Tolosaldeko Giltzarria

Aiztondo ere, Giltzarria da

Jon Miranda Labaien 2017ko mar. 3a, 07:49

Galdeketari begira festa antolatu dute biharko Aiztondo bailaran. Ekitaldi gehienak Zizurkilen egingo dira.

Herriari entzuteko tenorea iritsi da». Hori uste dute otsailaren 17an Asteasuko plazan bildu ziren herritarrek eta bat egin zuten beraz, Giltzarria adierazpenarekin. «Gure Esku Dagok egindako hausnarketa sakona oinarri hartuta, hemen bildu garenok herri honen etorkizuna erabaki nahi dugu demokrazia sakonean sinesten dugulako».

Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea egikaritzeko bidean Tolosaldean egindako «ekarpen» bezala aurkeztu dute ariketa, «asteasuarroi dagokigu nolako Euskal Herria nahi dugun erabakitzea» esan zuten ekitaldian. Erabakitzeko eskubidea, «gizarte kohesiorako tresna, bizikidetza eta elkarbizitzarako oinarria» dela uste dute, eta honenbestez, adierazpena onartu dute: «Bat, herri bat garela, erabakitzeko eskubidea dugula eta herritarron garaia dela adierazi nahi dugu; Bi, erabakitzeko eskubidearen inguruan adostasun eremu zabalak ditugula eskualdean, gure bidea zilegitzen duena; Hiru, erabakitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko Giltzarria bultzatuko dugula, herritarron parte hartzea ahalbidetuko duen prozesua; Eta lau, elkarrizketaren eta elkarlanaren bidetik, ezberdinen arteko adostasunak bilatzen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula adierazten dugu».

Erabaki nahiaren espresio jotzen dute martxoaren 19ko galdeketa. Nahi al duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari erantzun ahal izango diote 16 urtetik gorako asteasuarrek. Jakinarazi dutenez, herriko plazan izango da bozkatzeko aukera, 09:00etatik 20:00ak arte.

Festa asteburuan

Aiztondoko herrietan burutuko ditu ekimenak Tolosaldeko Giltzarriak, bihar. Urkamendira igoko dira goizean eta bailarako herrietako kide guztiek elkarrekin argazkia aterako dute. Ondoren herriz herriko sei pertsonako taldeak herri kiroletan parte hartuko dute Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Toki horretan bertan bazkari herrikoia egingo da eguerdian eta arratsaldez, Villabonako bi zubiak Zubimusu eta oinezkoa elkarrekin inguratuko dituzte giza kate bat osatuz. Gauean, bukatzeko, Villabonako gaztetxean jaialdia izango da.

AIZTONDOKO FESTA

MARTXOAK 4. LARUNBATA

09:30. Elkarretaratzea Zizurkilgo Pello Mari Otaño plazan.

10:00. Urkamendira ibilaldia eta bertan argazki erraldoia aterako da..

11:00. Herri arteko desafioa Intxaur frontoian.

13:00. Kalejira eta Gure Esku Dago dantza.

14:00. Herri bazkaria frontoian.

18:00. Giza katea Villabona eta Zizurkil lotzen dituzten zubien artean.

Gauez. Jaialdia Villabonako gaztetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!