Korrika 20 -2017-

...eta Kopenhagen beste batzuk!

Ataria 2017ko api. 11a, 17:00

Danimarkako hiriburuan, praktiketan dabilen Miren Iraeta ikaztegietarrak eta ikasten ari den Iñigo Prada tolosarrak, Korrika antolatu dute beste euskaldun batzuekin batera.

Miren Iraeta, Global training delako ikasle programaren bitartez ari da praktikak egiten, ADN zaharren inguruko ikerketa batean. Iñigo Pradak, berriz, Bioinformatikako Masterra burutzen dihardu. Beraiek izan ziren eginkizun honen antolakuntzan aritu zirenetako batzuk eta diotenez, "bertan zeuden euskaldun batzuk elkartu eta hirian dagoen laku baten inguruan bi kilometro eta erdi inguruko ibilbidea osatu genuen". Bideoan ikus daitekeenez, adin guztietako jendea bildu zen euskarari beren ekarpena egiteko asmoz. Oro har, Korrikan parte hartu zutenak, euskaldunak izan ziren.

Baina guztia ez zen hor amaitu. Korrika ospatu ondoren, folkets hus izeneko gaztetxe moduko batean, aurkezpentxo bat izan zuten, eta iluntzean, people's kitchen deituriko ekitaldia antolatu zuten bertakoek. Afari moduko horretara, "jende ugari hurbildu zela" diote, eta guztiek batera afaldu ostean, egunari amaiera eman zioten. Azkenik, "elkar ezagutu eta egun ederra igarotzeko aukera ona" izan zela nabarmendu nahi izan dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!