Elkartasuna baino gehiago behar denean

Rebeka Calvo Gonzalez 2017ko otsailaren 9a

Elkartasuna baino gehiago be 1 1486650397628
Elkartasuna baino gehiago be 4 1486650414610
Elkartasuna baino gehiago be 12 1486650459622
Elkartasuna baino gehiago be 15 1486650476031
Elkartasuna baino gehiago be 2 1486650404371
Elkartasuna baino gehiago be 3 1486650409875
Elkartasuna baino gehiago be 5 1486650420250
Elkartasuna baino gehiago be 6 1486650425604
Elkartasuna baino gehiago be 13 1486650465022
Elkartasuna baino gehiago be 14 1486650470361
Elkartasuna baino gehiago be 16 1486650481419
Elkartasuna baino gehiago be 17 1486650487799
Elkartasuna baino gehiago be 20 1486650504541
Elkartasuna baino gehiago be 21 1486650510207

3.500 kilo janari, hezkuntza materiala eta pixoihalak zein konpresak bildu dituzte eskualdean, Saharara bidaltzeko.

Bukatu da herri sahararrari laguntzeko urtero egiten den janari bilketa. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian bildutako janari zein produktuak otsailaren 25ean aterako dira Saharara, Donostiatik.

13 urte dira jada, euskal herritarren Elkartasun Karabana aterako dela Saharako Errepublika Arabiar Demokratikora eta Tolosaldean, urteroko moduan, janari zein hezkuntza material, pixoihal eta konpresa ekarpenak ugariak izan dira. Aurtengoan, zehazki, 3.500 kilo janari bildu dituzte.

Agus Agote Tolosaldea Sahararekin elkarteko lehendakaria da eta kanpainaren amaiera probestu nahi izan zuen Saharara bideratuko dituzten paleak janari eta materialez gain, Saharar herriarekiko maitasuna ere badaramatela esateko. «Jasaten ari diren legez kanpoko okupazio eta giza eskubideen urraketen ondorioak arintzeko asmoz» egindako ekarpenak direla esan zuen eta giza eskubideen urraketak aipatuta Agdaim Izik kanpalekua ekarri zuen gogora. Maroko soldaduek indarrez desegin zuten Duintasunaren Kanpalekua eta horren harira egindako epaiketak ekarri zituen gogora. «Sahararren eskubide zibilak era baketsuan aldarrikatzeko kanpalekua zen eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu, inongo probarik gabe epaitu dituzten guztiei», esan zuen.

Bildutako janari eta produktuez gain, Agotek Laskorain ikastolak urtero antolatzen duen Merkatu Txikian jasotako diruarekin basamortu erdian anbulatorio bat egiteko lehen faserako dirua bildu dutela esan zuen eta horregatik ere eskerrak eman nahi izan zituen.

Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideekin batera eskualdeko hainbat alkate ere izan ziren kanpaina bukaeran, tartean Tolosakoa, Olatz Peon, eta ekimena ez dela berria gogoratu zuen. «Tamalez, egoera aldatzen ez den bitartean egin beharko dugun ekimena da, eskualdeko udalek hartzen dugu parte, eta hor gaudela errepikatu nahi dugu, laguntzeko prest gaudela. Iritsi dadila karga ondo eta egoera ahalik eta ondoen eramateko balio dezala», esan zuen.

Agotek eskerrak emateko ere baliatu zuen agerraldia. «Atzekoz aurrera hasiko naiz. Eskerrak eman nahi dizkiegu jasotako material guztia Donostiara eramateko lagunduko duten Leaburu-Txaramako Udalari eta Pagola zein Otegi eraikuntza enpresei. Eskerrak ere Tolosaldea Sahararekin taldeari jasotako materiala sailkatzen eta antolatzen laguntzeagatik. Eskerrak  Tolosaldeko udal, eskola eta hainbat elkarteri erakutsitako prestutasunarengatik. Eta nola ez eskerrak, Tolosaldeko herritarrei erakutsitako elkartasunarengatik», esan zuen.

Aurtengo Elkartasun Karabana izan dadila eskatuz eta Sahara hurra (Gora Sahara askatuta), oihukatuz hasi ziren Tolosaldean jasotako guztiarekin kamioia betetzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!