«Latza izan da», Tolosaldeko Giltzarriako arduradun Beñat Sarasolaren hitzak dira. «Gaur galdeketa egin den 35 herrietan demokraziak irabazi du. Tolosaldeak ere irabazi du. Gaur erakutsi dugu elkarrekin erabakitzea posible dela, normaltasunez egin daitekeela, ez doala inoren aurka, denon alde baizik». 12.370 herritarrek eman dute botoa Tolosaldeko 28 herrietan antolatutako galdeketan, deitutakoen %31,37ak. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko kide izan? galderari 11.894 lagunek baiezkoarekin erantzun diote eta 273k ezezkoarekin.
Gaur emandako urratsa «izugarria» dela aipatu du Sarasolak, «adostasunaren bidean erabakiaren bidean atzera-bueltarik gabeko urratsa». Tolosaldeko 28 herriak egun historiko horren zati izan dira, «gazta zati bat» Sarasolaren esanetan.
Hiru milioi biztanleko herriak erabakia har dezan, «erronka» jarri du Gure Esku Dago-k eta geure baitan dauden mugak desegitera dei egin du dinamikak: «Ezinak, mugak edo paretak agertzen direnean, ikusiko dugu horren handiak diren. Gerta liteke bidearen amaieran pareta irmo bat aurkitzea, baina gerta liteke, baita ere ibiliaren ibiliaz gu iristerako paretarik ere ez egotea, edo jauzi txiki batekin igaro ahal izatea. Herritarron borondatea oztopo guztiak baino irmoagoa baita», Zerkausian gaur iluntzean egindako agerraldian esandakoaren arabera.
Erabaki hori gauzatu dadin, herritarrek «euren esku dagoen guztia» egingo dutela berretsi dute Tolosaldeko Giltzarriako kideek. «Ibiliz egingo dugu bidea, erabakiz ikasiko dugu erabakiaren bidea. Erabakitzen hasi gara, eta bide honek ez du etenik». Zailena ez da erabakitzea Sarasolaren esanetan, «bidea eta galdera adostea da zaila, hautetsontziak kalean jartzea. Hori da adostasuna eskatzen duena, elkarlana eskatzen duena, areriotzat hartu dugun hori herrikidea dela gogorarazten diguna».
Gure Esku Dago-k 2018ra begira zehaztu du «anbizioz» beteriko bide orri bat eta Tolosaldean burutu den galdeketa «urrats erabakigarri» bezala hartu dute Giltzarriako kideek, «ziur gaude gaur hemen posible izan dena bihar posible izango dela Euskal Herrian. Bejondeigula denoi».
Dinamika hau, 123 kilometroko giza kate erraldoiarekin abiatu zen. Donostian egindako mosaiko erraldoi horretan esan zuten bezala, «hemen erabakia posible izan dadin, hautetsontzi propioa eraiki behar dugu». Hautetsontziei begira jarri ziren atzo Tolosaldeko 28 herrietan, Oarsoaldean, Hernani eta Astigarran eta Bizkaiko Larrabetzu herrian.
Egun osoan herriz herri egindako lana eskertu du Sarasola bozeramaileak. Egun bete-betekoa izan zen: botoa emateko aukera izan dute eskualde osoko herritarrek, 150 boluntariok baino gehiagok egindako lanari esker. Urte osoan lanean aritu direnei eta gaurko galdeketa posible egin dutenei, eskerrak eman dizkie Giltzarriak: «Zuek gabe ezinezkoa litzateke egun historiko hau antolatzea».
OREXAN JENDE GEHIEN
09:00etan ireki dituzte bozkalekuak, eta 20:00ak arte egon dira zabalik. Bozkatzeko aukera izan duten eskualdeko herritarren %31,37k parte hartu du galdeketan; 39.442 pertsonek zuten botoa emateko aukera eta horietatik 12.370ek egin dute ariketa demokratikoa.
Herri txikienetan parte hartu du jendeak gehien. Orexan, esate baterako %82,11koa izan da parte hartze portzentajea. Orendainen (%75,78) eta Baliarrainen (%77) ere jendea erruz gerturatu da. Deitutakoen erdia baino gehiago bertaratu da bozkalekura Abaltzisketan (%64,07), Alkizan (%54,04), Altzon (56,33), Belauntzan (%53,3), Bidania-Goiatzen (%51,82), Gaztelun (%52,99) eta Lizartzan (%57,42).
Herri handienetan %25aren inguruko parte hartzea izan da gaurko galdeketan. Tolosan, esate baterako, 4.250 pertsonek eman dute botoa, erroldaren %25,98. Zizurkilen (%25,48), Amasa-Villabonan (%29,48) eta Ibarran (%27,08) hautesleen laurdena baino gehiago gerturatu da kontsultan bere iritzia ematera.
