Tolosaldeko Giltzarria

"Prozesuan parte aktibo" izatera deitu dute eskualdeko langileek

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko martxoaren 15a

Tolosaldeko Giltzarriak iganderako antolatu duen galdeketa babestu dute eskualdeko sindikatuetako ordezkariek, eta 20 enpresa inguruk atxikimendua eman diote egitasmoari.

Tolosako Trianguloa plazan izan da agerraldia, eta bertan izan dira eskualdeko hainbat enpresa eta sindikatutako ordezkariak. "Erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera" argi plazaratuz, Tolosaldeko Giltzarriari babesa azaldu nahi izan diote publikoki eta, horrekin batera, eskualdeko herritarrak botoa ematera deitu: "Prozesuan parte aktibo izateko deia egin nahi dugu".

Bide beretik, nabarmendu dute, Tolosaldeko Giltzarriaren aldeko mozioa onartu egin dela aurkeztu duten enpresa guztietan, eta ELA, LAB nahiz CCOOko ordezkarien atxikimenduak ere badituztela. Horrela, honako enpresetako langileek babestu dute igandeko galdeketa: Etxesa-Gamesa Asteasu, Tolosako Udala, Asuncion klinika-Inviza, SAM, Munksjo, Talleres Nazabal, Arteca, Guibe, Laskorain Ikastola, Orbinox, Insalus, Fudike, Reprocel, Ados, Man, Leibi, Ebakilan, Cadinox eta Inoximet.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!