XIV. Aiztondo Klasikoa, igotzaileentzat egokia

Ataria 2017ko martxoaren 2a

Afizionatuen mailako txirrindularitza lasterketa igandean jokatuko da; Adunan hartuko dute irteera, eta helmuga, aurten Villabonan izango da.

Estatu mailako txirrindulari onenak, afizionatuen mailakoak, Aiztondo bailarako errepideetan ibiliko dira igandean; Aiztondoko XIV. Klasikoan. Espainiako Kopako lasterketa izango denez, talde indartsuenek Adunako irteerara joan beharko dute, 10:00etan. «28 taldek parte hartuko dute, bakoitza zazpi txirrindularirekin», azaldu du Joxe Ramon Aiertza antolatzaileak. Helmuga Villabonan izango da, 13:30ak aldera. 23 urte azpikoen eta elite mailakoen lasterketa izango da klasikoa, ohiko ibilbidearekin.

Lehenik Ordiziarako itzulia egingo dute, eta itzuleran, Alkiza igo ondoren, Aiztondon lau itzuli emango dituzte. «Aurten Alkiza nahiko hasieran igoko dute, ondorioz, ez dut uste hor lasterketa hautsiko denik. Bestalde, urtero sartzen ez dugun Sarasola sagardotegiko igoera jarri dugu aurtengoan, eta hor bai, nire ustez hor hautsiko da lasterketa. Azken itzulian hortik Villabonara hainbat kilometro daude, baina erabakigarria izango delakoan nago», argitu du Aiertzak. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, beraz, igotzaile batentzat egokia izango da aurtengo Aiztondo Klasikoa.

Antolatzaileei dagokienez, bailarako sei udalek parte hartu dute probaren laguntzaile lanetan: Asteasu, Alkiza, Amasa-Villabona, Zizurkil, Larraul eta Adunak. Aiztondo Klasikoa batzordearekin aritu dira erakunde horiek lanean. Batzordea, aldiz, Villabonako Irrintzi Elkarteak, Adunako Txulobik, Zizurkilgo Urkamendik eta Asteasuko Aiztondok osatzen dute.

Guztiek bailarako eta eskualdeko herritarrei gonbidapena luzatu diete: «Igandean errepide ertzera joateko eskatzen diegu, ikuskizun ederra eskainiko baitute punta-puntako txirrindulariek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!