Euskal estatu burujabe baten aldekoak izan dira 11.894 boto (%96,15). Ezezkoak %2,2 izan dira eta boto zuriak, 157.
JAI GIROAN ERABAKIZ
Behin ere ez dute Tolosaldeko herritarrek aldi berean, gai baten inguruan iritzia batera emateko aukera izan, beraz, ospakizuna ere izan da gaurkoa. Horrela bizi izan dute eskualdeko herritarrek.
Botoa ematera gerturatu daitezen herritarrak animatzeko, megafonia eta soinua izan dira herri gehienetan eta Euskal Herrian ohikoa den bezala janaren bueltan antolatu dira galdeketak herriz herri. Izan dira barrikoteak, sagardo eta pintxo dastaketak, saiheski jateak eta talo bazkariak.
Musika emanaldiekin borobildu da eguna eta trikitilariak aritu dira, adibidez, Ikaztegietan. Errukirik Gabe eta Oztopo taldeek Ibarran eskaini dute kontzertua eta Bihozkada taldeak eta Gatxet MJak Villabonako Errebote plazan jardun dute. Boluntario bezala eskualdean aritu ziren herritar asko Tolosan bildu dira iluntzean, emaitzak bertatik bertara jaso eta ospakizunetan parte hartzeko.
35 HERRIETAN, 30.389 BOTO
Tolosaldeaz gainera, atzo, galdeketak antolatu ziren Oarsoaldean (Errenteria, Lezo, Pasaia eta Oiartzun), Hernani eta Astigarragan eta Larrabetzun. Guztira, 35 udalerri eta 124.274 herritarrek zuten botoa emateko aukera. Erabakitzeko eskubidea egikaritu eta bozkalekura hurbildu ziren 30.389, hautesleen % 24,4a.
Parte hartzerik altuena Larrabetzun izan zuten atzo. 1.585 herritar zeuden botoa ematera deituta eta horietatik %58k eman zuten, alegia, 919 larrabetzuarrek. Oarsoaldeko lau herrietan (%19,52) eta Buruntzaldeko bietan (%23,7) antzekoa izan zen parte hartzea, baina beti ere, Larrabetzun eta Tolosaldeko herrietan baino baxuagoa. Gure Esku Dago-k atzo iluntzean egindako lehen balorazioan aipatu zuenez, «gaur hasi besterik ez da egin, hamarkadetan izan dugun harresia botatzea lortu dugu. Ikaragarria izan da».
HIRUGARREN OLATUALDIA
Galdeketen egitasmoa zabaltzen ari da eta beste jauzi bat emango du apirilaren 2an. Busturialdeko 16 herritan eta Arrigorriagan egingo dira kontsultak. Maiatzean berriz, Bizkaiko hainbat eskualde Durangaldea, Lea-Artibai eta Uribe-Butroe eta Gipuzkoako Debabarrena eta Urola Kosta batuko dira olatura. Nafarroan ere ekainerako iragarri dituzte galdeketak Bortzirietan, Mendialdean, Sakanan, Basaburua eta Imotzen.
2019ra arteko bide orria Prest du Gure Esku Dago herri dinamikak eta bertan jasoa du Euskal Herriko hiriburuetan galdeketak antolatzeko asmoa. Horrekin batera, eta aurtengo lan ildoen artean, erabakitzeko eskubidearen aldeko Itun Herritarra osatzea du helburu. Bilbon aurkeztuko dute ekimen hori ekainaren 10ean. Horra bidean, hiru erara egin ahal izango da ekarpena: norbanako modura, datorren larunbatetik aurrera Gure Esku Dago-k sarean izango duen plataforma batean; taldeka, herrietako guneek antolatutako bilkuretan parte hartuz; eta martxoaren 25ean Beasainen antolatuko duten saio irekian. Euskal Herriko eragileen ituna osatzea izango da Gure Esku Dago-ren ondorengo helburua, «Euskal Herri mailako ituna osa dadin».
%31,36 PARTE HARTZEA ESKUALDEAN
Tolosaldeko 28 herrietako bataz besteko parte hartzea izan zen atzoko galdeketan. Herri txikienetan gerturatu zen jende gehien, esate baterako, Orexan %82,11koa izan zen parte hartzea. Tolosan, berriz, deitutakoen %25,98ak eman zuen botoa atzoko kontsultan.
11.894 ESTATU BURUJABEAREN ALDE
Botoa eman zutenen %96,15ak egin zuen baiezkoaren alde, eta beraz, euskal estatu burujabe baten alde agertu ziren. 254 pertsonek eman zuten ezezko botoa eta zuriak 157 izan ziren. Baliogabeak ere zenbatu zituzten eta orotara, eskualdeko 28 herrietan, 46 izan ziren boto nuloak.