.

Maskaradek sortzen duten efektua harrigarria da, hunkigarria, sinesgaitza. Bada hain antzinatik edo urrunetik bertan, ezen lehen aldiz ikusten duzularik, XXI. mendean gauden galdetzen baitiozu zeure buruari. Besteak beste, dantzak, sermoiak (hitza), koplak, kantuak, soinuak, eta mozorroak osatzen dituzte maskaradak. Gertakizun batzuk ikusi egingo dira, besteak entzun, besteak irakurri. Zuberoako dantza ikusgarriak ikusiko ditugu, xorrotxen koplak entzungo ditugu, buhame taldearen sermoia, kautereen sermoia edo pheredikia, kereztuen elkarrizketa, xorrotxen emankizuna, Pitxuaren etorri edo jarioa eta testamentua, jokalari denen artean emandako kantua…

Benetan estimatzen du inauteria molde hau Zuberoako herriak. Maskaradak antolatu behar direlarik, heri osoa engaiatzen da honen prestaketan. Zuberoako gazteak hain landa eremuan atxikitzea gero eta gehiago kostatzen da, izan ere inguru populatuagoetan bizi nahi dute. Alta, maskaradek aurre egiten diote errealitate honi!

Badirudi 30 urte baino gehiago izanez gero, zahar samar dela bat maskarada batean parte hartzeko. Gurasoek beraien seme-alaben parte hartzea baimentzen dute, baina maskaradako Jaunaren ardurapean. Beraz gazte hauen esku dantza egitea eta antzeztea baino askoz gehiago dago. Gazteek badakite beraien erantzukizuna dela maskaradak jokatzea. Urtero Zuberoako herri bateko gazteek hartzen dute maskarada antolatzeko ardura. Ez da erabaki erraza, izan ere Zuberoako herri gehienak herrixka oso txikiak dira; herriko gazte denek hartu behar dute erabaki hori. Dantzari finak behar dira, ondo kantatuko duten ahots finak, bromazaleak, musikariak, hizlariak… Gazteek antolatzen dute, baina jakina, norbaitek irakatsi behar die. Jakituria honek belaunaldiz belaunaldi bidaiatzen du. Transmisioaren indarra eta garrantzia ikaragarria da. Maskaradetan dantzatu zuen batek, aurten egingo duenari erakutsiko dio. Aurten egingo duenak, hemendik hamar urtera egingo duenari irakatsiko dio.

Maskaradak festa egiteko modu bat dira, modu errazean festa bat egitea, artifiziorik gabe. Herriko gazteak modu berezian biltzen dira, modu desberdin batean eta adiskidetasunaren mugak zabaltzen dira. Beste modu batean ezagutuko ez liratekeen jendeak ezagutzen dute elkar. Maskaradei esker gazteak txertatu egiten dira, benetako komunitate bat sortzen da.

Gaztetasuna bada ezaugarri bat eta baita ere harrotasuna. Herri batek maskarada antolatzen duelarik, herri horren sendotasuna frogatzen du. Herri horretako 20 - 30 gazte prest izango dira igandero-igandero bere herria ordezkatzeko lau hilabetez. (Zuberoa husten hasi aurretik, badirudi 80 gazte inguruk parte hartzen zutela maskarada batean). Garai bateko barrikadak, benetan pasa behar ziren. Horrek adierazten zuen gaztetasuna bazela, indarra bazela, talentua bazela… Edozein lekutan bazirela nor ziurtasuna eta gaztetasuna azaltzeko! Goizeko barrikadetan gehiegi edaten bada, arratsaldean ahul da dantzaria. Orduan esango da herri hori ez dela behar bezala aritu, maskarada ez dela seriosa izan.

Herri batek maskaradak antolatzen dituelarik, zerbait gertatzen denaren sentsazioa zabaltzen da herrian eta inguruan. Izan ere historia erreproduzitzen da, Naturaz arduratzen da (aurreko artikuluan kontatu genuen bezala), gazteak herriarentzat ipintzen dira, hizkuntzarekiko kezka berritzen edota eguneratzen da, arropa josten hasten dira ( jantzi batzuek ñabar dura frantsesak dituzte, beste batzuek euskaldunagoak – gai hau benetan sakona da-), beste batzuk kantuak egiten, besteak kantuan leziatzen etab. Eta herriko adindunek, ordezkari onesten dituzte, ondorengo izango diren herriko gazteak.

On egin!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!