Tolosatik Belgradera

Egunak luzeak dira

Iñigo Terradillos 2017ko ots. 8a, 19:42

Tolosaldeko materiala gure biltegira bihar eramatea espero dugu. Errefuxiatuen egunak arintzera bideratutako ideiek duten garrantziaz jabetu gara.

Despedidarako prestatzen aritu gara bazkalorduan. Tolosaldetik genekarren arropa guztia gure biltegira eramateko moduan izango zirela azaldu digute goizean, eta agur eta eskertze moduan mokadutxoa hartzera gonbidatu genituen egun hauetan ezagutu eta elkar lagundu dugun oro. Txistorra, urdaiazpikoa, ardoa eta sagardoa. Grezian edota beste lekuren batean errefuxiatuekin lanean ari direnek eskertu zuten bereziki, hilabeteak baitaramatzate horrelakorik probatu gabe. Une atsegin horren ostean, ordea, gure sentimenduek bat-bateko aldaketa izan dute, berriro ere bihar arte itxaron behar zela esan digutenean. Hala balitz gaitzerdi!


Eguna beste zeregin batzuetarako baliatzeko aukera izan dugu, beraz. Trintxerpetik arroparekin etorritako lagunak ere arazoak izan dituzte aduanan. Oso ohikoa dela ari gara ikusten, batez ere giza laguntzekin datozenekin. Atzo iritsi ziren, eta ustez dokumentazio guztia behar bezala beteta zuten arren, uste baino gehiago itxaron beharra izan zuten. Bada, Belgradeko egoeraren berri eman, han eginiko lagun berriak aurkeztu edota janari eta arropa banaketa nola egiten duten azaldu diegu itxaronaldian. Guk alokatutako biltegia erabiliko dute euren materiala gordetzeko, eta gure arroparen banaketari jarraipena emango diote. 

Tren geltokiaren atzealdera joan, eta han bizi diren errefuxiatuekin hitz egiten hasi orduko gure arazo eta trabak txiki bihurtzen dira. Aurreko lerroetan aipatu moduan, norberak bere istorioa duen arren, finean errepikatu egiten dira. Euren lurretatik ihes egin dute, eta hilabeteak iraun duen bide gogorrak Belgradera eraman ditu. Atzean utzi dute familia, edo familiatik geratzen dena. Arriskutsuegia edo gogorregia dela bidea familia osoak egiteko diote. Familiak han jarraitzen du arriskuan. Beraiek, berriz, Serbian, ez aurrera ez atzera, beste lurralderen batera joateko mugak itxita baitituzte. Muga horiek gainditzeko saiakera, era berean, arriskuz betea izan daiteke. Poliziaren nahiz herritarren tratu txarra jasan beharra dute, berriro Belgraden amaitzeko. Eta, mugak gainditu eta beste lurralderen batera eramateko mafiak egoerari etekina ateratzen ari dira. Diru kopuru handi baten truke Austriara edo beste norabait eramateko promesa egiten dute. Eta, errefuxiatuak adingabeak asko diru hori lortzeko egitera iristen direna beldurgarria da. Prostituzio edota drogaren munduan barneratu direnen istorioak ere, tamalez, errepikatuz doaz.

Bada, zer aurpegirekin begiratu egunari arrisku, beldur eta ezjakintasunezko egoera batean? Nolakoak dira egunaren joan-etorriak tren geltokiaren atzealde gogorrean bizi diren ehunka pertsonentzat?

Ezer gutxi dago bertan egiteko. Horregatik, asko dira proiektu desberdinetan lanean ari diren boluntarioekin batera aritzen direnak, dela arropa banaketan, dela janari prestaketan eta banaketan edota garbiketetan. Boluntarioen mugimendua handia da, eta egunero aurpegi berriak ikusten dira. Ideia eta proiektu berriekin etortzen dira, eta, asko, pertsona hauen egunerokoa arintzera bideratuak. Suediar talde batek, esaterako ingeles eskolak eskaintzeari ekin zion lehengoan pabiloi baten barrualdean. Giro ederrean ari zen 15 pertsonez osaturiko taldea aulkietan eserita, hizkuntzaren oinarrizko hitzak eta esapideak ikasten.

Xede berarekin jarri dituzte saskibaloi sareak, futbolean jokatzeko ateen funtzioa egiten duten piboteak edota boleibol sarea. Futbolean ere jokatzen dute tarteka, baina, euren kirol izarra kriketa da. Egun osoan zehar ikusten dira kriketean jokatzen, horretarako egokitutako egur zati eta pilotekin. Samik 18 urte ditu, eta Pakistangoa da. Kriketa maite du. «Bertako talde batean jokatzen nuen nire herrian», dio. «Lehengoan taldeko kide batek deitu zidan, eta galdetu ea noiz itzuli behar nuen, ni gabe partidak galtzen dituztelako», esan du barrezka.

Tolosaldeko laguntzaren zati bat bertara bideratu den afariak emateko sukaldearen proiektuak ere asko du pertsona hauen egunak arindu nahi izatetik. Afaria eskaintzetik harago, errefuxiatuak beraiek egin nahi izan dira proiektuaren parte, afaria prestatzen laguntzen, eta tarteka musikaz alaituz ere bai.

Eguneko garbiketa, otorduak, ile-apaindegi inprobisatuan mozketak, bost errezoak, lagunekin hizketaldiak... eta hausnarketarako tarte handiak. Etorkizun argirik ez duten errefuxiatu hauentzat egunak luzeak dira tren geltokian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!