Inauterizalea da Ainhoa Muñagorri (1970, Donostia) eta baita mozorrozalea ere. Zaldunita eta Astelenita mozorro berriak ateratzeko egunak dira berarentzat eta Asteartita etxean dituenak hartu eta «ahal dena» egiteko eguna.
Iritsi dira mozorrotzeko egunak, nola zaude, gogotsu?
Gogotsu, urtero bezala, gogoko ditut inauteriak.
Dena prest duzu beraz, mozorroak, jai egunak eskatuta...
Jai egunak eskatuta bai, mozorroetan oraindik zerbait falta zaigu, baina nahiko lotuta dugu dena.
Noiz hasten zarete dena lotzen?
Urte batzuetan konpartsan atera gara eta horrek bai eskatzen duela lehenago hastea, jantziak egin, konpartsa bera muntatu, koreografia ikasi... baina aurten gure kasa aterako gara eta hilabete erdi lehenago hasita nahikoa.
Eta zeintzuk dira aurtengo mozorroak, esan al daiteke?
Igandean garai bateko portzelanazko panpinez aterako gara, soineko arrosarekin, pololoekin... Astelehenen hondartzako sorosleez atera nahi dugu, potolita-potolita, baina ez dugu bainu-jantzi gorria topatzen eta ez dakit aldatu egin beharko ote dugun. Baditugu beste urte baterako prestatutako gorputz potolito batzuk, eroso erosoak, eta horiek erabiliko ditugu berriz. Asteartean etxetik dugun zerbaitekin aterako gara, besterik gabe. Urteetan Ibarrako Txiribitu aisialdi taldearekin atera izan naiz, haurrekin eta, eta mozorro pila bat ditut, Asteartitan ateratzen ditut.
Mozorrotzea ezinbestekoa da.
Mozorrotu gabe ateratzea iruditzen zait festa girotik kanpo geratzea. Festan murgildu behar da eta mozorrotu gabe ezin da.
Mozorroak Zaldunitatik aurrera, eta lehenago? Txilaba?
Aspaldi bai, baina gaur egun ez. Ostegun Gizeneko kuadrillako afarian orain bost urte peluka bat janzten hasi ginen, sekulako arrakasta izan genuen eta hori bai, hori mantentzen dugu, aurten ere peluka jarriko dugu.
Nolakoak dira zure inauteriak, zein plan izaten duzu?
Nire inauteriak Kaldereroekin hasten dira. Afaria izaten dugu, 50 bat pertsona biltzen gara, eta Ostegun Gizenean kuadrillako neskak ateratzen gara afaltzera. Ostiralean normalean ez naiz ateratzen, baina aurten afaria suertatu zait eta aterako naiz. Igandean goizetik mozorrotuta ateratzen gara eta bazkaldu ere kalean egiten dugu, elkarteren batean edo tabernaren batean edo... beti kalean.
Egunero ateratzen zara, beraz.
Asteartea beti izaten da lasaiagoa, Astelenitan ibili eta gero... baina bai, ateratzen naiz.
Egitarauari erreparatzen al diozu?
Normalean egun batzuk lehenago begiratzen dut, baina gero ahaztu egiten zait, eta azkenean kalera atera eta ikusi egiten dugu zer dagoen... Gauez ere berdin, bueltaka ibiltzen gara zer dagoen ikusiz.
Ba al duzu une kuttunik?
Dena gustatzen zait, zezenak izan ezik. Lehen haurrekin eta joaten nintzen, Ostegun Gizenean eta, baina oso gaizki pasatzen dut, ez zaizkit gustatzen. Txarangen atzetik ibiltzea asko gustatzen zait, igual ez gara horrenbeste ibiltzen, baina asko gustatzen zait. Sekulako giroa jartzen dute txarangek, inauteriak txarangarik gabe ez lirateke berdinak izango, kristoren bizitasuna ematen diote festari. Edozein festari bizitasun bikoitza ematen diote txarangek.
Hausterre eguna esan eta zer datorkizu burura.
Egun latza izaten dela normalean. Lanera joaten naiz gainera, eta gogorra izaten da.