Taldean, beti hobeto

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko api. 9a, 10:03

Emakume baten bizitzako esperientzia bortitzena omen erditzea. Animalia sena atera eta artifizioak alde batera uzten dira une horretan. Gorputza erdibitu eta haurtxo bat munduratzea ez da egiteko erraza eta horretarako prestakuntza behar da, fisikoa eta psikologikoa, eta ez aurretik bakarrik, baita ondoren ere. Tolosako anbulatorioan badago erditzearen aurreko eta ondorengo eskolak jasotzeko aukera, baina ez da ariketak ikasi eta egiteko toki soila, emakumeen arteko sarea osatzeko ere balio baitu. Clara Morenza Nuñez (Santander, Kantabria, 1988) emaginaren ardura dira aurretik eta ondoren ematen diren eskola horiek, baita edoskitze taldearenak ere.

Tolosako anbulatorioko hirugarren solairuan talde jarduerak egiteko aretoa dago. Pilates egiteko pilotak eta lastairak daude bertan, eta astean behin baino gehiagotan izaten da ama izan diren edo izango direnen topagune. Amatasunaren zama arintzen laguntzeko topaketak egiten dira astero bertan, zama bai, amatasunak badu eta zamatik asko; ama izan aurretik beldurrak pilatzen zaizkie haurdun daudenei, zer izango ote da erdi(bi)tzea?; hormonak dantzan dituzte eta gorputzak jasaten dituen aldaketak ezin ulertzea dakar askotan, haurdunaldiak. Erditu eta gero dator gogorrena, hala ere, ama izan berri direnek behin baino gehiagotan entzun behar izaten dituzte molde honetako esaldiak, «orain dator zailena».

Amatasunaren soka luzea da eta pilatzen diren zalantza eta beldur asko arintzen saiatzen dira emaginak. Clara Morenza da Tolosako anbulatorioan maiatza bitarte lanean dagoen emagina. Tolosan erditze aurreko eskolez gain, ondorengoak ere ematen dituztela dio, eta hori ez dela horren ohikoa gaineratu du. Edoskitze saioak ere egiten dituzte bertan, eta baita haurrentzako masajeak ere. Morenzak hilabete gutxi egingo ditu Tolosako anbulatorioan, segituan lanpostua behin betiko beteko duen emagina iritsiko baita bertara. «Gustura nago, zentro askotan ez dute erditze ondorengo eskolarik izaten, hemen bai, eta oso gustura nabil», esan du. Bere egitekoa ere laburbildu du: «Aurreko eta ondorengo eskola horiek oso baliagarriak dira amentzat, aurretik zalantzak pilatzen zaizkie amei eta gure lana informazioa eman eta aukeratzen duten bide horretan laguntzea da», esan du.

Erditzearen aurretik

Erditze aurreko eskoletan gai asko lantzen dituztela dio emaginak. «Askok uste dute gimnasia eta arnasketa ariketak egiten aritzen garela, eta ez da horrela. Haurdunaldian zein gauza gertatu ahal diren azaltzen dut, zein gauzek eman behar diguten arreta, zein gauza izango diren erabat normalak, zein aldaketa emango diren gure gorputzean... Informazioa ematen dut eta hori oso baliagarria da, baina baita taldean bildu ahal izatea ere, egoera bera bizi duten emakume horiek elkarren berri izan eta bizipenak konpartitzea oso aberasgarria da. Erditzea zer den ere azaltzen diet. Hainbat erreminta ematen dizkiet, egin ahal dituzten ariketen berri ematen diet, baina hori ez da funtsezkoena. Bi orduz egoten gara eta azken ordu erdian edo egiten ditugu arnasketa eta erlaxazio ariketak. Garrantzitsuena hemen ikasitakoa etxean egitea da».

Emaginaren helburua da amei ikuspegia zabaltzea. Ospitalera joan eta bertan aurkitu ahal dutena irudikatzen laguntzen die, «euren erditzearen partaide izatea nahi dut». «Ospitalera iristerakoan hainbat erabaki hartu ahal dituzu eta horien berri ematen diet. Garrantzitsuena ospitaleko langileekin hitz egin ahal dela eta behar dela adieraztea da. Erditzearen ondorengoaren inguruan ere hitz egiten dut, zailtasunak ematen dira, eta amek horiek ere ezagutu behar izaten dituzte».

