Hondakinak biltzeko sisteman aldaketak egingo dituzte Anoetan eta Zizurkilen

Ataria 2017ko martxoaren 31

Tolosaldeko Mankomunitateak, datorren astelehenean, apirilak 3, papera-kartoia eta ontzi arinen bilketarako edukiontzi urdinak eta horiak jartzen hasiko da Anoeta eta Zizurkilen.

Herri hauetan organikoa eta errefusa, aldaketarik gabe, atez ateko bilketa sisteman biltzen jarraituko da. Organikoa, astearte, ostiral eta igandeetan, 22:00etan hasita bilduko da eta errefusa, larunbatetan, ordu horretan. Pardelak, organikoa eta errefusaren bilketa egunetan atera daitezke 22:00etarako.

Merkataritza eta ostalaritzaren kasuan, errefusa eta organikoa, orain arte bezala, atez ate jasoko da. Aldiz, ontzi arinak eta papera kalean egongo diren edukiontzi hori eta urdinetan utzi behar dira.

Kartoiari dagokionez, bilketa egunak aldatzen dira. Datorren astetik aurrera, astearte eta ostiraletan jasoko da atez ateko bilketa sisteman, 22:00etan hasita. Hortaz, merkatariek ez dute sortutako kartoia edukiontzi urdinaren barruan sartu behar, ezta ere, lurrean hauen aldamenean utzi behar.

Traste zaharren eta tamaina handikoen bilketa berriz, edukiontzien ondoan, hileko bigarren eta azken asteartearen bezperan atera behar dira, 20:00etatik aurrera. Aldez aurretik abisua mankomunitateko telefonoan eman beharko da, 943 67 62 16an.

Bestalde, beira, landare olioa, arropak eta pilak jasotzeko edukiontziak ere izango dira Anoeta eta Zizurkilgo kaleetan eta Andoainen eta Tolosan garbiguneak daude bestelako hondakinak eraman ahal izateko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!