Tolosaldeko Giltzarria

Tolosaldeko hautetsiek galdeketan parte hartzeko deia luzatu dute

Ataria 2017ko mar. 11a, 22:14

Bidaniako Iriarte jauregian egin dute agerraldia eguerdian eta Giltzarriak martxoaren 19an deitu duen galdeketan "begi onez" ikusten dutela esan dute, are gehiago, "parte hartzera, iritzia agertzera" animatu dituzte herritarrak.

Tolosaldeko 28 herrietatik 24etako hautetsiek egin dute deia, independenteek, EAJkoek eta EH Bildukoek. "Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako". Gorka Egia, Orendaingo alkateak irakurri du testua euskaraz eta Olatz Peon, Tolosakoak, gaztelaniaz.

Tolosaldeko Giltzarriak batu ditu eskualdeko udal ordezkariak gaur Bidanian. Alkate eta hautetsiei, udaleko giltza, herriak eman ziela aipatu dute eta "orain ere, herriari dagokio hitz egitea. Zuek duzue giltza. Zuek zarete giltzarri, guztiok gara herri. Giltza, herria, erabakia".

Erabakitzeko eskubidea, "gizarte kohesiorako dagon tresna egokiena" dela berretsi dute hautetsiek  eta eskualdeko herritar ororen bilgunetzat hartu dute Giltzarria. Erabakitzeko ariketa aurrera eramateko, parte hartzea, "ezinbesteko baldintza" bezala dute eta esan dutenez, "martxoaren 19an, erabaki nahiaren espresio izango gara, ezberdinen arteko topagune, elkarbizitzaren giltzarri".

Bukatzeko, Europan martxan dabilen trenera igotzeko gonbita luzatu diete herritar guztiei, "Euskal Herriko geltokira iritsi da trena, baita guk gobernatzen ditugun herrietara" eta honako galderaren inguruan iritzia ematera animatu dituzte herritarrak: "Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan?"

"Bozkatu, zure iritzia jakin nahi dugu", esanez amaitu dute agerraldia Tolosaldeko alkate eta hautetsiek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!