«Eskandalu handi bat da, diru publikoaren lapurreta bat da»

Iñigo Terradillos 2017ko mar. 29a, 15:03

Egin asmo duten erraustegia izango dute hizpide gaur, Pello Zubiriak eta Joxe Mari Irazustak Errausketaren Aurkako Aiztondo Plataformak gonbidatuta. Erraustegia. Zor toxikoa ala alternatiba hitzaldia, Tolosako kultur etxean izango da, 19:00etatik aurrera.

«Asko hitz egiten da osasunaz eta ingurumenaz, eta hitz egin behar da, baina diruaz ere hitz egin behar da. Hau eskandalu bat da, diru publikoaren lapurreta bat da», dio Pello Zubiria kazetariak. Zubiriak «zor toxikoaren» inguruan hitz egingo du gaurko hitzaldian, eta Usurbilgo Joxe Mari Irazustak, alternatiben inguruan, «egon badaudelako, Tolosaldean adibide oso argiak dituzue, aitzindari zarete Zero Zabor herrietan».

Zubiriak datuak emango ditu, bere ustez «demagogiak alde batera utzi eta herritarrek erraustegiaren kostuez hitz egitea lortu behar dugu. Diruaz hitz egin behar da, gure udaletxeetan dirua behar da helduak zaintzeko, zerbitzuak emateko... eta geroz eta zor publiko gehiago dagoenez, geroz eta diru publiko gutxiago dago. Herritar bakoitzak egin dezakeen ariketa da; udaletxe bakoitzak erraustegiarengatik zer ordaindu behar duen eta aurrekontua zenbatekoa den alderatu daiteke».

Datuak «eskandalagarriak» direla esango du eta hartutako konpromisoak epe luzera hartu dituztela. «Orain dela gutxi jakin da auzitegiak baliokotzat eman duela 2011n orduko agintariek sinatu zuten swap izateko produktu espekulatiboa, hau da, 68 milioi euro ordaindu ziren, klausula bat sinatu zen, erraustegia egin ala ez egin, Gipuzkoak X diru kopuru ordainduko duela bermatzeko. Swap produktua azken krisi ekonomikoa ekarri duen finantza-krisiaren oinarrian dago. Epaitegiek diote hori ondo sinatu zutela eta gipuzkoarrek jarraitu behar dutela ordaintzen: 600.000 euro hilean erraustegia egin ala ez».

Ez da hau, ordea, gipuzkoarrek izango duten «zor toxiko» bakarra, «beste zor bat sartu digute, 35 urtetarako, hau da 2051. urtera artekoa». «Nire ondorengoek eta nire ondorengoen ondorengoek ordaindu beharko dute zor hori. Eskandalu handi bat da hori», gaineratu du.

Swap produktu hori 2011n sinatu zuten eta hori ere esanguratsua dela esan du kazetariak, testuingurua kontuan hartu behar baita. «Krisia 2008an lehertu zen eta hau 2011n sinatu zuten. Auditoria eta ikerketa batzorde on bat eskatzen du honek. Zergatik sinatu zuten orduko agintariek? Hauteskundeak galduta zituztenean sinatu zuten, gipuzkoar guztiak lotuta uzteko. Lau urteko geldialdiaren ondoren EAJ eta PSEk hartu dutenean boterea Gipuzkoan, horrekin jarraitu dute».

585 milioi euroko tasa
Beste daturik ere eman du: Gipuzkoako udaletxe bakoitzak ordaindu beharko duena 2051. urtera arte, nahiz eta erraustegia ez egin. «Gipuzkoak erabakitzen badu ez duela erraustegirik nahi kalte ordaina ordaindu beharko dugu eta horren tasa 585 milioi eurokoa da. Finantza publikoaren aldetik, horrenbesteko astakeria da, eskatzen duela herritarrok hitz egitea». «Zabor gehiago edo gutxiago sortu, aldaketak egon ala ez, 2051 arte ordaindu beharko den zorra da», gaineratu du. 

Zor «toxikoez» harago, badago beste irakurketarik ere, lotuta badaude ere, hau da, Gipuzkoan sortzen diren hondakinen kudeaketa «enpresa pribatu batzuen esku geratuko dela datozen urteetarako». «Kopuru asko aipatzen dira, baina bada kopuru garrantzitsu bat ere: zenbat errefus sortzen du herritar batek? Arazoa errefusarekin dugu, hondakin nahastu horrekin, Gipuzkoako herrian erdia baino gehiagok 80 kilo baino gutxiago sortzen du, pertsonako eta urteko, baina Gipuzkoako hiri handienetan 220 kilotik gora sortzen jarraitzen dute. Arazoa hori da. Gipuzkoan erakutsi dugu posible dela 50 mila tona errefus bakarrik sortzea eta hala ere, erraustegi bat muntatu nahi dute, non 150 mila tona erreko dituzten. Guk ordainduko dugu, ez dugu nahiko hondakin sortuko eta kanpotik ekarriko digute, kontzesio pribatu bat denez nahi dutena egingo dutelako. Sekulako astakeria da eta ez dugu behar, badago alternatiba. Etxeetan, kalean, dago alternatiba, egunero erakusten dugu hondakinak beste modu batean kudeatu daitezkeela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!