Tolosatik Belgradera

Krudelkeriaren gorena

Iñigo Terradillos 2017ko ots. 7a, 19:59

Mugak zeharkatzeak heriotzera eraman ditu errefuxiatu asko; bitartean, euren egoerari irtenbidea eman diezaioten laguntza eskaera etengabekoa da.

Lagundu mesedez europarrei gure egoeraren berri eman eta zulo honetatik atera gaitzaten!».

Zer erantzun ez dakizula geratzen zara une batez. Itxaropena ez ahitzea beharrezko dute, iluntasun amaigabe honetan argitasun pixka bat ikusi nahi dute, eta horregatik oso ezkorra ez izaten saiatzen zara. Baina, nola lagundu? Eta, batez ere, europarrek, Europak eta bertako agintariek ez al dakite ba gertatzen ari dena?

Erabat etsituta dagoen errefuxiatu honen itxaropena Europari bere mezua zabaldu, eta norbait hura laguntzera etorriko delakoan da. Esperantzarako argia piztuta mantentzen laguntzen diona horixe da. Europak, ordea, gauza bat esan, eta kontrakoa egiten du. Bete ez dituen hainbat promesa egin ditu. Giza eskubideak errespetatzen eta gizateriaren aurkako krimenetan nekez ikusten da Europaren esku hartzea. Europak mugak ixten ditu. Milaka errefuxiatu hartuko zituela onartu zituen ehunka batzuk baino sartzeko eskubidea izan dutenean. Asilo eskaerek zailtasunez beteriko bidea dute, amaiera ezkorrarekin kasurik gehienetan.

Eta zerrenda amaigabe honetarako orrialde honek nahikoa lerro ez dituenez, Ibrahim 30 urteko afganistandarraren lagunarekin izandako solasalditxoa gogoratzen jarraitzen duzu. Duela hiru egun saiatu ziren Hungariako muga gainditzen. Saiakeran geratu zen berriro, eta poliziak Serbiara bidali zituen. Hori bai, aurretik gainean zuten guztia lapurtu zieten, inolako kupidarik gabe. Mobilak, dirua -100-150 euro inguru pertsona bakoitzeko- zapatak. Bertan poliziaren ankerkeria ohikoa dela kontatzen du. Batzuetan lapurtu, besteetan jipoitu egiten dituzte, eta kasu batzuetan zakurrak botatzen dizkiete gainera. Hezurrak agerian uzten dituzten zauriekin, eskumuturrak edo txorkatilak hautsita, eta ubeldurez josita itzultzen dira Belgradera.

Duela egun gutxi beraien lagun bat horrelako saiakera batean hil zela ere gogoratzen du. Izoztuta zegoen ibaira erorita hil zen itota. «Irtenbiderik ez dut ikusten, eta askotan pentsatzen dut mundu hau ez dela niretzat», dio.

Ibrahim ingeniaria da, eta bere hirian eraikuntza enpresa batean lan egiten zuela kontatzen du, gosarira gonbidatzen zaituen bitartean. Txukun dute geltokiaren atzealdean egokitu duten gunetxoa. Tortila tipulekin. Txukuna hau ere. Unibertsitate ikasketak, lanpostu egoki bat eta bizitza egokia zuten, terrorismoaren ondorioz euren lurraldeak uztera behartuta sentitu diren arte. Egun hauetan behin eta berriro entzun dugun istorioa da. Euren egunerokoaren zailtasunei eta etorkizunaren ziurgabetasunari, etxean geratu diren familien etengabeko arriskuak sortzen duen ezinegona batu behar zaio.

Gosaria eta eskainitako une atsegina eskertu eta euren bizilekutik aldentzearekin RAS (Refugees Aid Serbia) elkarteko Lisbeth-ek esana gogoratzen duzu. Mugak itxita baldin badituzte, eta poliziaren egitekoa muga horiek kontrolpean izatea baldin bada, zer behar ote dago pertsona hauei horrelako tratua emateko? Jipoiak eta lapurretak oso ohikoak dira muga horietan, eta askorentzat okerrena entzun behar izaten dituzten irainak dira. «Terroristak deitzen gaituzte guk terrorismotik ihes egin beharra izan dugunean gure familiak han utzita!», kontatu zion errefuxiatu batek urte luzez Serbian lanean ari den espainiarrari. «Gizakiaren krudelkeriaren gorena da».

Nazio Batuen arabera, 2016ko martxoan Kroazia eta Hungariako mugak itxi zituztenetik 8.000 errefuxiatu eta migratzaile daude Serbian ez atzera eta ez aurrera. Horietatik erdiak haurrak dira. Dituen arriskuez jabetuta ere, mugak zeharkatzen saiatzen jarraitzen dute askok. Beste askok egoera gogor honi probetxua ateratzeko sortutako mafien bitartez egiten dute beste lurralde batera joateko ahalegina.

Bitartean, laguntza eskaerak tren geltokiaren atzealdeko guneko hormetako pintaketetan errepikatzen dira. «Lagundu gaitzazue», «Ez dugu zapatarik», «Bonbak ez, janaria bai», «Ez gaitzazue ahaztu», «Libre bizi nahi dut», «Inork ez du bere etxea uzten, etxea tiburoiaren ahoa ez bada»... Bere bizitokirantz doa gazte bat. Pauso motelean, pentsakor. Urrutiko horman pintaketa bat. Bertan jartzen duena da azken batean guztiek buruan dutena: «Etxean egotea da nahi dudan gauza bakarra».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!