Tolosaldeko Giltzarria

«Laster hartu ahal izango du erabakia 3 milioi biztanleko herri honek»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 19a, 17:56

Zelai Nikolas Ezkurdia (Barrika, Bizkaia, 1968) Gure Esku Dago-ren bozeramailearen iritziz gaurko «ariketa demokratikoa» pentsaezina zen orain urte batzuk, «orain ordea, herriz herri eredu izaten ari gara. Ezinezkoa zena posible egin dugu, milaka herritarrek egin dute posible». Galdeketak «gizartearen ahalduntzeak» direla nabarmendu du.

Zer moduz doa eguna?
Bozketa jai giroan ematen ari da, festaren demokrazia ospatu du jendeak. Pozik gaude denok. Antolatzaileak pozik gaude erronka handia zen eta lortu dugu, eta bidean asko ikasteko aukera izan dugu. Demokrazia kultura berri bat sortu nahi dugu erabakitzeko eskubidearen inguruan, gaitasun berriak eskuratu nahi ditugu herritar bezala, konplexuak atzean utzi eta mugak gainditzeko. Antolaketan ibili den jendeak hori azpimarratu du, topatu duten eskuzabaltasuna nabarmendu dute, pentsa gaur 2.000 lagunek hartu dute parte antolaketan. Arazoen aurrean irtenbideak topatu ditugu. Eta herritarrak ere pozik sumatu ditut.


Zein ikasbide atera behar dugu herritarrok horrelako prozesu parte hartzaile baten aurrean?
Parte hartu behar dugula. Erabakitzeko eskubidearen ibilbide orrian herritarrok protagonistak izan behar dugula. Gogoeta interesgarria egin genezake: Errepublika garaian ez genituen legebiltzarkideak gure borondate demokratikoak ateratzeko, Foruak genituen, oso ahulak zirenak, eta berreskuratu genituen. Horrek gerra garaian porrot egin zuen eta Estatutuarekin lortu genuen. Adostasun garrantzitsua lortu genuen hor, eta gaur egun Euskal Herrian hiru legebiltzar ditugu, herritarron babesa dutenak. Orain datozen urratsak aurreikusi behar ditugu. Dakiguna da XXI. mendean herritarrok ere prozesuetan parte hartu behar dugula irtenbideak ez direlako goitik etortzen, guk geuk hartu behar dugu parte prozesu horretan, bidea egiten joateko. Bide hori nola egin nahi dugun erabaki behar dugu, garrantzitsua baita, eta ikasten ari gara. Laster 3 milioi biztanlez osatutako herri honek erabakia hartu ahal izango du.

Eta espainiar eta frantses estatuek, zein ikasbide atera behar dute?
Demokraziari ezin zaizkiola hormak ipini. Demokrazia bideratu behar dute, estatuek egin behar dutena da bere herritarren eskubideak babestu eta bermatu. Eta eztabaida bat egin behar bada ez da dramatizatu behar, herri batek erabaki nahi badu, erabaki dezala, adostasunen bitartez kudeatuko da gero eta adostasun berriak ere emango dira, baina ezin da pentsatu prozesu hau arriskutsua denik eta gauzak mugiezinak direnik.

Parte hartzean jartzen duzue azpimarra.
Denok gara garrantzitsuak, bai bai bozkatzen dutenak eta baita ez edo zuri bozkatzen dutenak ere. Erabakitzeko eskubidea hori da, bidea ematea gai baten inguruan eztabaidatzeko eta norberak bere iritzia eman ahal izateko modu libre batean. Hori da demokrazia.


Zeintzuk izango dira Gure Esku Dagoren datozen pausoak?
Apirilaren 2an hurrengo olatua iritsiko da, Bizkaian, Busturialdean eta Gipuzkoako herri batzuetan egingo dira galdeketak. Maiatzaren 7an beste olatu handi bat egongo da Bizkaian eta Gipuzkoako herri batzuetan eta ekainean Nafarroako 40 herrik bozkatzeko aukera izango dute. Beraz, udara bitartean hori egingo dugu, eta udazkenean jarraituko dute olatuek, eta eztabaida hau 600.000 biztanle esparruetara eramango dugu. Egia da falta zaigula populazio gehien dituzten herriak, hiriburuak, baina ari gara lanean, auzoz auzo, eta espero dugu datorren urtean bertako herritarrek esango dutela beste batzuek egin duten moduan beraiek ere ariketa hau egin nahi dutela. Horrez gain, martxan jarri dugu erabakitzeko eskubidearen aldeko Itun Herritarra. Itun horren bitartez adierazi nahi duguna da herritarrok erabakitzeko eskubidearen bitartez lan handia egin dugula eta egiten ari garela. Erabaki garrantzitsuak hartu dira eta egia da, akaso, ariketa ez dugula oraindik borobildu, baina hor ditugu  79ko Estatutua, Lizarra-Garaziko akordioa, Loiolan desberdinen artean hartutako ituna, Ahotsak taldeak egindako lana... Ipar Euskal Herrian erakunde bat sortu da eta herritarron babesa jaso du bozketa baten bidez.  Ikusten da erabakitzeko eskubidea inguruan adostasun batzuk lortu ditugula, oso sendoak. Adostasun horiek galderak aukeratzeko orduan ere utzi ditugu agerian. Prest gaude beraz, erabakitzeko, erabaki nahi dugu, eta ideia horiekin guztiekin Herritarren Itun bat prestatuko dugu. Ekainaren 8an aurkeztu nahi dugu, Bilbon.


Herritarrek dute hitza, herritarrek egin dute prozesu hau guztia posible, baina berme guztiekin, begiraleekin eta zorroztasunarekin.
Noski. Herritarrok gure buruari emandako bermez egindako ariketa bat da. Guk protokolo bat adostu genuen eta protokolo horrek Kataluniako lege batzuek jarritako irizpideak eta Europa mailan jarritako irizpide zorrotzenak jarraitzen ditu. Ariketa honetan herritar guztien eskubideak berme guztiekin babestu behar dira eta horrekin hori lortu nahi dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!