Saiaz mankomunitateko furgoneta berria hasi da lehen kilometroak egiten

Imanol Garcia Landa 2017ko ots. 9a, 11:38
Saiaz mankomunitateko eguneko zentroetako erabiltzaileak, langileak eta mankomunitateko udal ordezkariak, furgoneta berriarekin.

Saiaz mankomunitateak kudeatzen dituen eguneko zentroetako erabiltzaileak garraiatzen ditu furgonetak.

Otsailaren hasieratik martxan dago Saiaz Mankomunitateko eguneko zentroetarako furgoneta berria. Atzo aurkeztu zuten, Bidania-Goiazko eguneko zentroan. Bertan izan ziren eguneko zentroko erabiltzaileak, zein Saiaz mankomunitateko udalerrietako ordezkariak eta mankomunitateko langileak.

Saiaz mankomunitatea Albiztur, Bidania-Goiatz, Beizama eta Errezil herriek osatzen dute, eta bertako lehendakaria da Agurtzane Zelaia, Bidania-Goiazko alkate-ordea. «Furgonetak asko suposatzen du guretzat», esan du Zelaiak. «Egunero-egunero zerbitzu on bat eta kalitatezkoa ematen du. Aurreko furgonetak hamar urte egin zituen, eta dagoeneko ez zegoen erabilgarri». Saiaz mankomunitateak ordaindu du osotasunean furgoneta, 55.000 euro inguruko kostua izan duena. «Azkenean esfortzu handi batekin lortu da furgoneta berria ekartzea», gaineratu du Zelaiak. Erein programari diru laguntzak eskatuta dituzte kostuari aurre egiteko.

Elena Rikondo Saiaz mankomunitateko gizarte langilea pozik azaldu da furgoneta berria dagoeneko martxan dagoelako: «Urte asko daramatzagu borrokatzen furgoneta berria izateko. Oso pozik gaude horregatik, izan ere, ezinbestekoa da baliabide hau gure eguneko zentroetako zerbitzurako». Rikondok gaineratu duenez, «gidariari beste funtzio batzuk eskatzen dizkiogu. Gidatzeko ahalmen ona eta ingurua ondo ezagutzeaz gain, oso garrantzitsua da kontuan izatea etxeetara joaterakoan zenbait egoera gogor gertatu daitezkeela. Gertatu izan da, bila joandako pertsonetako batek bihotzekoa izan duela topatzea. Momentu horretan gidaria da mugitu behar dena, abisuak eman behar dituena».

Hasieran garraioa taxi zerbitzu bidez egiten zen. «Baina zerbitzuak aurrera egin ahala, ordutegia zela-eta taxiarekin ez ginen moldatzen», azaldu du Rikondok. «Azkenean mankomunitateak erabaki zuen zerbitzua bere gain hartzea, eta 11 urte egin zituen aurreko furgonetak. Eta esperientzia oso ona izan da, guk antolatu eta kudeatzen dugulako, ordu onean etortzen dira erabiltzaileak eguneko zentrora». Furgoneta berriaren aurkezpena aprobetxatu du Rikondok hainbat urtetan gidari lanetan aritu zen Arrate Otaegi gogoan izateko: «Pena handia dugu, aurreko udan joan zitzaigulako. Arratek lan handia egin zuen, garraiatzen zituen pertsonak asko animatzen zituelako, eta proposamen asko egin zituen zerbitzurako. Eguneko zentroen parte garrantzitsu bat da gidaria».

Izaskun Iraola da egun furgonetaren gidaria, eta aurrekoarekin alderatuta zenbait hobekuntza ditu: «Handiagoa da, bai luzeran eta bai zabaleran. Bederatzi eserleku ditu, eta egun bi aulki gurpildun sartzeko prestatuta dago, lau sartzeraino iritsi badaiteke ere». Egun Albiztur, Bidania-Goiatz eta Errezilgo erabiltzaileak daude, eta batzuetan Bidania-Goiazko eguneko zentrora joaten dira eta besteetan Errezilgora. Erabiltzaileen bila joaten da etxez etxe, eta egunero kilometro ugari egiten ditu. «Astero 500 kilometro eginez ibili izan naiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!