Piztu Tolosaldea, sentsibilizazio kanpaina abian

Ataria 2017ko apirilaren 7a

Pobrezia energetikoa jasaten dutenak aintzat hartu nahi izan ditu ekimenak. ATARIA

Bideo bitartez sentsibilitatu nahi da biztanlegoa energia kontsumoa oinarri hartuta; Facebook eta Youtuben bitartez zabaldu dira bideoak

Tolosaldeko energia diagnosiak emandako datu kezkagarrien aurrean, kontzientziazio bideoak hedatu ditu Tolosaldea Piztuk. Helburuak, energia-iturrien eta kontsumoaren inguruko datuak ematea, eta jendearen konpromiso eta sentsibilizazioa lortzea dira. Bideoak Facebook eta Youtube bitartez zabaldu dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumena eta Obra Hidraulikoen departamentuarekin elkarlanean, Tolosaldeko egoera energetikoaren diagnosi bat egin zen. «Emaitzak, Euskal Autonomia Erkidegoaren antzera, ez ziren pozgarriak izan», azaldu dute Piztu Tolosaldea proiektutik. Aipatu informazioaren berri emateko, energia kontsumoaren inguruan sentsibilizazioa lortzeko bi bideo zabaldu ditu Piztu Tolosaldeak. Lehenengoa, Tolosaldeko energia datuak aurkeztuz: zein energia-iturri erabiltzen dugun gehien, menpekotasunaren inguruko datuak... Bigarrena, berriz, pobrezia energetikoaren ingurukoa da. «Uste baino gertuago daukagu pobrezia energetikoa, eta Gipuzkoako datuak kezkagarriak dira», zehaztu dute. Piztu Tolosaldeak kasu horretan bizi diren familiei «arazo honen aurrean ez daudela bakarrik» helarazi nahi diela jakinarazi du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!