Gipuzkoako finalaurrekoa Ibarran jokatu zuten pasa den larunbatean, eta finalera 32 bikote sailkatu ziren. Eskualdeari dagokionez, Amezketatik, Berastegitik, Ibarratik, Ikaztegietatik, Leaburutik, Tolosatik eta Villabonatik bikote bana joango dira, Lizartza eta Anoetatik bina bikote.
Bederatzigarren aldiz antolatu dute aurten, Mus Txapelketa. Antolatzaileen hitzetan, «Euskal Herrian ohikoenetakoa den mahai jokoa izanik eta hainbat mus txapelketa antolatzen direla ikusirik, Euskal Herri osoko muslariak bildu eta antolatzeko helburuz» egiten dute.
Nazio bakarra
«Bide honetan sortu genuen Euskal Herriko Mus Federazioa. Zazpi lurraldeetako muszale eta muslariez osatzen da eta gure herriak bizi duen zatiketa administratiboaz gaindi, nazio bakar gisa antolatu eta garatzen dugu gure jarduna eta alde berean nazio kontzientzia indartu», gaineratu dute.
Era beran, herrietako kanporaketetan musean jokatzeko dauden modu eta ohitura desberdinak lekua eskaintzen dietela esan dute, eta ondoren, joko arau eta irizpideak bateratzen dituztela azaldu dute.
Finala ez da leku berean izaten, jada Euskal Herriko 7 herrialdeetan egin dituzte eta aurten Gipuzkoara bueltatuko da, Anoetan egingo dute. Egun horretarako jaia eta musa uztartuko dituen festa eguna antolatuko dutela aurreratu dute eta horretarako herritarren eta udalaren laguntza izango dutela.
Euskal Herriko Mus Txapelketa gutxi gorabehera Euskal Herri osoko 220 herritan jokatzen dute eta 50.000 euro baino gehiago banatzen dituzte saritan. Txapeldunek txapela, garai ikurra, 3.000 euro eta Karibera bidaia jasoko dute eta txapeldun ordeek garai ikurra, 1.500 euro eta Kanariar Uharteetara bidaia. Sailkatutako 16. bikotea bitarteko sariak banatzen dituzte, 750 eurotik hasi eta 100 euro artekoak.
Finalistak:
Anoeta: Ibai-Joxe Mari
Anoeta: Beñat Sainz - Unai Ibarzabal
Berastegi: Xabier Saralegi - Andoni Azpiroz
Ibarra: Koldo - Martin LLorente
Ikaztegieta: Unai Eizmendi - Xabi Goikoetxea
Leaburu: Jabi Rezola - Axier Aristondo
Lizartza: Pello Olano - Tomas
Lizartza: Angel Santos - Lontxo Goikoetxeaundia
Tolosa: Joxe Mari Beldarrain - Fermin Asensio
Vilabona: Aitor Makazaga - Juan Iraola