Korrika 20 -2017-

Efimeroaren ederra

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko api. 5a, 08:00

200 lekuko aldaketa baino gehiago izan ziren, atzo, Tolosaldean, eta beste hainbeste eskuk garraiatu zuten lekukoa, Iruñera bidean; irudian, 1.104. kilometroa, Zizurkilen.

20. Korrikaren lehen olatuak pasatu du Tolosaldea, Lizartzatik Adunara; astearte goiza «izugarritzat» jo dute antolatzaileek.

Etorri eta joan egiten da. Hartu eta eman egiten da. Edo, itxaron eta agurtu, efimeroa baita Korrika. Efimeroa bezain iraunkorra, azkar ihes eginagatik, oroitzapen ezabaezinen fabrika delako, furgoneta argidunaren martxa. Korrikak bizipenak tatuatzen ditu euskaltzaleen memorietan, eta izerdiz, urduritasunez, zirraraz, maitasunaz zein negarraz zahartzen du, euskararen herriaren lekukoa.

Atzo, Tolosaldeko ehunka ilusionistak hauspotu zuten lasterketa, txaloka, eta beste hainbeste malabaristak garraiatu lekukoa. Edurne Ayuso Tolosaldeko Korrikaren koordinatzaileak ahotsa galdu zuen mikrofonotik «tipi-tapa» oihukatuz, baina galdutakoa baino askoz ere gehiago eman dio 20. Korrikak: «Korrika oso momentukoa da, bai, baina, era berean, bizitza osorako bihotzean geratzen den zerbait da (...). Gaur jendearen aurpegiak ikusi ditut, eta guztiek zuten ilusioa eta poza. Lekuko eramale guztiek dute, jada, bizitza osoan kontatzeko moduko anekdota polit eta hunkigarri bat».

Izan ere, zalantzarik ez da: Korrikaren mekanismo sinpleak, absurdotik duen guztia du zoragarritik. Mapa destolestu, hasiera puntu bat aukeratu, eta egin litekeen ibilbiderik kiribiltsuena marrazten du, euskalki, lurralde eta mugak zeharkatuz. «Izugarria izan da goizean goiz Lizartzara iristea, Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugara, ilunpetan, ia bakarrik, eta ikustea herriz herri nola bidera atera garen, eta nola euskaltzalez bete dugun Lizartza eta Andoain arteko bidea. Zoragarria izan da», zioen Edurne Ayusok, furgonetatik jaitsi berritan.

Korrikaren lehen olatua pasatu da Tolosaldetik, bai, baina euskararen itsasoa tantaz betetzen jarraitzeko bigarren hitzordua larunbatean izango da, lekukoko mezu sekretua Iruñera iritsi bezperan. Bide horretan, euskalduntzeari kolore eta forma guztiak oparitzearekin batera, 20. Korrikan doakotasuna aldarrikatu du AEK-k, eta Ayusok ere azpimarra jarri dio: «Diruak ez du traba izan behar euskalduntze bidean. Zorionez, asko dira Euskal Herrira beste kultura eta hizkuntza batzuetatik etorritako gizon-emakumeak. Askoren nahia izaten da euskara ikastea, baina, beharbada, batzuetan, ez dute horretarako baliabide ekonomikorik izaten. Doakotasunaren bidetik jende gehiago ekarriko dugu euskararen itsasora, eta BatZuk talde hori zabalagoa izango da».

Bat zuk eta bat nik eginez, joan den ostegunean Otxandion hasitakoa Iruñean geldituko da, datorren igandean. Gelditu bai, baina ez bukatu, etenik gabeko lasterketan oxigeno izango baita, lekukoak hiribururaino garraiatuko duen mezua.

Tolosaldetik ere izango da aukerarik, 20. Korrikaren amaiera bertatik bertara bizitzeko, Korrika batzordeak autobusak antolatu baititu hara bertaratzeko. 09:30ean irtengo dira Tolosako Santa Klaratik, eta 09:45ean Villabonako eliza parean egingo dute geldialdia. Iruñetik, berriz, iluntzean abiatuko dira, 20:00etan. Txartelak eskuragarri daude, Tolosako Ikatza tabernan, eta Villabonako Amasa kafetegian, ostegunera bitarte. Bere aldetik, Edurne Ayusok herritarrei dei egin die, animatu daitezen, eta apirilaren 9an, Iruñean, BatZuk gehiago izan daitezen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!