Makil hotsa iratzargailu

Tolosaldeko Ataria 2017ko otsailaren 4a

Eskualdea kantuan jarriko du, gaur, otsailaren 4ak, eta badira goizean goizetik Santa eskean hasi diren herriak.

Atzo eztarriak sendatzeko usadioei eutsi eta, haren babesaz, gaur eztarriak berotu eta kantatzea da Euskal Herriko egutegietako legea. Eta, Santa Ageda bezperan kantatuz zerbait egiten bada, horixe da: legearekin kunplitu.

Bada, iaz otsailaren 4ko usadioa Ostegun Gizenaren lehertzeak zertxobait estali bazuen ere, aurten eguna makil-hotsena eta koplena da, oso-osorik. Horregatik, asteburuaren oparia probestuz, Ibarrako Hauspoa elkarteak egun osoko plana prestatu du, Santa eskean aritzeko. Goizean plaza eta ikastola inguruko etxeetan barrena ariko dira, oles eginez eta, bazkari legeari ere men egin eta gero, Izaskun aldera igoko dira, urtero bezala.

Datozen urteetarako, belaunaldi berriei dei egin diete ohitura zaharra berritu, eta parte hartzera.

Villabonan, Zubimusu ikastolakoak kalean

Villabonan goizez kalera irten direnak Zubimusuko ikasle, irakasle eta gurasoak izan dira. Herria zeharkatu ondoren, Errebote plazan mokadutxo bat jateko aukera izan dute. Bertan, ikas amaierako bidaia antolatzen dabiltzan ikasleak pintxoak zituzten prest.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!