«Talde feministei kalean eragitea dagokie, hori izan da gure lana»

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko mar. 5a, 10:02

Egiteko asko eta jende gutxi. Hori zen Tolosaldeko Bilgune Feministako egoera orain urtebete, horregatik erabaki zuten taldea desegitea. Ordutik hainbat herritan sortu dira emakume taldeak eta hori berri pozgarria dela dio Eider Olazar Bilgune Feministako kide ohiak. Bilguneren urte hauetako esperientzia erabiltzeko gonbita luzatu du.

Noiz eta zergatik erabaki zenuten Tolosaldeko Bilgune Feminista desegitea?

Duela urtebete edo erabaki genuen Tolosan eta Tolosaldean Bilgune Feministako taldea desegitea. Oso gutxi geunden, hiru lagun bakarrik, eta ezin ginen denetara iritsi. Oraindik gauza asko egin behar direla ikusten genuen, gauza asko aldatu behar direla eta ezin ginela iritsi. Bestalde, eskualdean feminismoa bultzatzeko gogoz eta kezkatuta dauden neska gazte pila bat daudela ikusten genuen, eta biltzeko eta antolatzeko gogoz zeudela. Oso aberasgarria da jende berria egotea, baina beraiek ez dute euren burua Bilgune Feministan ikusten, talde propioak sortzeko beharra zuten eta beraz, guk gure ibilbidea egina genuela eta belaunaldi gazteagoen txanda dela ikusita, uztea erabaki genuen.

Penaz desegingo zenuten taldea...

Penaz eta kontentu, neska gazte asko lanerako prest daudela ikusita. Talde asko sortu dira, Tolosan, Ibarran, Anoetan, Zizurkilen... saretuta daude, lanean, beraz kontentu. Kezka ere badugu noski, Bilgune Feminista ez zaie erakargarri egiten eta horrek ere kezkatzen gaitu, noski, baina gauza asko izango dira tartean eta lasai aztertu behar den zerbait da. Baina beraiek ere Bilgunerekin badute harremana eta hori ona da. Batez ere, Bilgunek duen 15 urte hauetako esperientzia erabili dezaten, gauza askotan badu esperientzia eta hori baliagarri izan ahal zaie.

Zein zen eskualdeko Bilgune Feministaren lana?

Talde feminista guztietan bezala, kalean eragitea. Instituzioetan badaude berdintasun politikak, teknikariak... eta horiek lan gehiago egiten dute ikastetxeekin eta abar. Beraz, talde feministei kalean eragitea dagokie, hori izan da gure lana. Ikasturtean zehar badaude mugarri diren hainbat data, martxoaren 8a edo azaroaren 25a. Eta horietan mobilizazioak edo bestelako ekitaldiak egiten genituen, mahai-inguruak, hitzaldiak edo dena delakoak. Ikastetxeekin ere egin izan ditugu tailerrak eta abar. Tolosaldean dauden eta zeuden emakume taldeen saretzean ere aritzen ginen, hori oso garrantzitsua baita. Urte batzuetan emakume artisten taldea sortu zen, esaterako, eta dinamika polita egin genuen elkarrekin. Emakumeen Mundu Martxako plataformarekin ere aritzen ginen, erailketa zegoenean protesta egiten genuen elkarrekin... Kaleko ikusgaitasunean eta saretzean aritzen ginen, batez ere.

Talde feministek zertan eragin dezakete udal politikei dagokienez?

Instituzioek gure eskakizunak eta iritziak hartu behar dituzte kontuan. Tolosako Udalak esaterako, protokolo bat egin zuen indarkeria sexistaren inguruan, nola koordinatu zerbitzu desberdinak, zein pauso eman... eta hori diseinatzeko orduan gure iritzia bildu zuten, esaterako. Baina udalarekin harremana ez da erraza, instituzio batek izugarrizko dinamika dauka eta eragile sozial batek ezin du martxa hori jarraitu, erritmoak oso desberdinak dira. Horretan sartzen bazara, erritmo horrek jan egiten zaitu, eta horregatik da garrantzitsua bakoitzak bere dinamika propioa lantzea eta egitea, eta elkarlanean aritzea.

15 urte dira eragiten, zertan lagundu du Bilgunek?

Egindako lanak Tolosan erreferente bat izatea eta errespetu bat lortzea ekarri du. Aitorpen bat instituzioen edo eragileen aldetik. Herrian esaterako, gizon talde bat sortu zen eta gorabeherak izan genituen, ezin ulertuak egon ziren... eta momentu batzuetan ez ginen errespetatuak sentitu. Baina prozesu interesgarri bat eman zen eta lortu genuen aintzat hartzea. Urte hauetan onarpen eta aitorpen bat lortu dugu.

Gauza asko aldatu behar dira oraindik, Kaldereroetan esaterako, bortxaketa bat egon da.

Urte hauetan horretan behintzat eragin da. Lehen eraso bat egoteko bortxaketa bat, penetrazio bat egon behar zuela ematen zuen, eta gaur egun kontzientziazioaren eraginez, ulertzen da eraso asko daudela. Bilgune eta beste talde batzuk egin duten lanari esker gaur egun onartzen da erasoak mila daudela muturrera iritsi gabe ere. Parrandan gaudenean baboso bat gerturatu eta pelmada ematen badu, ezezkoak onartzen ez badira... Bilgunek lan asko egin du eta ekarpena egin du ere mikromatxismoak identifikatu eta zabaltzeko, esaterako. Bortxaketa bat muturreko zerbait da, baina zerbaiten ondorio ere bada, zerbaitengatik ematen da, zerbaitek huts egiten du.

Erlazionatuak

Trantsiziora bidean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017 mar 05 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!