Biziberritzen zaituzten, indarra eman eta aurrera jarraitzeko nahia pizten dutenak. Irribarrea ateratzen dizutenak. Une berezi horietako bat larunbat arratsalde-iluntzean bizitu genuen. Errefuxiatuen gune beltz, ilun eta tristean ezohiko argazkiaz gozatu ahal izan genuen. Eta, dagoeneko esan dezakegu, Tolosaldetik iritsitako laguntzak zerikusi zuzena izan duela horretan.
Bruno asturiarrak azaldu zigun proiektua hasieratik iruditu zitzaigun interesgarria. Belgradera egoera tamalgarrian iritsi eta gutxieneko baldintzarik gabe bizi behar duten errefuxiatuentzat eguneko otorduak edukitzea zailtasun bat gehiago da euren egunerokoan. Horregatik, otordu baten banaketa egiten die gobernuz kanpoko erakunde batek, hainbat boluntarioren laguntzarekin. Askok, ordea, horrekin konformatu beharra izaten zutela ikusita, bigarren bat eskaintzeko proiektua martxan jartzea zuten buruan. Bazuten eskarmentua, Grezian asteak igaro baitituzte laguntzen.
Bada, azken egunetan hori eskaini ahal izateko materiala erosten, tren geltokiaren atzealdean lekua egokitzen eta boluntarioak antolatzen egon eta gero, larunbatean eskaini ahal izan zuen taldeak lehendabiziko afaria. Arratsaldeko bostak ingururako porru patatak egiteko osagaiak, ontziak, sukaldetxoa, eta gainerako erramintak lekutu zituzten barrakoietako gune batean, eta jatorri ezberdinetako boluntarioak -espainiarrak, kataluniarrak, euskaldunak- eta gu tartean, eta baita errefuxiatuak ere, sukaldatzeari ekin genion.
Batzuek porruak eta tipula xehe-xehe moztu, patatak zuritu besteek, horiek zati txikietan ebaki beste talde batek... Guztientzat zegoen lana, eta bitartean, batekin eta bestearekin solasalditxoak: «Zein da gehien gustatzen zaizuen platera?» «Pulaoa, arroza, azenario eta mahaspasekin. Afganistango ohiko platera da». «Ba al dakizue sukaldatzen?» «Plateren bat edo beste bai, baina, errazenak; tarteka amari laguntzen diot», zioen Aseefek barre artean.
Musikak borobildu zuen gune horretako giro polita. Bi emakume serbiarren laguntzarekin pashto musika jarri zuten entzungai bozgorailuetatik. Ez dakigu euren egunerokotasun ilun horretatik aldentzeko nahia izango den, baina, gazte horiek ez dute gehiegi behar dantzari ekiteko, eta segituan ausartu ziren erdigunera irten eta euren dantza tradizionalak egitera. Ikuskizun ederra benetan.
Hiru orduren buruan 500 pertsona ingururentzat afaria prest zegoen. Ilara luzea ederki antolatu, eta ontzitxoetan banatu zitzaien, birritan edo hirutan ere errepikatzeko aukera izan zutelarik. Eta musika eta dantzak afalostean izan zuen jarraipena. Bigarren otorduarena garrantzitsua da, eta beharrezkoa, baina egunean tartetxo batean bizitzaren gogorrak albo batera utzi eta alaitasun pixka batez bustitzea ere ezinbestekoa da.
Tolosaldean jasotako diru laguntza 25.000 euro ingurukoa izan da. Arropa Belgradera ekartzearen gastua, bidaiarena, biltegi bat alokatzea kontuan hartuta, era gehiagotan laguntzeko aukera bazegoela ikusi zuen Tolosatik iritsitako seiko taldeak. Are gehiago egoeraz hobeto jabetu eta dauden beharrak gehiago ezagutu ostean, eta horregatik, bigarren otordurako proiektuan laguntzeko erabakia ez zuten gehiegi pentsatu beharrik izan. Emaitzak erakutsi zuen merezi zuela.
ARGI-ILUNAK
Une gogoangarriak egon diren moduan, zailek ere bere lekua izan dute bidaian zehar. Zailtasun handienak Tolosan bildutako arropa Belgradera ekartzeak sortu ditu. Bilketak aurreikuspen guztiak nabarmen gainditu zituen, eta bi kamioi handitan kargatu beharra izan zen material guztia, 220 zaku handi. Lehendabiziko aldaketa hortxe eman zen, beraz, bi furgoneta bete arropa eman ordez, furgoneta bat eta bi kamioi.
Furgonetan sei pertsonaz osaturiko taldea eta arropa pixka bat ekarri genuen, eta batere zailtasunik gabe 31 orduko bidaia burutu eta gero egin genuen Belgradera sartzea. Kamioiak hurrengo egunean, astelehenean, aterako ziren Tolosatik, hiru eguneko epean iristeko. Hori zen garraiatze enpresak jarritako epea; beraz, ostegunerako, edo gehienera ere, ostiralerako espero genituen bertan.
