Puntual iritsi da Korrika Lizartzara, goiztiar ibili dira haurrak eta helduak, baina gaurko egunak ez du ajerik uzten. Indartsu egin dute bidea. Eta eskuz esku lekukoa pasaz joan da. Guztiek izan dute euskararen aldeko lekukoari gogotsu heltzeko aukera. Milaka eskutik pasa da lekukoa, eta tartean pasa dira Orexa, Leaburu-Txarama edota Berrobiko herritarrak. Tolosara egun argitan sartu da. Eta bat egin du jendetzarekin. Eromenarekin. Suge koloretsu bat bailitzan ibili dira lasterkariak Tolosako kaleetan.
Batzuk gosalduta, besteak ez. Batzuk urduri, besteak alai. Batzuk metro batzuk, besteak kilometroak. Korrika, pauso azkarrean edota gurpildun aulkian egin dute aurrera. Batzuk euskaldunak eta besteak euskara ikasten ari direnak. Baina denek bat egin nahi izan dute Korrikarekin. Euskararekin.
Lekukoaren lekuko izan gara Korrikako furgonetatik. Edurne Ayuso Tolosaldeko Korrikaren arduradunak ez du eztarria urratzeko beldurrik izan, eta hasi Lizartzatik eta Adunara bitartean korrikalari guztiak animatu ditu. Eskuak altxaraziz eta txaloak joz. Auzolanean aurrera atera dela behin baino gehiagotan aipatu du mikrofonotik, herri bakoitzeko Korrika Batzordeetako arduradunek egin duten lana goraipatu eta txalotuz.
Dj Bullek ere 20. Korrikan ez du hutsik egin, eta lasterkariek erritmoa galtzeko betarik ez dute izan. Abesti batek besteari paso emanez, eta unean-unean abesti egokia jarriz.
Minutu gutxi izan ohi dira. Zain egotea luze egiten da, baina etorri bezala joaten da. Anoeta, Irura, Amasa-Villabona, Zizurkil eta Adunako errepide eta errepide bazterrak bete ditu. Baina, 20. Korrikak ere, beste bizipen batzuk utziko ditu larunbatean Ikaztegietatik sartu eta Abaltzisketatik irtetean.