Lau pertsona atxilotu dituzte Tolosan, hainbat emakume sexualki esplotatzea egotzita

Ataria 2017ko otsailaren 6a

Emakume bat, haren alaba eta bikotekideak dira atxilotutakoak. Poliziak sexualki esplotatuak ziren bost emakume askatu ditu.

Espainiako Poliziak sexualki esplotatzen zituzten bost emakume askatu ditu Gipuzkoan eta Kantabrian. Pertsona anonimo batek emakumezkoen salerosketa salatzeko telefonora (900 105 090) deitu zuen, eta hitzorduak antolatzen zituen talde baten berri eman zien ikertzaileei. 

Lau pertsona atxilotu dituzte Tolosan burututako operazioan, eta, emakumeak sexualki esplotatzeaz gain, droga eskaintzen zieten bezeroei. Deia jaso ostean, ustez emakumeak esplotatzen ari ziren tokira joan dira poliziak. Proxeneta talde baten biktima zela zioen emakume bat aurkitu zuten bertan. Haren esanetan, eguneko 24 orduetan prostituitzera behartzen zuten hainbat etxebizitzatan.

Horrez gain, une oro kontrolpean zutela esan zien agenteei, eta kalera irteten zenean proxeneta batek laguntzen ziola. 

Emakume batek, haren alabak eta bikotekideek egiten zuten lan desegin duten taldean. Matriarka arduratzen zen nesken bidaiak antolatzeaz, bidaia-txartelak erosteaz eta beste gastuetarako dirua aurreratzeaz gain. Ondoren, biktimak taldearen kotxe batean jasotzen zituzten, etxebizitzetako batera eramateko. Ikertzaileen esanetan, gutxienez hiru etxebizitza erabiltzen zituzten hitzordu horietarako, Gipuzkoan eta Kantabrian; horietako bat Tolosan miatu dute gaur arratsaldean.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!