Errepideak hobetzeko lanak egingo dituzte Iruran eta Belauntzan

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 1a, 17:30

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernu Kontseiluak Irurako GI-3650 eta Belauntzako GI-3211 errepideetan hobetze lanak egiteko hitzarmenak onetsi berri ditu.

Iruran, GI-3650 errepidearen zeharbidean, Kale Nagusia 25-29 zatia hiritartzeko proiektua da onartu dutena. Honen arabera, erdiko irlatxoa kenduko dute, espaloia zabalduko dute eta drainatze, argindar, telekomunikazio, gas, argiztatze publiko, saneamendu eta horniketa sareak berrituko dituzte. Galtzadako zorua ere berrituko dute. Era berean, N-1 errepideko irteeran sortzen den putzua desagerrarazteko lanak egingo dituzte. Guztira 284.269,14 euro bideratuko dituzte lan horiek guztiak egitera, eta lau hilabetetan egingo dituzte. Irurako Udalak proiektuaren lanak kontratatu eta gauzatuko ditu eta Foru Aldundiak, bere eskumenekoak diren obrak finantzatuko ditu 119.786,79 euro gastatuz.

Belauntzan ere GI-3211 errepidea zabaldu eta hobetzeko proiektua onartu du Gobernu Kontseiluak. 146.663,22 euroko lanak dira eta hiru hilabetetan egingo dituzte, maiatzean hasita. Lan guztiak Foru Aldundiak ordainduko ditu. Horiek horrela, Villa Puyko harri-horma atzeratuko dute, finkaren goialdera iristeko jabego publikoko bidearen zati bat eraitsiko dute eta baita errepideko harri-horma ere. Era beran, baseliza ondoan espaloia egingo dute, goialdeko eskailerekin lotzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!