Jokin Altunak eta Abel Barriolak derrigorrez irabazi behar zuten, ligaxkako azken partidara itxaropen izpi bat golkoan zutela joatekotan. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Larunberi, berriz, sailkapeneko bigarren postura igotzea suposatzen zien gaurko partida irabazteak eta, horrez gain, azken partida beste lasaitasun batekin jokatzea.
Baldintza horietan, ikuskizun ederra eskaini digute lau pilotariek, eta behin baino gehiagotan altxarazi gaituzte gure eserlekuetatik. Partida oso bizia izan da, erritmo ikaragarrian jokatua sarritan. Hutsak edo gaizki amaitutako tantoak izan dira, baina ugari izan dira tanto ikusgarriak ere.
Ondo sartu dira partidan Altuna eta Barriola, eta aurretik heldu dira lehen atsedenaldira, 12-9. Amezketarrak zazpi tanto eginak zituen ordurako, bere marka daramaten horietakoak batzuk, bosgarrena esaterako, Bengoetxearen ezker zehar luzeari erdi-botean bi hormetara joz egin duena, edo bederatzigarrena, jendea zutik jarrarazi duena, pilota zailak harrapatzetik erasora igaro, batera eta bestera ibilarazi aurkariak, eta buruz gain pasata amaitu duena. Tarte honetan ondo eusten zion Barriolak Larunberen joari eta partida berdindua ikusten zen. Altuna asmatzen ari zen eta hortik aldea karga.
Hemendik aurrera, ordea, Larunbe ikaragarri bat ikusi dugu. Hasieratik ari zen ondo, baina hazi eta hazi aritu da partida aurreratu hala. Gero eta pilotakada bortitzagoak jotzen zituen, Barriola oso atzetik aritzea behartzen zuen, eta Altuna aukera txikiena zuenean bazterrak nahasten hasten zenean han zegoen Bengoetxea heldu ezin zen lekuetan ere. Partida borobila jokatu du, benetan.
Bengoetxeak bere lana egiten jarraitu du eta, gauzak honela, Barriola lan asko egitera eta Altuna asko arriskatzera behartu dituzte, eta baldintza zailetan aritzera erabat. 13 eta 18 atzetik heldu dira bigarren atsedenaldira; Jokinek ez du tanto bat gehiago egitea lortu tarte honetan, eta lehen zatiko hiru galduei beste bost gehitu dizkio, ia denak erasoan.
Izan dute susperraldi bat eta hurbildu dira hiru tantora, 16-19. Tarte honetan izan da frontoia zutik jarri duenetako beste tanto bat, Barriolak eskuin boleaz bazterretik zabalera jota bukatu duena, egin ahalak eginda ere Bengoetxeak jira ezinik utzi behar izan duena azkenean; ez dago azaltzerik zer eta nolako gauzak, eta ze abiadan, egin dituzten lau pilotariek tanto honetan. Baina ez da nahikoa izan, Bengoetxea eta Larunbe ez zeuden barkatzeko. Jokini txapazpira joan zaion pilotakadak eman dio amaiera partidari.
Frontoira bildu direnek txalo zaparrada handi batekin eskertu eta agurtu dituzte pilotariak. Merezita, ikuskizun ederra eskaini dute-eta. Jokin Altuna kopetilun erretiratu da. Barriolak, besoak gora, irribarre zabala ahoan, agurtu eta eskertu ditu zaleak; Beotibarren jokatzen duen azken partida izan daiteke.