Serbian dauden errefuxiatuei laguntzeko ekimenak aurrera jarraitzen du. Bidaiarien Txokoak eta Zumardiak otsailean egin zuten deialdiak erantzun bikaina izan zuen, eta espero baino arropa eta diru gehiago bildu zen. Martxo hasieran bidaia antolatu zen, Belgradera joan eta neguko arropa errefuxiatuen artean banatzeko. Sei lagunez osaturiko taldea osatu zen, eta zailtasunak eta trabak tarteko, bildutako arroparen zati bat bertaratzea eta biltegi batean sartzea lortu zen. Lehen bidaia hura uste baino gehiago luzatu zen, arropaz beteta zetorren kamioia Belgraden sartzeko egin beharreko kudeaketengatik. Iraupena luzatzeak, baina, aukera eman zion taldeari Serbiako hiriburuan errefuxiatuen egoera gehiago ezagutzeko, proiektu gehiagoren berri izateko, eta horietako batzuetan parte hartzeko.
Lehendabiziko taldeak etxerako bidea hartu zuen, eta euren lekukoa Trintxerpetik helburu berarekin joandako taldeak hartu zuen. Beraiek ere Serbian dauden errefuxiatuentzat arropa bilketa eginda zuten, eta euren furgonetetan eraman zuten arroparekin batera, Tolosako taldeak biltegian gordetakoa ere banatzen aritu ziren.
Bitartean, Zumardia eta Bidaiarien Txokoko kideek herritarren laguntza eskatzen jarraitu zuten. Lehendabiziko bidaiarako arropa gehiegi zela ikusi zenez, zati bat Irurako biltegi batean gorde zen, eta hori ondo txukundu eta sailkatzeko boluntario eskaria egin zuten. Horrek ere erantzun paregabea izan zuen. Bigarren deialdiarekin Serbiara laguntzera joateko boluntario sarea osatzea izan zuten helburu. Horren erantzuna ere ona izan zen, adin askotariko herritarrek eman zutelarik izena errefuxiatuen gunera bertara laguntzera joateko.
Bada, izena eman zutenen artean boskotea osatu zuten, eta Mauro Marotias Zumardia elkarteko kide eta lehen bidaian parte hartu zuen tolosarrarekin batera joan ziren Serbiara martxoko bigarren astean. Lidia Hernandez, Maitane Agirre, Maria Irujo, Jon Ander Galarza eta Patxi Lasak osatu zuten bosteko taldea. Belgradeko biltegian pilatutako arropa guztia banatzea lortu zuten, eta errefuxiatuei bideratutako beste hainbat ekimenetan ere parte hartu zuten.
SENTIMENDU GAZI-GOZOA
Elkartasun abenturatik itzulita, eta bidaia nolakoa izan den galdetuta, «desberdina» izan dela kontatu du Lidia Hernandezek, «motza eta intentsitate handikoa». «Gazi-gozoa» ere aipatzen dute taldekideek. Izan ere, Maitane Agirrek dioenez, «Gauza pila bat egiteko gogoz joaten zara, eta behin han zaudelarik konturatzen zara ez dela hain erraza nahi duzun hori guztia egitea: lehendabizi halako elkarteko ordezkariarekin hitz egin behar da, furgonetak alokatu behar dira, guztia antolatu... denbora asko joaten da prestaketetan». Txipa aldatzea ere asko kostatzen dela azaldu dute, ez soilik handik hona itzultzean, baita hara iristean ere: «Hara iritsi, hango egoerara egin eta onartzea asko kosta zitzaidan niri», dio Jon Ander Galarza.
Arropa biltzeko deialdiarekin Belgradeko tren geltokiaren atzealdeko abandonaturiko pabiloietan bizi diren errefuxiatuen beharrak erantzun nahi izan ziren. Bilketan jasotakoa espero baino gehiago izan zenez, gune horretara ezezik, gehiagotara ere banatu ahal izan da: «Serbian hedatuta dauden errefuxiatuentzako 17 kanpalekuetan arroparen beharra ere badagoela ikusi genuen», azaldu du Hernandezek. Furgoneta alokatu zuten eta kanpalekuetara joan-etorriak egiten hasi ziren.
Bitartean, eta furgonetan guztientzako lekurik ez zegoenez, taldeko bi kide Belgraden bertan geratu ziren: «Sukaldatzen lagundu dugu, materiala kanpalekuetara garraiatzen... denetarik. Elkarteetako kideengana joan eta zertan lagundu genezakeen geldetzen genuen, eta beraiek esaten ziguten non zuten jendearen beharra», gogoratu du Hernandezek.
Hain juxtu, horrelako ekimen batean lagundu nahi duenarentzat mezu hori zabaldu nahi du tolosarrak: «Ez izateko zalantzarik, bertaratu laguntza behar den lekura, eta galdetu zertan lagundu daitekeen». Horretan hizkuntza desberdinak jakiteari garrantzia ematen dio Patxi Lasak, «bai errefuxiatuekin, bai eta elkarte desberdinetako kideekin komunikatzeko asko laguntzen baitu».
Bidaiean izan duten une hunkigarri bat ere bereziki gogoratzen dute boluntarioek: «Biltegia ia hustuta genuen, azken eguna zen, eta handik gertu ijitoak bizi diren gune bat ikusi genuen. Geratzen zen arropa bertara eramatea pentsatu genuen, eta nola hartu zuten ikusita bete-betean asmatu genuen, oso hunkigarria izan zen», azaldu du Jon Ander Galarzak.
Bidaia aberasgarria izan da denentzat, eta laguntzen jarraitzeko borondatea azaldu dute. Izango da horretarako aukera gehiagorik, izan ere, Patxi Lasak adierazi duenaren arabera, «Irurako biltegian bada lana oraindik arropa sailkatzen, eta jendea beharko da horretan laguntzeko». Behin hori bukatuta, Belgradera eraman nahi dute, eta han banaketa egiteko berriro ere boluntarioak beharko direla jakinarazi dute.