29 ordu eta 2.200 kilometroko bidea eta etxean gara berriro. Oro har, sentsazio ona da nagusi Belgradera Tolosaldean bildutako laguntza eramatera joandako seiko taldean. Helburua nolabait bete dela sentitzen dugu, baina, era berean, oraindik ere badela bertan zer egina.
Administrazioa, burokraziak eta beste hainbat faktoreren batuketak asko zaildu zuen Tolosan bildutako neguko arropa Belgradera sartzea. Egunak igaro genituen uste eta espero ez genituen kudeaketak egiten, baina, azkenean, iragan ostiral eguerdian arropa guztia han alokatutako biltegira eramatea lortu genuen, aduanetako langileen onarpena jaso ostean.
Biltegira egun hauetan ezagutu ditugun boluntarioak gerturatu ziren arropa kamioitik husten eta sailkapena egiten laguntzera. Lan guztiak amaituta, hamaiketako polita ere egin genuen biltegian bertan. Urrutitik nabari zen poza han ginenon arpegietan.
Egun hauetan ezagutzen joan garen lagun guztiak agurtu ostean, ostiralean iritsi zen Trintxerpetik etorritako seiko taldearekin egin genuen azken hitzordua, etxerako bidean jarri aurretik. Beraiekin batera, Silvia tuterarra ere batu zen azken kafetxora. Euren artean egingo dute arropa banaketaren jarraipena, beraz, komeni zen zalantza guztiak ondo argituta uztea.
Asteburuan bertan, bi gunetan arropaz beteriko bi furgoneta banatu ahal izan dituzte. Ilusioz betetako taldeak hartu du lekukoa, eta egitekoa esku honetan utzi dugunaren sentsazioarekin itzuli gara.
Sentsazio on horretan bat egiten dugu taldea osatu dugun sei kideok. Halaber, seirak gaude itzultzeko gogoz, arroparen banaketarekin jarraitu eta laguntzeko. Itzulera kide gehiagoz osaturiko taldeetan egitea aurreikusten du sortu den ekimen berriak. Arazoa konpondu ez, baina, Belgraden dauden ehunka errefuxiaturen egunerokoan zertxobait eragin dugunaren eta horretan jarraituko dugunaren sentsazioa dugu.
PROTAGONISTEN HITZAK:
JOSU IZTUETA
Etxetik asmo jakin batzuekin atera ginen, eta beste behin gertatu da, paperean edo teorian generamana, eta errealitatea beste bat dela. Guk argi genuen zer nahi genuen, baina, burokrazia, paperak, baimenak, oztopoak... horiek denak egunero gehitzen joan zaizkigu, eta horiek konpontzen energiaren %70a joan zaigu, eta ez guk pentsatzen genuen moduan, zuzeneko laguntza ematen. Batzuetan itxaropena, besteetan etsipena, denetarik izan dugu. Azkenean, lortu dugu gauza batzuk martxan jartzea, eta materiala biltegian sailkatzea.
Hainbesteko estresak ez digu utzi gauzak bere neurrian baloratzen, baina, gogoratzen dugu lehen egunean pabiloietan ezin zela ia sartu ere, kearengatik. Zertxobait aldatu da egoera. Ezagutu genuen bazkari bero bat jaten, eta orain ziurtatu da afariaren banaketa baita ere. Azken hau, gure laguntzari esker, generadorea, ontziak, butanoak... erosi ahal izan dira. Poza ematen du egunero 500 lagunek afaltzeko aukera izatea, eta guk horretan lagundu dugula ikustea. Era berean, gure biltegia behar duten elkarteek ere erabili ahalko dute.
