Aralar Natur Parkeko patronatuak bilera egin du, bi urte eta gero

Ataria 2017ko apirilaren 19a

Gaur, 19:00etan Ordiziako udaletxean Enirio-Aralar mankomunitateko bilera egingo da, 2017ko aurrekontua onartzeko

Joan den apirilaren 11n, bi urteren ondoren, Aralar Natur Parkeko patronatuaren bilera ospatu zen eta 2017rako aurreikuspenak onartu ziren, besteak beste, Enirio-Doniturrieta oinezko bidea ibilgailuentzat zabaltzea. Landarlan ingurumen elkarteak parte hartu zuen bileran eta salatu duenez, «Mendietako Zuzendariak onartu zuen bezala, berriro pista egiteko asmoa onartu zen, beste inongo alternatibarik aztertu gabe».

Aralar Bizirik plataformak ere, «harriduraz» hartu du patronatuko bileran Gipuzkoako Mendi Federazioak Enirio-Doniturrieta pista eraikitzearen alde emandako botoa. Plataforma honek, bide batez, pista berriak eraikitzeko proiektua bertan behera uzteko eskatuz sinadura bilketa abiatu du change.org atarian. Hiru milatik gora bildu dituzte eta sinatzaileek Aralar Natur Parkeari dagokion edozein erabaki, «indarrean dagoen ingurumen legedia errespetatuz, beharrezkoak diren adituen azterketak eginez eta gizartearen parte hartze eta eztabaida bultzatuz» hartzea eskatu dute.

Bestalde, gaur, Ordiziako udaletxean 19.00etan, Enirio-Aralar mankomunitateko bilera izango da. Besteak beste, 2017ko aurrekontua onartzeko eta Enirio-Doniturrieta pistaren lanak esleitzeko bilera izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!