Modalitate guztietarako txirrindulariak

Tolosaldeko Ataria 2017ko api. 26a, 16:05
Ezker-eskuin: Amondarain, Diaz, Dorronsoro eta Iribar.

Limousin Kartoiak Oriako eta Gipuzkoa Ogi Berriko txirrindulariak bikain ibili dira Espainiako txapelketan

Aste Santuaren bueltan egiten da urtero Espainiako pistako txapelketa, baina eskualdeko txirrindulariek lortutako emaitzak ez dira inolako miraria, urte osoko lanaren fruitua baizik. Tafallako belodromoan primeran ibili ziren Euskadiko selekzioaren izenean joandako txirrindulariak, eta etxera ekarritako dominak eta irribarreak dira horren lekuko.

Limousin Kartoiak Oriako taldeko kideei dagokienez, kadeteen mailan, Naia Amondarainek bukaera borobila eman zion pistan egin duen denboraldi paregabeari. Urrea lortu zuen taldekako jazarpenean, zilarra bakarkakoan, eta brontzezko domina leporatu zuen puntuazio proban.

Mutilen kasuan, Julen Dorronsorok zilarrezko domina erdietsi zuen taldekako jazarpenean, eta Iñaki Diazek beste zilarrezko domina bat taldekako abiaduran.

Junior mailan berriz, Unai Iribar ibartarrak urrezko bi eta zilarrezko bi domina ekarri ditu etxera, duela bi aste Donostian Espainiako Kopa irabazi ondoren. Lehen postuak lortu zituen taldekako jazarpenean eta Madison proban, eta bigarren sailkatu zen bakarkako jazarpenean eta taldekako abiaduran.

Pistako denboraldia amaituta, errepidera begira jarri dira orain lau txirrindulariak. Denboraldia duela hilabete pare bat hasi zen, eta emaitza onak lortu dituzte bi diziplinak uztartuta. Hemendik aurrera ordea, errepidera bideratuko dituzte indar guztiak, eta dagoeneko hasi dira emaitzak lortzen.

Pasa den asteburuan, Julen Dorronsoro nagusi izan zen kadeteen mailan, Altsasun jokatutako lasterketan. Junior mailan berriz, Unai Iribarrek beste garaipen bat lortu zuen Euskadiko selekzioarentzat, Zegaman XXIII. Gipuzkoa Klasika irabazita. Espainiako errepideko kopako proba zen, eta ibartarrak dagoeneko irabazia du txapelketa honetako beste lasterketa bat ere, Valladoliden.

GIPUZKOA OGI BERRI

Tolosako Gipuzkoa Ogi Berri Txirrindulari taldeko kideak ere bikain ibili dira azken egunetan, batez ere, Tafallan, Espainiako txapelketan. Arantxa Garikanok puntuaketa proban eta Madisonean brontzezko domina lortu zuen. Zilarra, aldiz, taldekakoan, Amaia Imaz eta Izarne Maiozekin batera. Azken honek, beste bi zilarrezko domina lortu zituen; 500 metrotan eta abiaduran. Madisonean hirugarren sailkatu zen. Azkenik, Euskalduna Torneoko liderrak, Garazi Estebezek, taldeka jazarpenean hirugarren postua eskuratu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!