MAURO MAROTIAS
Sentsazio onarekin bueltatu naiz. Arazo puntual batengatik joan ginen, kanpaleku bati babesa ematera. Herrialdera sartzerakoan arazo handiak izan genituen, baina, talde handia elkartu ginen, eta gai izan gara arazoei irtenbidea emateko. Taldeari eta bertan ezagutu ditugun boluntarioei esker gauza asko jarri ditugu martxan. Iruñeko suhiltzaileek kea ekiditeko eginiko lana, bigarren sukaldea, arroparen biltegia. Aurtengo negurako Serbian edo Belgraden dauden errefuxiatu guztientzako arropa biltzea lortu dugu, eta banaketarekin hastea.
Arazoari dagokionean, oso sakona da, guk hutsune bat bete baino ez dugu egin. Itzuleran galderak sortzen dira, baina, irtenbidea ez dago gure esku. Bizitu eta ikusi duguna azaldu, zabaldu eta errealitatearen zati bat kontatzea dagokigu.
BALENTIN DORRONSORO
Etxetik ateratzean pentsatzen genuenetik ezer gutxi atera da uste genuen moduan. Behin Serbian kokatuta, guztia askoz zailagoa izan da. Egun batzuk gehiago igaro ostean, ordea, gure helburua beteta ikusi dugu. Bide bat irekita geratu da, han geratu den jendeak utzi dugun material sortari irtenbidea emateko. Hori bai, guk emandako laguntza adabaki txiki bat baino ez da arazo handi honen aurrean.
HARKAITZ MARTINEZ
Izan ditugun zailtasun guztiak kontuan hartuta, batez ere, frustrazio handia sentitu dugu. Autokritika eginez, gauza batzuk lotuak egon behar luketela pentsatuta gindoazen, baina, konturatzen joan gara, are lotuago egon behar zutela. Dena den, zailtasun horiek izan arren, irtenbideak bilatzeko gai izan gara. Elkar ezagutzen ez zuten sei lagun joan gara, herri baten ilusioaren ardurarekin, eta askotan presio hori ere nabaritu dugu.
Azken batean, bi errealitate izan dira. Batetik, burokraziarena eta ezjakintasunarena. Eta bestetik han ikusi eta bizitu duguna. Agian faltan bota dugu errefuxiatuekin denbora gehiago egotea. Baina, banaketa nola egiten duten ezagutu dugu, sukaldea... eta une honetan Belgraden bizi den egoeraren argazki nahiko txukuna daramagu. Bestalde, errefuxiatuenganako laguntza iristeko biderik txukunena zein den ikusteko eta bitartekari lana egiteko gai garela une honetan uste dut.
DANI BURGUI
Energia bultzada handiarekin ekin genion, Tolosa eta inguruko jendearen erantzunari esker, ez baita normala jendeak modu horretan erantzutea. Bultzada horri esker eutsi ahal izan diogu bidean topatu ditugun gorabeherei. Batetik, kamioia eta generaman materiala ondo iristea, eta bestetik, material horren banaketa era egokian egitea. Egunak joan dira horren kudeaketan. Eraman dugun material kopuru handia kontuan hartuta, uste dut nahiko denbora murritzean izan garela irtenbidea bilatzeko gai. Beraz, azken batean ondo joan dira lan horiek. Pertsonalki, uste dut taldeak oso ondo erantzun duela, Tolosako jendearen ilusioaren ardura bere gain zuela kontuan hartuta.
Gisa bereko hainbat zonaldetan egotea egokitu zait azken urteetan, mugak eta errefuxiatuak... Nekatuta eta frustrazio puntuarekin nago errepikatzen diren istorioak ikusita. Etsigarria da gure lurraldean, Europan, edo gure hirien pareko izan daitezkeenetan horrelakoak gertatzen ikustea.
Egun hauetan ikusi dugunaren harira higiene falta handia nabarmenduko nuke, ikaragarria baita jendea egoera horretan bizitzea. Dena den, animoz bueltatu naiz, itzultzeko gogoz. Pedagogia handia egin beharra dagoela iruditzen zait egoerari buruz, zergatiari buruz, laguntzen inguruan, laguntzeko modu egokien inguruan. Jende gehiagok gisa horretako esperientziak bizitzea ere garrantzitsua iruditzen zait.