Arnastu euskara

Tolosaldean euskara arnasten jarraitu nahi dute

Ataria 2017ko ots. 17a, 13:43

Galtzaundi Euskara taldearen eskutik, ekimen berri bat jarri da martxan, Tolosaldean euskarak duen erabilera indartzeko. Tolosa, euskararen arnas gune bilakatu nahi dute, maiatzaren 27an egingo den Lip Dub erraldoiaren bitartez; ostegunean egin dute aurkezpena.

Arnastu Euskara. Izen hori du, Tolosaldean, euskararen inguruan mugitzen diren hainbat talde eta eragilek, duela hilabete batzuetatik, euren artean egiten hasi diren lanketak. Hala ere, lan hori isilpekoa dela jakinik, Joana Zubelzu antolatzaileetako baten esanetan, Tolosaldeko euskalgintzak, “hori kalera ateratzeko beharra ikusi du”. Izan ere, Tolosaldean euskaraz arnasten dugu, eta euskarak arnasten gaitu.

 

Eskualdearen kasuan, euskarak osasun oso ona du. Baina, lehen esan bezala, lana isilpekoa denez, askotan pisutsua izaten da hizkuntzaren auzi hau. Horregatik, ekimen honek euskararen alde lanean ari diren guztientzat bultzada izan nahi du. Kike Amonarriz soziolinguistak adierazi duenez, “horretarako motorra gu denok izan behar gara”. Ondorioz, maiatzera bitarte, guztiek bide berean jarraitu eta arnasa hartzea da asmoa.

 

Hori dela eta, maiatzaren 27an, Lip Dub bat grabatuko da Tolosan, eta honek ere, lehen aipatutako Arnastu Euskara izena eramango du. Eskualdeko euskaltzaleak bildu, eta kaleak alaitu, koloreztatu eta arnasberrituko dira, euskara inoiz baino gehiago arnasteko helburuarekin. Egun horretan, euskararen alde lanean ari diren guztiak biltzea da asmoa, Oihana Iguaran bertsolariak aipatu bezala, “arnas gune berri bat sortzeko”, euskara arnasten dutenen eta arnastu nahi dutenen indar erakustaldia gauzatzeko.

 

Webgunea eta kantua, martxan

 

Baina, guztia ez da egun bakarreko lana izango, eta hemendik eta egun horretara bitarte ere, egiteko ugari izango dituzte. Batetik, eta Imanol Artola Galtzaundiko kideak jakinarazi duenez, “ekimen honen inguruko informazioa arnastueuskara.eus webgunean aurkitu ahal izango da”. Dagoeneko martxan da, eta lehen aipatutako egun horretara bitarte, lanketa guztia biltzeko lekua izango da, hala nola, ekimenari bultzada ematen dieten bideo eta argazkiak publikatuko dira. Bertan, Lip Dub-a grabatuko den ibilbidea ere agertzen da, eta eragileek beren parte hartzea baieztatzeko izen ematea gauzatu ahal izango dute.

 

Bestetik, bideorako kantua ere, eskualdeko jendeak sortua izango da, ekimenarentzat egindakoa. Laket taldeak jarriko dio musika, eta Oihana Iguaranek, berriz, letra. Iñaki Artola pilotariaren esanetan, “herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu, ahalik eta jende gehien biltzeko”. Azkenik, lan horietaz gain, dagoeneko ekimenaren logoa aukeratzeko lehiaketa ere egin da. Guztira, lehiaketarako 50 lanetik gora jaso dira, eta Nagore Tamayok egindakoa izan da irabazlea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!