Itzulia 'Leaburuko Purito'-rekin pasa da Tolosaldetik

Asier Imaz 2017ko apirilaren 5a

Jon Irisarri eskualdeko errepideetan ibili da gaur, Caja Ruraleko elastikoarekin, zaletu eta lagunen animoei irribarrearekin erantzunez

Euskal Herriko Itzuliaren 57. edizioa pasa da gaur eskualdetik. Hirugarren etapa Gasteizen hasi da, Donostian bukatzeko. David de la Cruz izan da irabazlea, Igeldon gora ihes egin ondoren segundo gutxiko aldea lortuta. Kataluinarraren poza handia izan baldin bada helmugan, zer esanik ez Jon Irisarrirena lasterketan zehar. Leaburuko txirrindulariaren lehen urtea da profesionaletan, eta etxetik gertu, ondo ezagutzen dituen errepideetan ibiltzeko aukera izan du gaur.

Caja Ruraleko txirrindulariak tropelaren barruan zeharkatu du eskualdea. Tolosan irribarrez ikusi dute, eta baita Alkizan gora ere. Hirugarren mailako mendate honetan barre egiteko arrazoiak bazituen, lagunak bertan baitzituen pankarta eta guzti: Egurra Mou! Leaburuko Purito.

Lasterketari dagokionez, eskualdera bederatzi iheslari sartu dira tropelaren aurretik. Alkizan Jakob Fuglsang izan da azkarrena, baina bederatzikoa bertan puskatu da. Andazarrate igaro ondoren, iheslarien azken kilometroak etorri dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!