Belgraden lanean ari diren gobernuz kanpoko erakundeetako batekin genuen hitz eginda arropa genekarrela, eta euren bitartez kudeatzekotan geratuak ginen. Konturatzen joan ginen ordea, arropa hori guztia banatzea ez zela hain erraza izango, bai elkarteak berak dituen azpiegiturengatik, bai eta lanean ari den jendearengatik ere. Gainera, dokumentazio gehiagoren beharraz ere jabetzen joan ginen.
Zailtasunak ikusita, elkartekoen gomendioei jarraituz eta bigarren kamioiaren gastuak murrizte aldera, kamioi bat Tolosarako bidean jartzea zela erabaki egokiena ikusi zuen taldeak, lehendabiziko kamioia iritsi eta banaketak ondo egingo zirela ziurtatu arte. Orduan, lehena iristerako guztia pronto edukitzeko lanetan buru belarri jarri behar zen.
100 m2 inguruko biltegia behar zen. Hainbat ikusi eta gero egokia izan zitekeena topatu genuen Belgrad hiriburuaren kanpoaldean, eta bertan hustu genuen furgonetan generaman zama. Bi hilabeterako alokatzeko tratua egina dago jabearekin, epe hori egongo da, beraz, arropa guztiaren banaketa egiteko.
Biltegia topatzea erraza izan da kamioiaren dokumentazioa osatzearekin alderatuta. Zama guztia xehetasun handiagoz azaldu beharra zegoen, eta giza laguntzetara bideratutako materiala izaki, dokumentazio osagarria ere behar zuen. Era berean, aduanetako hainbat agentzik material mota horiekin lan egitea ekiditen duela ere konturatu gara.
Dokumentazio faltaren, gaizki ulertuen eta kamioiaren atzerapena tarteko ostiral gauean iritsi zen kamioia Belgradera. Larunbat goizean ikusi ahal izan genuen kamioia. Baina, sentitu genuen pozak ez zuen gehiegi iraun, aduana igarotzea bere gain hartuko zuen agentziarik ez baitzegoen. Une batez bueltako bidea hartuko zuela ere pentsatu genuenean, astelehen goizean paper guztiak egingo zituen agentzia topatuko zuela azaldu zigun garraio enpresako jabeak. Kamioia han utzita aduana horretatik aldendu ginen astelehen goizean guztia ondo bidean jarriko zenaren itxaropenarekin.
BITARTEAN, LANEAN
Itxaroteak eta bidaia halabeharrez luzatzeak aukera eman digu hiri honen erdigunean gertatzen ari dena zertxobait gehiago ezagutzeko. Proiektu gehiagoren berri ere izan dugu, Iruñeatik egurra banatzera etorritako suhiltzailena, kasu. Arropa banaketan parte hartzen jarraitu dugu, baita afari banaketan ere bigarrenez. Pixkana errefuxiatuen aurpegiak ezagun egiten dira, hainbestetan gurutzatzen dira eurekin agurrak eta solasaldiak mantendu.
Laguntzera datozenen kopurua handia dela eta handituz doala konturatzeak ere itxaropena ematen du. Batez ere, norbanakoari begiratzera ohituta dagoen gizarte honekiko. Adin eta jatorri ezberdinekoak dira boluntarioak. 18 urteren bueltakoak topatzen direnean are eta bereziagoa da. «Egoera latza zela ikusi nuen, laguntzeko deialdia luzatu zuten, eta joateko beharra sentitu nuen», azaldu du 19 urteko madrildar neska batek. Bejondeiola!
ADUANAN ZAIN
Gaur, astelehena, zortzi ordu itxaron behar izan dugu aduanan. Ezjakintasun eta ziurgabetasunez beteriko orduak izan dira. Lehendabizi zain egoteko, gero beste aduanara eraman behar zela, zapatekin arazo handiak izango genituela -zailtasunak ekidi aldera zapatak generamatzala ez zen aipatzen paperetan-...
Eta, azkenean lortu dugu! Aduanatik ateratzeko baimena eman, eta biltegi enpresa batera bideratu ahal izan dugu kamioia. Hango langileei kamioia hustutzen lagunduz benetan gozatu dugu. Lehen egunetik horixe genuen buruan, kamioia iritsi eta Tolosan kargatutako guztia Belgraden hustutzen ikustea. Bihar, etzi edo etzidamu mugituko dute bertatik alokatu dugun biltegira, eta handik antolatuko da banaketa.
Agian une hori ezingo dugu ikusi, gure egonaldia uste baino gehiago luzatu delako, baina bildutakoa iritsi eta ondo banatuko denaren sentsazio onarekin itzuliko gara.