Izan ere, lehen aldiz ama izan behar dutenen beldur nagusia erditzea izaten dela dio emaginak, baina gerokoari ere arreta jarri behar zaiola. «Erditze ondorengoa ere gogorra da. Haur jaioberri batekin etxera joan eta ama horrek familian, etxean eta haurrarekin birkokatu behar du. Haurrak ama ezagutu behar du eta amak jaioberria, asko ikasi behar dute, eta egokitze hori ez da erraza izaten, ez beti behintzat».

Informazio uholde batean bizi garela esaten da, teknologia berriei esker informazioaren aroa bizi dugula, eta badirudi horrek ez duela zalantzetarako hutsunea uzten, baina Morenzak dio erditze aurreko zein ondorengoko saioetan ez duela hori nabari. «Askok nahiago dute ezer ere ez begiratu. Erditzeak beldur asko ematen du eta nahiago dute profesionalen esku geratu eta gehiegi ez jakin. Badaude noski liburuak eta abar irakurtzen dituztenak, baina orokorrean saio hauetan esandakoari kasu egiten diote, hemen ematen dugun informazioaren bila etortzen dira», esan du.

Bada Erditze Plana izeneko idatzi bat, non erditzera doan emakumeak erditzea bera nolakoa izatea nahi duen aurkezten duen, zein tratu jaso nahi duen, zein giro sortu nahi duen ospitaleko gelan, erditze aurreko uzkurdurek eragindako mina leuntzeko pilates pilota edota bainuontzia erabili nahi dituela zehaztu ahal du... Emakume horrek zer nahi duen eta zer ez duen nahi adierazten da Erditze Planean eta horren berri ere ematen du emaginak erditze aurreko saioetan, garrantzitsuena, dena den, elkarrizketa dela errepikatu du. «Garrantzitsuena komunikazioa da, erditzean artatuko zaituzten profesionalekin lasai hitz egin ahal izatea. Badira kasuak non amek ez dakiten zer pasatu den erditzerakoan, batez ere, lehen erditzeetan. Egia da ere badirela ospitalera iritsi eta dena hango langileen esku utzi nahi dutenak ere, beste aukera bat da hori».

Etxean erditzea

Milaka erditze eta milaka aukera. Denak dira balekoak emaginaren arabera. «Etxean erditu nahi dutenak ere badaude. Niri ez zait tokatu, baina tokatuz gero informazioa emango nuke, arazorik gabe. Etxean erditzeak, hala ere, beste prestakuntza eta informazio bat eskatzen du. Lehenik eta behin, etxeetan erditzeak egiten dituzten emaginena joateko esango nieke, eta prestakuntza berezia egiteko. Erditzeak etxeetan egiten dituzten emaginak beste mota batzuetako kontrolak egiten dituzte, etxean erditzeko prestakuntza bat behar da, ez da egun batetik bestera erabaki eta egiten. Etxeek baldintza batzuk bete behar dituzte». Gurean etxean erditzea erabakitzen dutenen kopurua Morenzaren jaioterrian, Kantabrian, baino altuagoa dela dio emaginak. «Etxean egiten diren erditzean erabat naturalak dira, ez dago epiduralik ezta bestelako sendagairik. Amaren erritmoak errespetatuko dira, ospitalean bezala, baina arriskurik badago edo erditzeak ez badu aurrera egiten, ospitalera bideratuko dute. Desberdintasun nabarmenena da haurdunak mugitzeko askatasun gehiago duela, ezaguna duen lekuan dagoela eta inguruan nahi dituenak izango dituela».

Erditu ondorena

Behin erdituta gorputza bere onera itzultzeko saioak ere egiten dituzte. «Edoskitze aldiaz aritzen gara edoskitze taldeetan eta hor ere zalantza eta ezinegon asko ateratzen dira, taldean hitz egiten ditugunak. Horrez gain, erditze ondorengo saioak daude. Haurra eduki eta hilabete eta erdira edo etortzen dira saio horietara. Niregana etorri eta behin osatuta ariketak egiten hasi ahal dira erditu berri duten emakumeak, eta saio horietara gonbidatzen ditu Morenzak. Badaude emakumeak zoru pelbikoa dagoenik ere ez dakitela, ez behintzat, erditzea aurreko saioetan izan arte. Zoru pelbikoa landu egin behar da, pixa-jarioa kontrolatu ezinik geratzen dira emakume asko eta hori ere landu behar da».

