Landa garapenaren emarirako euskarria

Ataria 2017ko martxoaren 2a

Jexux Murua eta Josune Malkorra sinaduraren unean.

Tolomendik eta Tolosaldeko Komunikazio Taldeak 2017. urteko lankidetza hitzarmena sinatu berri dute.

2016. urtean abiatutako bideari jarraipena eman nahi izan diote 2017an ere Tolomendi Landa Garapenerako elkarteak eta Tolosaldeko Komunikazio Taldeak. Lankidetza hitzarmena sinatu berri dute bi erakundeen izenean Josune Malkorrak, Tolomendiko kudeatzaileak eta Jexux Muruak, Tolosaldeko Komunikazio Taldeko kudeatzaileak, Tolomendiko egoitzan.

Sinaduraren helburua argia da: komunikabideak landa garapen elkarteak eskualdean eskaintzen dituen zerbitzuen berri ematea, alegia.

KOMUNIKAZIO MULTIMEDIA

Horretarako, Tolomendik bere eskura izango ditu Tolosaldeko Ataria-k erabiltzen dituen euskarriak; hau da, irratian, prentsan eta interneten landa garapenarentzat propio sortutako atalak izango dira. Irratian, hilean behin 10-15 minutuko tartea izango du Tolomendik, elkarrizketa formatuan jorratuko dira intereserako gaiak; prentsari dagokionez, ostiraleko aldizkarian hilean behin, aldez aurretik zehaztutako gai baten inguruko artikulu zabala argitaratuko da. Eta azkenik, webguneari begira, Tolomendik Komunitatean bere sinadura propioa izango du eta landa garapenaren inguruan sortutako albiste guztiak bertan jasoko dira. Gainera, www.ataria.eus webgunean argitaratutako albiste horiek Ataria-k bere sare sozialak erabilita zabaldu eta jarraitzaileen eskura jarriko ditu, Facebook eta Twitter bidez.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!