Tolosaldeko Giltzarria

M19: atzera bueltarik ez duen mugarri historikoa

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko mar. 21a, 10:03

Tolosaldeko 28 herrietan, 12.000 bototik gora jaso zituen galdeketak; irudian, Abaltzisketako bozkalekua. TOLOSALDEKO GILTZARRIA

Fokoa herri aktibazioan jarriz, Tolosaldeko Giltzarriak galdeketaren balorazio positiboa egin du, lehen unean

Eskualdea %31ko parte hartze datuarekin pentsatzen esnatu zen atzo, Euskal Herriaren estatus politikoaren inguruko galdeketaren biharamunean. Lerroburu zenbaitek baxutzat jo zuten herritarren erantzuna; aldiz, datuaren pisua azpimarratu zuten beste hainbatek.

Zenbakietara joz, Tolosaldean, euskal estatu burujabe bateko kide izatearen aldeko botoa eman zuten 11.894 herritarrek eta, kontrara, 273 pertsonak ezezkoari 'X' markatu zioten.

Zenbakiak zenbaki, baina, Tolosaldeko Giltzarriak parte hartzean jarri nahi izan du begirada, lehen balorazioan: «Azken hilabeteotan jende askok galdetu izan ditu erantzun eta ehunekoen inguruan, eta gure erantzuna beti bera izan da: parte hartzea sustatu nahi genuen. Zalantzarik gabe, beraz, oso gustura gaude, parte hartzea ikaragarria izan baita», azaldu du Beñat Sarasola eskualdeko ordezkariak.

Batetik, bozkalekuetara bertaratu eta beren iritzia boto forman eman zutenen parte hartzea hizpide izan du Sarasolak, «herria mugitu» egin dela azpimarratuz. Halaber, boluntarioen lana ere txalotu nahi izan du galdeketaren biharamunean: «Ezinbestekoa izan da».

Igandeko hitzordua normaltasunez gauzatu izana ere nabarmendu nahi izan du Giltzarriak, horrek «aurrera jarraitzeko indarra eman» diela azalduz: «Jende guztia zegoen gonbidatuta, pentsaera desberdinetako jendea gonbidatuta zegoen, eta argazkiek hori islatzen dute: herritar guztiak umorez, lasai eta gogotsu».

Joan den ekainaren 4an publikoki ibiltzen hasitako bidea iritsi da ezarritako helmugara, eta Giltzarriak bete du bere egitekoa: galdeketa antolatu eta gauzatzea. Eta, hain zuzen ere horregatik, Beñat Sarasolak «mugarri historikotzat» jo du igandeko hitzordua: «Atzera bueltarik gabeko mugarri bat izan da, historikoa. Etorriko dira bestelako hitzorduak ere, baina guztia mugarri horretatik aurrera begira egingo dugu».

Hasteko, 2017rako zehazturiko beste hiru galdeketa olatuei indarra ematea izango da Giltzarriaren lana: «Gure esperientziaz, haiei bidea leuntzea», dio Sarasolak. Halaber, orain hasiko dira, datorren ekainaren 10ean Bilbon aurkeztuko duten herritarren ituna eskualdean saretzen.

Martxoaren 19ak utzitako beste ideia bat, ordea, euskal hiriburuetako galdeketena izan da; 2019rako aurreikuspenetan iragarri zituen Zelai Nikolas Gure Esku Dagoko ordezkariak, Tolosan egindako agerraldian. Horren harira, Beñat Sarasolak uste du «erronka potoloa baina erakargarria» izango dela, eta utopiaren ideia albo batera uztera deitu du: «Tolosaldean galdeketa bat egitea ere utopikoa zen duela lau urte, baina egin dugu. Beraz, hiriburuetan zergatik ez? Posible da, baina lan handia egin beharra dago. Tantaka-tantaka milaka herritar erabakitzeko eskubidea gauzatzen ari baldin bagara, zergatik ez egin denok batera?».

«GIZARTE GIHARRA»

Tolosaldeko galdeketaren biharamunaz aritu ziren, Garbiñe Biurrun eta Martxelo Otamendi aditu tolosarrak, ATARIA IRRATIA-n. Biek ala biek txalotu zuten igandeko ariketa, eta «eskubideak erabiliz irabazten» direla azpimarratu zuen epaileak.

Berria egunkariko zuzendariak, berriz, igandeko galdeketa aztertzeko bi plano izan zituen hizpide. Batetik, parte hartzeari begira dagoena: «Tentaldia izan genezake, pentsatzeko, parte hartze baxua izan dela, eskualdeko konposizio soziopolitikoa oso abertzalea dela jakinda».

Bestetik, ordea, Martxelo Otamendik arreta jarri nahi izan zuen, halako prozesuek inguruko gizartean uzten duten arrastoan: «Botoa ematera iritsi aurretik pare bat urteko lana dago, eta jende askori azaltzen zaio zer den autodeterminazioa, zer den independentzia edo zer den burujabe izatea. Horregatik, galdeketaren egunean ikusten ez den arren, prozesuak arrasto handia uzten du, eta ez du atzera bueltarik. Aktibazio hori gimnasia soziologikoa da; gizarte giharra».

Gihar hori indartu eta euskal hiriburuetako balizko galdeketei begira, azkenik, Garbiñe Biurrunek indar eragiletzat jo ditu eskualdeetako ariketak: «Eusko Legebiltzarreko autogobernuaren inguruko ponentzian eragina izango dute eskualdeetako galdeketek, ziur».

Martxelo Otamendik, bere aldetik, uste du Gure Esku Dago herri dinamikak eta Eusko Legebiltzarrak beren egutegiak uztartu beharko dituztela: «2019ko herri galdeketetan, ziur aski, parentesi bat egin beharko dute, legebiltzarrean autonomia estatutu berrituaren testua osatu, itxi eta bozetarako kanpaina egiteak hilabeteak emango baititu. Hala ere, ez da arazo bat izango, hori guztia hitz eginda eta adostuta egiten badute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!