Zoru pelbikoa bere onera etortzeko gimnasia hipopresiboa lantzen dute anbulatorioan. Zoru pelbikoa pelbisa azpitik ixten duen muskulatura da, eta organoak bere lekuan mantentzeaz gain, gernu edo kaka ihesak ekiditen ditu. Sexu harreman egokiak mantentzeko egoera onean egotea ere ezinbestekoa da. «Gimnasia hipopresiekin osasun arazoak ez badaude egiten dugu, baina normalean erditu duen emakumea emakume osasuntsua da eta ez da arazorik egoten. Hipopresioak eta Kegel ariketak egiten ditugu, tonifikazioan aritzen gara, eta azpimarra zoru pelbikoan jartzen dugu». Astean behin joaten dira eta nahi den guztia luzatu daiteke, talde irekiak dira.

Edoskitze taldea

Edoskitze taldea ere badago. Edoskitzea taldean egiteko aukera egotea, amen artean zalantzak edo ezinegonak konpartitzeko aukera ematen duela dio emaginak, eta edoskitzea berarekin batera, haurrei masajeak nola eman ere azaltzen du Morenzak. «Edoskitze saioak oso interesgarriak dira, bai amentzat, eta baita guretzat ere. Amak elkartu eta bizipenak konpartitzen dituzte. Hainbat errealitatek egiten dute topo; haur jaioberria duen amaberria, ia urtebete duen haurraren ama, lau haur dituen ama... Bizipen eta esperientzia asko biltzen dira hemen».

Edoskitzea amei buruko min asko sortzen dien gaia dela dio emaginak, batez ere, belaunaldietan hutsune bat eman delako. «Izan dira urteak non erditzeak eta erditze ondorengoak asko medikalizatu diren; emaginak bigarren plano batean geratu eta ginekologoei eman zitzaien garrantzia, erditzeak ez ziren modu naturalenean ematen, bularra eman ordez, esne artifizialen aldeko apustua egiten zen... Eta ondorioz, edoskitzearen inguruko jakinduria natural hori, belaunaldiz belaunaldi eman dena, eten egin zen. Horrek ekarri duena da, gaur egun ama izan eta amarekiko edoskitzearen aldeko apustua egin nahi duten amek ez dutela informazio errealik, eta teoriatik errealitatera salto handia egoten dela. Edoskitze taldean hutsune hori betetzen saiatzen gara», esan du emaginak. Aldaketa garaia bizi dugula dio emaginak. «Gure ama eta amonen garaian 'modan' jarri zen edoskitze artifiziala eta erditze erabat medikalizatuak, hobeak zirela zabaldu zen eta bat-batean erabat naturala zen prozesua irauli egin zen».

Tolosako edoskitze taldea asteartero biltzen da eta talde irekia da. «Egia da talde hauek irekiak direla eta printzipioz ez dutela epe mugarik, baina egia da ere lehen hilabeteak pasata zailagoa izaten dela etortzea, lanen ordutegia dela eta».

Edoskitze taldean era guzietako edoskitzeak sartzen dira; mistoa, amarekiko edoskitzea edo artifiziala egiten dutenak. Amarekiko edoskitzearen onuren berri ematen du Morenzak, nahiz eta dena den «egokia». «Amarekiko edoskitzea haurraren beharretara egokitzen da. Zure esnea haurraren araberakoa izango da, haurtxoa handitzen doan heinean aldatzen doa eta bere beharretara egokitzen da. Hobeto elikatutako haurrak dira, diabetesa edo gehiegizko pisua edukitzeko arrisku gutxiago izaten dute... onura asko ekartzen ditu. Baina edoskitze artifiziala aukeratzen dutenek ere jakin behar dute haur horiek ere osasuntsu egon ahal direla, informazioa edukitzea da garrantzitsuena».

