Goraka doa errenta euskaraz egin nahi dutenen kopurua

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 12a, 10:30
Marta Castrillo Irurako Euskara eta Kultura zinegotzia, Ana Jesus Leunda alkatea eta Idoia Olano Euskara teknikaria

Errenta aitorpena euskaraz egiten dutenak geroz eta gehiago dira eta joera hori indartzeko deia egin dute Irurako eta Tolosako udalek

Irura eta Tolosako udalek jakinarazi dutenez, aurten ere errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpainak abiarazi dituzte. «Kanpaina honekin herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatu nahi dugu», esan du Irurako Idoia Olano Euskara teknikariak. «Izan ere, errenta aitorpena euskaraz eginda, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen dugu», gaineratu du.

Azken urteetan errenta aitorpena euskaraz egiten dutenen kopuruak gora egin du Uemak emandako datuei erreparatuta. 2014koak dira azken datuak, eta horien arabera Tolosaldean %25,81k egin zuen euskararen aldeko hautua. 2008an %12,26ak egin zuen errenta aitorpena euskaraz. «Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren beste urrats bat da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea», esan du Tolosako Udalak.

Helburua
Olanok esandakoaren arabera, Irurako Udalak abiarazitako kanpainaren helburua da errenta aitorpena egiteko dauden aukera guztietan euskararen aldeko apustua egitea. «Etxera bidali diguten autolikidazio proposamena onartu behar badugu, harremanetarako hizkuntza aukeratzeko eskatuko digute, eta hitzordua hartuta aitorpen mekanizatua egin behar badugu, hasieratik esan dezaketu errenta euskaraz aurkeztu nahi dugula», esan du. «Oso modu errazean egin daiteke euskararen alde; lehen urratsetik zein hizkuntzatan egin nahi den aukeratu daiteke, hau da, euskaraz egiteko ez dago inolako zailtasunik», gogoratu du Tolosako Udalak.

Hainbat modu
Hiru bide daude errenta aitorpena egiteko. Mekanizatua eginez gero, hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da.
Izan ere, horrela eskatuz gero, Ogasunarekin aurrez aurreko harremanak, nahiz eta telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin ahal dira. Ogasunak sinatzeko emandako orria ere euskaraz jaso ahal da.
Autolikidazio proposamena jasoz gero ere, jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi dela esan behar da, eta horrela Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko ditu.
Internet bidez eginez gero, errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi behar da eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu.

Aholkularitzaren bat aukeratu nahi bada, espresuki adierazi behar da aitorpena euskaraz egin nahi dela.
Horiek horrela, Irurako zein Tolosako udalek errenta aitorpena euskaraz egitera animatu nahi dituzte herritarrak.

Irurarrek azalpen gehiago behar izanez gero, udaletxeko euskara zerbitzuarekin telefonoz edo emailez harremanetan jartzeko gonbita luzatu du teknikariak.

Datuak

Tolosaldeko datuak

  • 2008. 3.213 errenta aitorpen egin ziren euskaraz, %12,26.
  • 2009. 3.838, %15,64.
  • 2010. 4.546, %18,34.
  • 2011. 5.227, %21,75.
  • 2014. 6.193, %25,81.

2014. urtea, herriz herri

 

  • Abaltzisketa. 149pertsonatik 69k egin zuten errenta aitorpena euskaraz, %46,31.
  • Aduna. 76 (239 pertsonatik), %31,80.
  • Albiztur. 72 (190), %37,89.
  • Alegia. 282 (810), %34,81.
  • Alkiza. 84 (194), %43,30 .
  • Altzo. 90 (210), %42,86.
  • Amasa-Villabona. 571 (2.948), %19,37.
  • Amezketa. 232 (473 ), %49,05.
  • Anoeta. 280 (969), %28,90.
  • Asteasu. 221 (747), %29,59.
  • Baliarrain. 29 (69 ), %42,03.
  • Belauntza. 45 (145 ), %31,03.
  • Berastegi. 222 (511 ), %43,44.
  • Berrobi. 102 (273), %37,36.
  • Bidania-Goiatz. 90 (260), %34,62.
  • Elduain. 49 (123), %39,84.
  • Gaztelu. 33 (67), %49,25.
  • Hernialde. 42 (184), %22,83.
  • Ibarra. 506 (2.159), %23,44.
  • Ikaztegieta. 76 (238), %31,93.
  • Irura. 186 (853), %21,81.
  • Larraul. 39 (119), %32,77.
  • Leaburu-Txarama. 63 (203),  %31,03.
  • Lizartza. 149 (327), %45,57.
  • Orendain. 40 (86), %46,51.
  • Orexa. 41 (66), %62,12
  • Tolosa. 2.158 (9.899), %21,80
  • Zizurkil. 346 (1.485), %23,30.



Iturria: Uema

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!