Enirio-Aralar

Naturkonek aldundiaren kudeaketa salatu du

Tolosaldeko Ataria 2017ko ots. 13a, 18:26
Naturkon koordinakundeak deituta Donostian egindako elkarretaratzea, aldundiaren egoitzaren aurrean.

Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen koordinakundeak Aralar Natura-Parkearen natur baliabideak babesteko eskatu dio aldundiari.

Gipuzkoako natur eta ekologista taldeen Naturkon koordinakundeak elkarretaratzea egin zuen Donostian, «aldundia egiten ari den Aralar Natura-Parkearen kudeaketa traketsa, baldarra, desegokia eta arriskutsua» salatzeko. Aralarren pistak egitearen inguruan sortu den eztabaidaren harira, Naturkonetik gogora ekarri dute natura-parkearen kudeaketaren arduraduna foru aldundia dela eta «Aralarko ordenazio planaren arabera, natur baliabideak babestu, kontserbatu, leheneratu eta hobetu beharko lituzke, bereziki, natur guneak eta flora eta fauna basatiak. Jakin badakigu bi larre mota Europa Batasunaren intereseko habitatak direla baina kudeaketa osoa ez da horien baitan egin behar».

Koordinakundearen arabera, «etengabe Aralar Natura-Parkea dela adieraztea saihesten ari da aldundia eta bestela, artzain eta ganaduzaleen erabilpenari esker natur parkea dela esaten, eta hori  ez da guztiz egia, hain zuzen, Aralarren, basoak, larreak, harkaiztegiak, errekak… egoera nahiko naturalean daudelako, eta beren paisaien kalitatearengatik izendatu zutelako natur parkea 1994an». Horren harira, «bertan ematen diren jarduera ekonomikoak eta erabilpenak, bertako natur ondarearen kontserbazioarekin bateragarria izango den kudeaketa ereduaren bidez antolatu behar dira», gaineratu du.

Aranzadi Zientzia Elkartearen, "Aralarri buruz ezagutza zientifikoa gehien duen prestigiodun taldearen", irizpideak ez ditu aintzat hartu nahi Aldundiak esan du Naturkonek, "orain dela hamahiru urte kontuan hartu ziren bezala, hain zuzen antzeko pista proiektua gelditu zelarik". Orduan, koordinakundeak azaldu duenez, "Legebiltzar osoak onartu zuen pista berriak eraikitzeko plana guztiz desegokia zela Natura-Parkearen helburuak betetzeko baina tamalez proposatutako alternatibak adostu eta aurrera ez dira eraman. Pista proiektua aurrera eramanez gero, ez du bermatuko abeltzaintzaren etorkizuna eta Aralar Natura-Parkean ondorio konponezinak sortuko lituzke».

Aldundiak eta Mankomunitateak gizarteko beste eragileen iritziak eta irizpideak ez dituztela kontuan hartu diote, eta mendizale, naturazale, ekologista, ornitologoak… sartu dituzte zerrenda horretan. "Berriz, auzi honetan batzuen interesak bakarrik kontuan hartzen ari dira, artzain eta ganaduzaleenak, parkearen izaera arriskuan jarriz eta epe luzera, artzaintza eta abeltzaintzarena ere bai, lurzoruaren higadura areagotzeagatik", zehaztu du Naturkonek. "Horrez gain, aldundiak azken urtean Aralarko patronatua, eragile ezberdinek osatua, ez du deitu eta bildu ere egin urteko aurrekontua eta ekintzak onartzeko, horrela aldundiak patronatuari egin beharko zielarik pista proiektu horren proposamena eta bertan onartu. Beraz, oso larria iruditzen zaigu aldundiaren jokaera".

2016an eraikitako Intzensao-Goroskintxu pistan ez dela egin «Ebaluazio Inpaktuko Azterketa sinplifikatuan agindutako ezponda eta betelanetako behar bezalako landareztatzerik», zehaztu du Naturkonek. «Higadura larria ematen ari da zenbait gunetan, abereek hankekin ezponda eta betelanetako lurra urratzeagatik».  

Artzaintza eta abeltzaintza ekologikoa bultzatu behar direla uste dute, «beti ere, parkearen arauak onartuz eta legeak betez. Baina lehendabizi gaur egungo egoera osotasunean hartuta aztertu behar da eta datuak publikoak egin, eta natur baliabideak babesteko neurriak hartzen direla ziurtatu». Ondoren sektore ezberdinen artean «partaidetza prozesua» irekitzea eskatu dute Naturkonetik Aralarko Natura-Parkearen kudeaketak etorkizun bideragarria berma dezan, horretan aldundiak bidelagun izango gaituelarik". Horrez gain, gogora ekarri du "badituela tresnak hori egiteko, esaterako aurreko legealdian sortutako Bioaniztasunaren Mahaia".

Naturkonen ustez, "guzti horrek ere lagunduko luke, auzi honen inguruan Aralarko herrietan bizi den tentsio jasanezina desagerrarazten eta bizikidetza berreskuratzen. Izan ere, ez dira une gozoak izaten ari herritar askorentzat eta horren adierazgarri nagusiena bihurtu da otsailaren 4an Oiduin, Gailurrerantz mendi elkarteak kudeatzen duen bordaren erreketa. Halako ekimenak lekuz kanpo daudela berresten dugu eta Gipuzkoako Foru Aldundiari gatazka hau bideratzeko eskatzen diogu, eta bere betebeharrak aurrera eramateko, ondare naturala kontserbatu nahiz berreskuratzea, natura-parkearen erabilera baliabideetara egokitzea, babestutako espezie edo/eta habitaten egoera babestu eta hobetzea…". Naturkonetik gaineratu dutenez, "azkenean, Aralarko Natura-Parkearen eta Natura 2000ko Sarearen arauak, betebeharrak, aurrera eramatea. Eta noski, herritarrok Aralar Natur Parkea gure nortasunaren ezaugarri bezala senti dezagun lanean hastea".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!