Mitoak ere sortzen dira edoskitzearen inguruan; ez dut esne nahikorik, nire esneak ez du balio, haurra ez da nahikoa gizentzen.. dira entzuten diren esanetako asko. «Beldurrak asko dira eta informazio eta laguntza nahikorik gabe zalantzak pilatzen dira. Oso gutxi dira bularra eman ezin duten emakumeak, normalean ez da arazorik egoten, baina hasieran neketsua izan daiteke oso. Esnea beharren arabera sortzen da, geroz eta gehiago eman, orduan eta esne gehiago sortzen da, beraz, ez da egia emakume batek ez duela esnerik sortzen. Hasieran esnea igotzea kosta egiten da, eta egia da une latzak direla, eta haurrari 'gehigarriekin' lagundu ahal zaiela, baina bularra emanez gero, esne gehiago sortzen joango da emakumea. Pazientzia behar da eta bikotearen edo ingurukoen babesa. Ama bati bularra ematea nekeza egiten bazaio, arazoak baditu, baina bularra eman nahi duela argi badauka, ingurukoen babesa jaso behar du, bestela nazkatu eta utzi egingo du».

«Normalean etortzen direnek ez dute arazorik izaten edoskitzearekin, baina taldean biltzeak mesede egiten dielako etortzen dira, orain, hala ere, masajeak ematen dizkiegu haurrei eta beraz, hori ikasteko ere etortzen dira», esan du. «Masajeek indar asko hartu dute. Haurtxoekin sortzen den lotura ikaragarria da. Amarekiko edoskitzeak eta masajeek sortzen duten lotura oso garrantzitsua da. Masajeek bere garapenean lagunduko die eta baita emozionalki ere. Maitatuak direla sentitzen dute eta lotura sortzen du masajea ematen dionarekin. Gorputz guztia lantzen dugu eta normalean, masajeak jasotzen dituzten haurtxo horiek argiak dira. Koliko gutxiago izaten dituzte gainera. Normalean besoetan eta kontaktu zuzenean denbora gehiago ematen duten haurrek, negar gutxiago egiten dute. Kolikoekin ere badu zerikusia. Haurrak gainean eramateko ohitura duten herrialdeetan, Afrikan esaterako, ez dute koliko arazorik. Orain arte elikadurarekin lotu izan dugu eta badirudi beste zerbaitekin duela zerikusia; harreman zuzena, kontaktu gehiago duten haurtxoek koliko gutxiago izaten dituzte, eta beraz, masajeek onura egiten diete».

Azken hilabeteetan amatasunaren inguruko diskurtso asko eraiki dira eta batzuetan talka ere egiten duela dirudi. Ama Txarren klubek komunikabideetako titular eta lerro asko eraman dituzte eta amatasuna «idealizatu» dela dioten ahotsak entzun dira, ozen, urteetako «zapalkuntzari» aurrea hartuz. Horrekin batera, ordea, amatasuna naturalaren joera nagusitu da; amarekiko eta haurren eskaeren araberako edoskitzea, ohea partekatzea, soinean eramatea motxilen edo zapien bidez... Emaginak dena dela egokia dio, «prozesua bera da, baina bakoitzak desberdin bizi du, nire lana edoskitzeari edo emakumeen osatzeari buruzko informazioa ematea da, dagoen informazioa, eta horren arabera laguntzea. Noski edoskitzeari buruz, amarekiko edoskitzeak baditu artifizialak ez dituen hainbat onura, eta horien berri ematen dut, baina bakoitzak hautatutakoa errespetatzen dugu. Dauden aukerak mahai gainean jarrita eta informazioa edukita aukeratzea da garrantzitsua, eta gu laguntzeko gaude».

Horixe da emaginak adierazi nahi izan duena, aukerak mila daudela, eta emaginak laguntzeko daudela, zalantzak argitu eta informazioa emateko. «Erditu aurretik eta geroko laguntza eman ahal dugu eta ez hori bakarrik, taldean biltzen gara eta egoera bera bizi duten beste emakume batzuekin egoteko aukera dago, hori oso aberasgarria da, eta lasaigarria askotan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!